euskaraespañol

Eneko Knörr, ekintzailea eta business angel-a

«Euskaldunok ekintzaile espiritua dugula esan ohi da, baina hori galdu egin zen uneren batean»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/09

Eneko Knörr
Eneko Knörr. Argazkia: UPV/EHU.

Bere inbertsioak esponentzialki biderkatzeko gakoa du, bai eta usaimen zorrotza ere oraindik lehen pausoak eman ez dituen negozio on bat hautemateko. Eneko Knörr nazioarteko business angel ezagunenetako bat da (enpresa proiektu berrien hasierako fasean sartzen diren inbertitzaile txikiak). Horrez gain, Angelcluben sortzailea ere bada (startup-en inbertsio kluba), baina, bereziki, UPV/EHUko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean graduatutako ekintzaile bat da. Enpresa Institutuak bere masterrei buruzko ziklo bat antolatu duela eta, Knörr bere ibilbideari buruzko hitzaldi bat ematera itzuli da ikasketak egin zituen ikasgeletara, eta, bide batez, harekin hitz egin dugu bere lanbideari buruzko sekretuez.

“Nire hitzaldietan ekintzailetza istorio bati buruz hitz egiten dut. Jendea ekintzaile izatera animatzea gustatzen zait; izan ere, enpresa propioa sortu nahi duen oso jende gutxi dago oraindik, eta alde batetik ulertzekoa da, oso bide zaila baita”, ohartarazi du arabarrak, zeina ekintzaile tradizio zabaleko familia batetik baitator.

Zer izan behar du ekintzaile batek? Badago funtsezko ezaugarririk?

Lan egiteko gaitasuna, anbizioa, garai txarrak azkar gainditzen jakitea, zoritxarrez ekintzailetzan halako asko gertatzen baitira…

Eta business angel batek? Nolakoa izan behar du?

Business angel bat, normalean, ekintzaile gisa esperientzia ona izan duen eta startup-etan (hasi berri diren eta hazteko aukerak dituzten enpresak) inbertitzen duen pertsona da. Alde batetik, zu hasieran egon zinen egoera berean dagoen jendeari laguntzeko bultzada sentitzen duzu, eta, bestetik, errentagarri izan daitezkeen proiektuetan inbertitzekoa, noski.

Errentagarria izan zen, esaterako, Ticketbis sarrerak birsaltzeko webgunearen kasua: Eneko Knörrek proiektuaren hasierako fasean inbertitu zuen; gero eBay-ri saldu zitzaion, eta irabaziak nabarmen ugaritu ziren. Nola lor daiteke inbertsio bat 40 bider handitzea?

Badago zerbait oso erabakigarria dena: zortea (kar-kar-kar). Baina gero, startup-etan inbertitzean, garrantzitsuena proiektu onak aurkitzea da. Proiektuak lehenbizi zugana etor daitezen lortu behar duzu; izan ere, inork ez bazaitu ezagutzen, beste batzuengana joan eta ezetza jaso duten horiek etorriko zaizkizu, hau da, nolabait esateko, errebotean datozenak. Proiektu interesgarriak zugana etor daitezen, leku guztietan egon behar duzu, eta jende asko ezagutu; horixe da gakoa.

Zein irizpide erabiltzen dituzu proiektuak lortzeko? Nola hautatzen dituzu, edo nola bereizten dituzu proiektu onak eta txarrak?

Hasiera-hasierako faseetan inbertitzen dut, eta fase horietan oraindik ez dago emaitzaren bat ziurtatzen duen daturik, hau da, proiektura aurrerago batuko banintz, kontuan hartu ahal izango nuke fakturazioa handitzen ari den ala ez, baina hasierako fase horietan askotan jendeak ez du proiektua kalean ere; hortaz, ez dut ezer froga dezakeen daturik. Horregatik, oso garrantzitsua da proiektua gidatzen duen taldea. Ekintzaile batekin hitz egiten duzunean, pertsona hori egokia dela sentitu behar duzu, ez da batere objektiboa. Askotan, sentitzen duzu pertsona horrek ondo egingo duela, lortuko duela; azken batean, sentsazio ona eman behar dizu pertsonak.

Hortaz, burua baino gehiago, bihotza da, ezta?

Hasiera horretan, asko bihotza da, bai, sentsazio moduko bat delako, eta gero burua dago, taldean oinarritzen zara eta: baliteke pertsona horiek esperientzia izatea ekintzailetzan, edo ondo ezagutzea zein merkatutan sartuko diren, edo talde orekatua izatea askotariko ezagutzak dituztelako… Datu horiek objektiboagoak dira.

Buruaren eta bihotzaren konbinazio horri esker, beste arrakasta batzuen artean, estatuko business angel onentzat jo zaituzte. Zein proiektuz zaude harroen?

Bada, 2000. urtean Hostalia izeneko hosting enpresa bat sortu nuen (web ostalaritza), eta arrakasta izan zuen: sektoreko enpresa nagusietako bat bihurtu zen estatuan. Gero, sektoreko bigarrenak erosi zigun (orain Telefónicarena da).

Zure arrakastez hitz egin dugu, baina zure ibilbidean porrotak ere izango zenituen. Okerren batek markatu al zaitu? Inoiz pentsatu al duzu damututa zaudela, beste horretan inbertitu behar zenuela edo, guztiz kontrakoa, ez zenuela beste horretan inbertitu behar?

Bai, gauza batzuek ihes egin didate. Besteak beste, aspalditik ezagutzen nituen gertuko lagun batzuen enpresa batean inbertitzeko aukera izan nuen, eta ez nuen inbertitu, baina hori ez da nire lanbidea, eta, hortaz, normala da. Ezin dut parean jartzen zaidan guztian ere inbertitu. Eta, porroten artean, benetan frustragarria izan zen Silicon Valley-ko nire azken startup-etako batena; izan ere, ahalegin handia egin genuen, eta azkenean, hainbat arrazoirengatik, porrot egin zuen. Gogorra izan zen, eta irakaspen handia. Merkatuak ez zigun lagundu; teknologia baten alde egin genuen, eta ez zuen osperik lortu. Gainera, gero, talde txinatar baten inbertsio proposamena izan genuen, denbora luzea eman genuen horrekin, eta, azkenean, azken momentuan, atzera egin zuten, eta lur jota utzi gintuen. Zorte txarra ere izan genuen hor.

Hori guztia gorabehera, animatzen al dituzu enpresa ikasketak egin dituzten ikasleak zurearen moduko ibilbide bati ekitera?

Bai, bai, noski, horretan saiatzen naiz, hain zuzen. Nire hitzaldietan ekintzaile espiritua sustatzen saiatzen naiz. Beti esan izan da euskaldunok oso ekintzaileak izan garela, ekintzaile espiritua dugula, eta nik uste dut uneren batean, belaunaldiren batean, galdu egin zela espiritu hori. Orain, kontua aldatzen ari da oro har; ekintzaile izatea modan dagoenez, hobeto ikusia dago, baina duela 10 urte norbaiti esaten bazenion ekin egingo zenuela, hau da, enpresa edo proiektu bat sortuko zenuela (ekin hitza nahiko berria baita zentzu honetan), erotzat hartzen zintuzten. Ez zenuen zure lagunen babesik, ezta familiarena ere; are gehiago, barre egiten zizuten.

Eta, zure ustez, krisiak izan du eraginik ekintzailetza orain beste modu batera ikustean?

Ez dut uste ekintzailetza krisiari edo langabeziari aurre egiteko irtenbide bat denik; are gehiago, okerra iruditzen zait planteatzea… “ea, orain hainbat mila langabe daudenez, mundu osoa ekitera”. Mundu guztiak ez du ekiteko balio, ez dago mundu guztia horretarako prestatua, ez da edonorentzat. Hain zuzen ere, hitzaldietan nire ibilbidean izandako arrakastak eta porrot handiak kontatzen ditut ikus dadin zer gogorra den, askotan oso gogorra baita. Une batzuk hain izango dira gogorrak, ezen agian ez baitizu merezi; jendea ez da horretaz konturatzen. Azken batean, estatistika ekintzailearen aurka doa, eta, hala ere, ekin egiten dugu.