euskaraespañol

Auzo osoen birgaitze energetikoa, zero energiako barrutiak lortzeko

Barruti mailako berrikuntza integraleko jarduerak egiteko metodologia sinplifikatu bat aurkeztu du ENEDI taldeak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/10

Irudia
Álvaro Campos, Ane Goenaga, Milagros Álvarez eta Jon Terés, EnePoMap proiektuaren ikerlariak Bilbon. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

UPV/EHUko ENEDI ikerketa-taldeak metodologia orokor bat proposatu du hiriguneetako bizitegi-zonen birgaitze energetiko integrala egiteko. Metodologia horretan, barrutiko eraikin baliokide bat definitzen da, eremu horretako inbentario batetik abiatuta. Horri esker, berregokitze energetikoko plan bat lor daiteke, energia-errendimenduarekin lotutako helburu jakin batzuk betetzeko urtean ahalik eta kostu txikiena eraginez, zero energiako barrutiak lortzea izanik helburu.

Egungo klima-krisiaren ondorioz, premiazkoa da neurriak hartzea eraikuntza-parkearen eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Kontuan hartuta banakako eraikinen kontsumo espezifikoa nahiko baxua dela, gaur egun gero eta ohikoagoa da banakako mugatik harago joatea; kontsumo ia nuluko eraikinen printzipiotik abiatuta, hiri-barrutiko eskalara igaro da, arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegitik, eta horrek zero energiako barrutien kontzeptua ekarri du, gero eta interes handiagoa pizten duen kontzeptua: urteko energia-kontsumo netoa zerotik hurbil duten barrutiak.

“Europako, estatuko zein autonomia-erkidegoetako politikek aintzat hartzen dute eraikinen birgaitze energetikoa. Daukagun eraikuntza-parkea oso zahartuta dago; auzo asko desarrollismo-garai betean eraiki ziren, eta, horrenbestez, auzo horietako eraikinak oso homogeneoak dira”, azaldu du Álvaro Campos UPV/EHUko Energia Ingeniaritza Saileko ingeniaritza termikoko doktoreak. Alde horretatik, barruti mailako edo tipologia erreproduzigarri jakin batzuen araberako planteamenduak egiten hasi zen ENEDI (Energetika eraikuntzan) ikerketa-taldea —zeinetako kide baita Campos—, igorpenak eta energia-kontsumoak murrizteko irtenbide-paketeak lortzeko. Barruti globalari zero energiaren helburua ezarriz gero, energia-errendimenduen ekarpenak eta ekoizpen-aukera erabilgarriak kontuan hartzen dituen estrategia erabiltzeak aukera ematen du aniztasuna aprobetxatzeko, eta beharrak, kostuak eta baliabideak partekatzeko.

Ikuspegi soziala integratzeko bidean

Halaxe lortu du taldeak barruti mailan berrikuntza integraleko jarduerak egiteko optimizazio-metodologia sinple bat. Metodologia aplikatzeko, erabiltzaileak oso informazio gutxi behar du, eta, gainera, aukera ematen du energia aurrezteko neurriak hautatzeko, baita energia hornitzeko sistemen aukera zabal baten artetik nahi diren diseinua eta funtzionamendua hautatzeko ere. Metodologian, barrutiko eraikin baliokidearen kontzeptua sartu dute, zeina barrutiaren energia-eskari globala adierazten duen eraikin birtual gisa definitu baita. Horrekin guztiarekin, energia-kontsumo jakin bat asetzeko kostu txikieneko konponbide bat bilatu nahi da, lotuta egongo dena berokuntza-sarearen diseinu espezifikoarekin, eraikinak sarera lotzeko ekintza jakin batzuk zehaztearekin eta abarrekin.

Metodoa oso tresna egokia da, halaber, hiriko berokuntza-sareen atariko azterketa egiteko. Oso sinplea denez, diseinuaren hasierako faseetan erabiltzeko prestatuta dago batez ere; garapenaren fase aurreratuagoetan, azterketa zehatzagoa egin beharko litzateke. “Sinplifikazio bat da, eta, sinplifikazio oro bezala, zehaztasun pixka bat galtzen dugu. Baina uste dugu onargarria dela, batez ere ikuspegi askoz globalagoa ematen duten tresnak behar direlako. Gainera, erabaki politikoak hartzeko, oso interesgarria izan daiteke auzoak unitatetzat hartzea, gero xehetasunetan sartu behar bada ere”, dio Camposek.

Metodologia hau Bilboko Otxarkoaga auzoan aplikatu dute, hain zuzen “gizarte-bazterkeria maila izugarriak dituen auzo batean. Orduan, giza aldagaia, alderdi soziala, ikerketan integratzeko beharra ikusi genuen. Finantziazioa lortu dugu energia-kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarriak eta teknologia eraginkorragoak integratzeko neurri horiek guztiak alderdi sozialarekin bateratuko dituen proiektu bat garatzeko, energia-pobreziako egoerei aurre egiteko helburua ardatz harturik. Izan ere, irtenbideak aktoreen gaitasunei doitzen ez bazaizkie, benetan eragiteko gaitasunik ez duen errealitate bat sortzen ari gara”, dio Camposek.

Erreferentzia bibliografikoa