euskaraespañol

Enrique Echeburúa irakaslea Espainiako Psikologia Akademian sartu da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/12

Irudia
Enrique Echeburúa irakaslea Espainiako Psikologia Akademiako kide izendatzeko ekitaldian | Argazkia: UPV/EHU

Enrique Echeburúa irakaslea, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoko katedradun emeritua eta Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Euskal Akademia) akademiko osoa, Espainiako Psikologia Akademiako kide hautatu dute. Akademian sartzeko hitzaldia eman zuen, "Retos de los tratamientos psicológicos en la práctica clínica ante las nuevas demandas terapéuticas" gaiari buruz, eta Javier Urra akademikoak erantzun zion. Ekitaldian izan ziren Gabriela Chotro, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko dekanoa, eta Izaskun Ibabe, Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia saileko zuzendaria.

“Espainiako Psikologia Akademiara sartzeak gogobetetzen nau, batez ere, nire merezimenduak aitortzeaz gain, oraindik irakasle emeritu gisa jarraitzen dudanean jarduera intelektual betean. Eskerrak eman nahi dizkiet Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateari eta nire lantaldeko kideei, gaur egun Espainiako hainbat unibertsitatetako irakasle direnak. Izan ere, gogo handiz, leialtasunez eta ondo jardunez, nire inguruan lan giro atsegina sortu dute urteetan. Arrakasta ez da inoiz pertsona bakar batena. Nire lan intelektuala konpromiso etiko bati lotuta dago. Ez dut beste modu batera ulertzen. Gure funtzioaren aitorpen soziala lortu behar dugu, baina gure buruarekin ere oso zorrotzak izan behar dugu. Gure jarduera denon zergekin finantzatzen bada, gure betebeharra da harengandik jasotzen dugunaren zati bat gizarteari itzultzea”, nabarmendu zuen Enrique Echeburúak bere hitzaldian.

Echeburúa irakaslea, zeinari oso-osorik Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) egindako jarduera akademiko eta ikertzailea aitortu zaiona, Biktimologiako Euskal Elkarteko presidentea eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren Osasun Mentaleko Estrategiaren koordinatzailea (2013-2015) izan da.

Sexu erasoen eta indarkeria matxistaren biktimentzako eta tratu txarrak ematen dituzten gizonentzako berariazko tratamendu programa jarri ditu abian, eta neurketa tresnak sortu ditu eremu horietan, bereziki indarkeria delituen biktimen artean bikotekidearen aurkako indarkeriaren eta trauma osteko estresaren nahasmenduaren arriskua ebaluatzeko.

Bere egungo ikerketa ildoak sexu indarkerian eta bikotekidearen aurkako indarkerian eta jokabide adikzioei (jokoaren nahasmendua eta sare sozialekiko mendekotasuna) buruzkoak dira. Gizarte Zientzien arloko 2017ko Ikerketako Euskadi Saria jaso du, bere ibilbide zientifiko eta ikertzaileagatik.