euskaraespañol

Laura Rojas-Marcos, Psikologia Klinikoko eta Osasunaren Psikologiako doktorea

«Gure osasun fisikoa zaintzea bezain garrantzitsua da gure osasun mentala zaintzea; biek behar dute elkar eta elkar osatzen dute»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/23

Irudia
Laura Rojas-Marcos Uda Ikastaroen egoitza den Miramar Jauregiaren lorategian | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Laura Rojas-Marcos (New York, 1970) Psikologia Klinikoko eta Osasunaren Psikologiako doktorea, psikoterapeuta, ikertzailea, idazlea eta hizlaria da. Psikologia Klinikoan lizentziatua da, New Yorkeko Unibertsitatean, eta Psikologian masterra dauka, New Yorkeko Albert Einsteinen Yeshiva Unibertsitatean. 2001ean, I-11ren ostean, Gurutze Gorriko boluntarioa izan zen, eta laguntza psikologikoa eman zien biktimei. Laura Rojas-Marcosek Udako Ikastaroen edizio berriko inaugurazio hitzaldia eman zuen joan den asteartean.

Hitzaldian, aldaketen kudeaketa osasuntsuari buruz hitz egiten du. Zeintzuk dira aldaketa horiek pairatzen lagundu ahal diguten estrategiak edo metodoak? Nola ikasten dugu horiek kudeatzen?

Bizitza aldaketa da, eta aldaketa bizitza. Aldaketetara egokitzen ikasteak gure indarguneak, mugak eta trebeziak ezagutzea eta horiek modu zuzenean erabiltzea dakar. Aurre egiteko estrategiak ikastea ezbeharra gainditu ahal izateko ikasgairik garrantzitsuenetakoa da. Hala ere, horretarako, honako hau egin behar dugu: ikas gaitzaten utzi, gure ikaskuntza estiloa ezagutu, gure burua ezagutu, konprometitu, jarrera proaktiboa izan eta ohitura osasuntsuak garatu.

«Aurre egiteko estrategiak ikastea ezbeharra gainditu ahal izateko ikasgairik garrantzitsuenetakoa da»

Pandemia aldi zaila izan da, eta zauri asko eragin ditu. Min handia.

Bai, guztiok sufritu dugu, eta zerbait edo norbait galdu, neurri handiagoan edo txikiagoan. Minarekin, gure beldurrekin, besteen beldurrekin eta segurtasun ezekin batera bizi behar izan dugu, baina, batez ere, ziurgabetasun sentimendua kudeatzen ikasi behar izan dugu.

COVID-19aren ostean, osasun mentalari buruzko eztabaida zabaldu da. Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste emozioei buruz hitz egitea? Zergatik ez diote arretarik jartzen erakundeek?

Covid-19a agertu denetik, osasun mentalarekiko interes handiagoa identifikatu da. Izan ere, norberaren osasun emozionala zaintzearen garrantziari buruzko kontzientziazio handiagoa dago, baita gure bizikideena (familia, lagunak, bizilagunak eta lankideak) zaintzearen garrantziari buruzkoa ere. Gure osasun fisikoa zaintzea bezain garrantzitsua da gure osasun mentala zaintzea; biek behar dute elkar eta elkar osatzen dute.

Luis Rojas-Marcos psikiatra ospetsuaren alaba da; aita erreferentea edo oztopatzen duen itzala da?

Niretzat, aita erreferentea eta mentorea da; gauza asko irakatsi dizkit, eta beti egongo naiz berarekin eskertuta. Baina, batez ere, nire aita da, oso pertsona garrantzitsua. Harreman ona daukat berarekin, elkarrizketa politak dauzkagu eta zenbait interes partekatzen ditugu, hala nola musika, kirola (berak korrika egiten du, nik mendi-ibiltaritza egiten dut) eta pintxoak hartzera joatea.

Terapeuta terapeutarengana joaten da?

Noski, baldin eta behar badu eta zailtasunen bat hobetzen edo kudeatzen laguntze badio. Guztiok pasatzen ditugu une zailak bizitzan, eta egunero sufrimenduarekin, minarekin eta heriotzarekin lan egiten duzunean, zure burua zaintzen ikasi behar duzu. Ez dezagun ahaztu zaintzaileak ere zaindua izan behar duela.

«Ez dezagun ahaztu zaintzaileak ere zaindua izan behar duela»

New Yorkeko I-11ko eraso terroristaren biktimei arreta eta laguntza eman zien. 15 urte eman zituen 0 eremura itzultzeko…

Nire bizitzako esperientziarik gogorrenetakoa eta zailenetakoa izan zen. Izugarri markatu ninduen. Une horretan, beste pertsona askok bezala, laguntza behar izan nuen minari eta heriotzari aurre egiteko.

Iraganarekin bakeak egin ahal dira?

Ahal da, eta ona da egitea. Iraganarekin bakeak egiteak ez du esan nahi ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzea. Are gehiago, zintzotasunetik onartzeko prozesua da. Mina askatzea da, fintasunez eta errespetuz.

Bere azken liburuan, ‘Convivir y compartir’ (Grijalbo, 2021) izenekoan, diziplinaren, borondatearen, konpromisoaren eta gure konfort-zonatik ateratzearen garrantzia nabarmentzen du

Norberarekin eta besteekin elkarbizitza ona izateko funtsezko oinarrietako batzuk dira. Gure buruarengan konfiantza izaten ikasteko zailtasunei praktikatik aurre egiten ikasi behar da. Horretarako, helburu edo xede batekin konprometitzen ikasi behar dugu, borondatea izan behar dugu eta frustrazioa onartzen ikasi behar dugu. Ausarta izaten ikastea prozesu zaila da; izan ere, konfort-zonatik ateratzea dakar. Askotan antsietatea eragin dezakeen arren, ez dugu ahaztu behar prozesu hori ez dugula zertan bakarrik egin. Laguntza eskatu ahal dugu.

Ahaleginaren kultura gehiegi goratzeak ez al du honako pentsamendu hau sortzen? Norbaiti gauzak txarto ateratzen bazaizkio, nahikoa ahalegindu ez izanaren ondorioa da.

Bizitzako gainontzeko esparruetan gertatzen den moduan, zailtasunei gogortasunez eta zorroztasunez edo zintzotasunez eta gure erritmoa jarraituz aurre egin ahal diegu. Arrakastak eta porrotak kudeatzen ikustea prozesu zaila da pertsona gehienentzat. Gure helburuak lortzeko aplikatutako ahalegina eta energia hazteko eta norberaren autonomia eta konfiantza garatzeko modua den arren, gure akatsetatik ere ikasi behar dugu, eta egin ezin dezakeguna onartu. Uste dut garrantzitsua eta ona dela helburu bat eta ilusioak izatea, baina, horrez gain, jarrera baikorra eta errealista izan behar dugu.

Bestalde, bere ustez, gatazkek hazkuntza pertsonalerako balio dute askotan. Ez duzu uste gizartea etengabeko haserrealdi-egoeran dagoela? Gatazkan sartuta bizi gara…

Pertsona batzuk besteak baino gatazkatsuagoak dira, baina litekeena da guztiok zertxobait gatazkatsuak izatea, bai barrutik, bai kanpotik. Aurkako sentimenduekin, zalantzekin, ziurgabetasunarekin eta beldurrarekin batera bizitzen eta sentimendu horiek kudeatzen ikastea izaten da erronka nagusia, eta, askotan, horren ondorioz, gure buruarekin edo beste pertsona batzuekin gatazkak izaten ditugu.

Buruak, bihotzak eta gorputzak elkar ulertzea lortuko dute noizbait?

Noski baietz. Gure buruak eta bihotzak elkar ulertzen dutenean barne-bakea eta lasaitasuna sentitzen ditugu. Sentitzen, pentsatzen eta egiten dugunaren arteko koherentzia sentitzea poztasun iturria da guztiontzat; gure nahirik handiena. Beti erraza ez den arren, posiblea da.

Gure buruari gehiago entzun behar diogu...

Barne-elkarrizketak oso zeregin garrantzitsua du zailtasunei aurre egiteko dugun moduan eta gure buruarekin batera bizitzeko unean. Gertatzen zaizkigun gauzak gure buruari azaltzeko dugun moduaren arabera (horri azaltzeko estiloa deritzo), jarrera proaktiboagoa, pasiboagoa, agresiboagoa edo gogorragoa izango dugu. Norberarengan konfiantza izaten ikasteak gure buruarekin komunikazio osasuntsua izatea eta “egin beharko zenuke” tiranietan ez erortzea dakar. Gure buruari ondo hitz egiteak gure buruarekin dugun harremana hobetzen du, baita familiarekin, lagunekin eta lankideekin duguna ere.