euskaraespañol

UPV/EHUko Entzute eta Erantzute Sarea

Proiektuak pandemiak ikasleen artean eragindako beharrak detektatu eta horiei aurreneko konponbidea ematea du helburu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/24

Irudia
UPV/EHUko Entzute eta Erantzute Sarearen aurkezpena. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

COVID-19aren pandemiak ondorio ugari eragin ditu gizartean. Unibertsitatean ere ikasleen egoera psiko-sozialak okerrera egin duela egiaztatu da. Ezinegon hori hautemateko eta arintzeko, UPV/EHUk Entzute eta Erantzute Sarea proiektua jarri du abian. Egitasmo horrek ikasleak eta irakasleak inplikatuko ditu, behar dutenei ulertzeko eta laguntza emateko.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegietako dekano- eta zuzendaritza-taldeek egiaztatu dute ikasleen egoera psikosoziala okertu egin dela aurrez aurreko unibertsitate-jarduera etenda egon zen aldian eta irakaskuntza urruntze sozialera, edukiera mugatura eta higiene- eta osasun-neurriak hartzera egokitu duten neurriak indarrean egon diren aldian. Beraz, ikasle batzuengan jatorri zalantzagarriko ondoeza antzeman da. Gainera, pertzepzio hori bat dator Arreta Psikologikorako Zerbitzuan ikasturte honetako lehen hilabeteetan jasotako kontsulten gorakadarekin (zehazki, aurreko ikasturteko hilabete berberekin alderatuta, % 25 gehiago).

Bestalde, ikasle asko daude, bai adierazi ezin dutelako, bai beren ondoezari aurre egitea eta kudeatzea zailago egiten duten zirkunstantziak gehitzen direlako, Unibertsitateak eskaintzen dizkien zerbitzuetara jo ez dutenak eta askotan egoera zaurgarrian edo ezinegon hori desblokeatzeko nahikoak ez diren laguntza prekarioekin geratzen direnak.

“Errealitate horren ondorioz, errektoretza-taldeak pentsatu du komenigarria dela unibertsitate-komunitatearekin esku-hartzea garatzea, ikasleen beharrei modu pragmatiko eta eraginkorrean erantzuteko. Esku-hartze sozial hori gauzatu da UPV/EHUko Ikastegietako Entzute eta Erantzute Sarea sortzeko proiektuan”, azaldu du Fernando Tapia Alberdi Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

Proiektu parte-hartzailea

UPV/EHUko Ikastegietako Entzute eta Erantzute Sarearen proiektua proiektu parte-hartzaile bat da, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak sustatua, eta unibertsitateko ikasleen, irakasleen eta unibertsitate-zentroen arteko lankidetza-egitura informal bat sortzea du helburu, Ikasleen Zuzendaritzaren eta Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren (APZ) laguntzarekin, Covid-19ak ikasleengan eragindako inpaktuari erantzuna emango dion esku-hartzea ahalbidetzeko.

“Abiapuntutzat hartzen dugun ideia da pandemiaren ondorioz gure ikasleen ondoeza detektatzeko eta arintzeko tresnarik onenak ikaskideen eta ikastegiko irakasleen hurbiltasuna, behaketa, entzutea eta laguntza direla, eta aktiboki aurre egiteko eta emozio egokiak kudeatzeko ereduak erreferente kualifikatuek bidera ditzaketela testuinguru informaletan”, dio errektoreordeak.

Inplikatutako eragile guztien elkarlanean oinarritzen da

Entzute eta Erantzute Sarearen helburua da pandemiak eragindako ikasle ahulenen beharrei aurreneko erantzuna ematea. Inplikatutako eragile guztien elkarlanari esker, ikasle guztiengana modu eraginkorrean iristea posible izango da, dituzten behar zehatzei erantzuna emanez, baina prebentzio mailan ere jardunez.

“Proiektu honen helburua ez da inplikatutako eragileak psikologo, gizarte-langile, aholkulari juridiko edo orientatzaile akademiko bihurtzea –zehaztu du Fernando Tapiak–, baizik eta, prestakuntza labur baten bidez, eragile horiei tresna-kutxa bat ematea, lehenik eta behin ikasle jakin batzuen ondoezaren jatorria antzeman eta ulertzeko, eta, ondoren, Unibertsitateak edo kanpoko beste erakunde batzuek eskaintzen dizkieten eta beren egoera arintzen lagun diezaieketen baliabideak ezagutarazteko.”

Lehenengo bilerak

Sarea artikulatzen hasteko, harremanetan jarri dira Ikasle Kontseilu Zentralarekin eta Campuseko Ikasle Kontseiluekin, ikasleen ordezkariekin, titulazioko koordinatzaileekin eta UPV/EHUko ikastegietako Ikasleen arloko dekanordeekin. Sarea, beraz, ikastegietan lehendik zeuden koordinazio-egituretan oinarritzen da, eta horrek funtzionamendu arinagoa eta dinamikoagoa bermatzen du, bai eta hautematen diren arazoei erantzun eraginkorragoa emateko aukera ere.

Bestalde, eta, hainbat arrazoi direla medio, proiektuan parte hartzeko interesa duten irakasle eta ikasleak egongo direnez, garrantzitsua dirudi Sarean integratzen laguntzea.

“Ikasleen premiak aipatzen ditugunean, ondoez arineko egoerez ari gara, proiektuan inplikatutako ikasleek edo irakasleek entzun, lagundu edo orientatuz erantzun eta/edo konpon daitezkeenak, bai eta ondoez larriagoez ere, ikasleak APZko zerbitzuak eskatzea beharko lituzkeenak”, zehaztu du errektoreordeak.

Aukeratutako metodologia ikerketa-ekintza parte-hartzailea da

Proiektua, hasiera-hasieratik, unibertsitate-komunitatearen –batez ere UPV/EHUko ikastegietako irakasleen eta ikasleen– kezka eta beharretatik abiatzen den esku-hartze gisa planteatzen denez, eta kolektibo hori erakundearen gobernantzan parte hartzen duen komunitate parte-hartzaile, proaktibo eta konprometitu gisa ulertzen duenez, proiektua aurrera eramateko aukeratutako metodologia ikerketa-ekintza parte-hartzailea da. Beraz, ideia hau du abiapuntu: unibertsitate-komunitatea osatzen duten pertsonek arazo bat dagoela zehazteko eta arazo hori konpontzen saiatzeko ekintzak egiteko gaitasuna dutela. Horretarako, talde eragile nuklearra sortzen da, eta laguntzaileek eta bideratzaileek koordinatutako ekintza-hausnarketako zikloak garatzen dira.

Fase berriak

Lehenengo bileren ondoren eta parte-hartzaileen kezkak jasota, fase berriak planteatu dira proiektuan aurrera egiteko. Hemendik aurrera, inplikatutako pertsonek proiektuaren eta Sarearen prozeduraren aurkezpenak egiten jarraituko dute ikastegi bakoitzean, prozesu parte-hartzailearen barruan sarea diseinatzeko proposamenak jasotzen dituzten komunikazio-kanalak irekiz.

Inplikatutako eragile guztien ekimenak eta proposamenak sartu ondoren, Sarearen behin betiko proiektua aurkeztuko da, eta, ondoren, 2021-2022 ikasturteko bigarren lauhileko honetan, proiektuan parte hartzen duten eragileentzako prestakuntza-ikastaroak diseinatuko dira.

Une horretatik aurrera, 2022-2023 ikasturtea esku-hartze fasearekin hasiko litzateke, inplikatutako eragileen etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginez.