euskaraespañol

Erabaki informatutik erabaki partekatura bularreko minbizia detektatzeko programetan

UPV/EHUko ikerketa batean proposatu dute emakumeei mamografia bat egiteko bidaltzen zaien dokumentazioa hobetzea

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/25

Irudia
Sendoa Ballesteros, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea. (Argazkia: Laura López. UPV/EHU)

Emakumeek bularreko minbiziaren baheketa programan parte hartu ala ez erabakitzeko jasotzen duten informazioa aztertu dute UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle Sendoa Ballesterosek eta Caceresko Consultorio Rural Mirabeleko mediku Enrique Gavilánek. Horretarako, galdetegi bat egin dute aztertzeko zer-nolako dokumentu ofizialak erabili dituzten Espainiako autonomia erkidegoetako osasun programek 2016an bularreko minbizia goiz detektatzeko.

Bularreko minbiziaren baheketa programan, mamografiak egiten zaizkie itxuraz osasuntsu dauden emakumeei, gaixotasuna hasierako estadioan diagnostikatzeko, Gaixotasunak goiz detektatzeko programak egiteko OMEren Gidan agertzen den bezalaxe. Estatuan, horrelako programak egiten dira, eta emakumeei horietan parte hartzeko gonbidapena egiten zaie. Horretarako, informazioa ematen zaie, gutunen, liburuxken, triptikoen eta web ofizialetan agertzen den dokumentazioaren bitartez.

Sendoa Ballesterosek eta Enrique Gavilánek 17 autonomia erkidegoetako gonbidapen gutunak, diptikoak eta triptikoak, liburuxkak eta webguneak aztertu dituzte.  Ez dute lortu Ceutan eta Melillan argitaratzen den dokumentazioa. Informazioa aztertu eta gero, ikertzaileen ustez, “hobetu daitezke emakumeei erabaki informatuak hartzeko ematen zaizkien dokumentuak; hala ere, egokiena litzateke erabaki partekatuak sustatzea”.

Besteak beste, ikerketaren egileek proposatzen dute informazio materialaren kopurua eta kalitatea homogeneizatzea eta programen aurkezpen formatuak bateratzea, ezberdinak baitira erkidego bakoitzean. Edukiari dagokionez, badaude hobetzeko edo sartzeko zenbait gai, esate baterako: erabiltzaileen eskubideak, baheketak izan ditzakeen arriskuak, kalte emozionalak, maiztasunari buruzko informazio xeheagoa eta diagnostikoa baieztatzeko frogak egiteko arrazoiak. 

Alde horretatik, Sendoa Ballesterosen eta Enrique Gavilánen iritziz, programa horiei buruzko dokumentuek galdera hauei erantzun behar diete: zer da bularreko minbizia? zertan datza programa eta zein helburu ditu? zein eskubide dituzte emakumeek? zer eragin, onura eta arrisku ditu programak? eta zer probabilitate daude gaixotasuna egiaztatzeko beste proba batzuk behar izateko?

Erabaki informatuaren prozesuaz gain, ikertzaileek erabaki partekatuaren metodoa bezalako alternatibak deskribatzen dituzte. “Ondo egongo litzateke osasun langileek banan-banan emango baliete informazioa emakumeei, dauden aukerak azalduko balizkiete eta bakoitzaren kezkak eta helburuak aztertuko balituzte. Horrek erraztu egingo lieke emakumeei beren arrisku mailarekin, balioekin eta lehentasun pertsonalekin bat datozen erabakiak hartzea”, adierazten dute Ballesterosek eta Gavilánek.

Ikertzaileek zenbait hutsune aurkitu dituzte gaur egungo informazio materialean, baina hobekuntza ere ikusi dute duela hamar urte ematen zenarekin konparatuta. 2007an egindako ikerketa bat hartu dute erreferentziatzat, hain zuzen ere, Información a usuarias sobre el cribado de cáncer en la mujer, hori baita estatuan egin den antzeko ikerketa bakarra.

Erreferentzia bibliografikoa

Sendoa Ballesteros-Peña y Enrique Gavilán-Moral.

Contenido de los documentos informativos dirigidos a las mujeres sobre el cribado de cáncer de mama en España Rev Esp Salud Pública. 2018, 92. 29 de octubre

e201810076