euskaraespañol

PROIEKZIOAK: 'Jainkoak ez dit barkatzen’ filma eta Lezo Urreztietari buruzko eduki osagarriak

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2018/11/24 Noiz arte: 2019/01/25, 00:00 - 00:00

Irudia

Deskribapena

Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Galan estreinatu eta gero, Josu Martinez Zuzendari eta EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio saileko ikerlariaren 'Jainkoak ez dit Barkatzen' filmak bere bideari ekingo dio herriz herri eta zinema aretoz areto. Euskal Herri osoan, nahiz Euskal Herritik kanpora ibiliko da Lezo Urreiztietaren ametsak eta borrokak modu hain berezian azaltzen dituen filma. Azaroaren 24an Hazparneko Zinegin Festibalean, eta azaroaren 25ean Santurtzin, Lezoren jaioterrian, abiatuko da Filmaren inguruko emanaldi eta ekitaldi sorta osatuko dituen bidaia.

Historia eta istorioa

Horretarako 'Lezoren azken bidaia' ideia landu du Josu Martinezek. Honela azaldu du egileak berak: “Bi helbururekin abiatu dugu ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ filmaren inguruko transmedia-bidaia hau: lehenik, Lezo Urreiztietaren ametsak eta borrokak zirenek gure Historian, letra larriz, bere lekua izan dezaten nahi dugu. Filmak azaltzen dituen elementu guztiekin batera, eduki gehiago, oraindik argitaratu gabeak zabaldu nahi ditugu, Lezo nor izan zen, zer egin zuen eta zergatik egin zuen gehiago eta hobeto ikas dezagun. Bigarrenik, ikus-entzuleari zinema esperientzia berritzaile bat proposatu nahi diogu: filma berezia da, Martin Ugaldek Lezo Urreiztietari 1975ean grabatutako 35 orduko elkarrizketa batean oinarritzen delako. Lezok berak lehen pertsonan kontatzen duen historia da ‘Jainkoak ez dit barkatzen’. Esperientzia berezi hori osatu nahi dugu, filmetik haratago, filmaren elementuak konbinatuta, ikuslearen partehartzea bilatuta, eta filmaren bizipenean sakontzen lagunduko duten hainbat sorpresa txertatua. Lezoren istorioa, istorio bizia izatea nahi dugu, pantailatik haratago”.

Lezoren Bideari jarraika

Honela, filmaren emanaldietan, Lezo Urreiztietaren nahiz ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ lanaren inguruko edukiak landuko dira. Aurkezpenak, debateak, eta ekitaldi bereziak ere antolatuko dituzte, garrantzia berezia emanez Lezok berak bizi izan zituen lekuei. Zentzu horretan, garrantzitsua izango da sare sozialetan egingo duten lana: jainkoakezditbarkatzen.eus webguneak, mapa baten bidez, Lezo Urreiztietaren bizitzaren pasarte garrantzitsuenak azaltzen ditu, eta Facebook, Twitter eta Instagram kontuetan “Lezoren Azken Bidaia”-ren jarraipena egin ahal izango da. Lezori lotutako objektuekin egindako erakusketa ere antolatzeko asmoa azaldu du Josu Martinezek.

Emanaldiak, herriz herri

  • Azaroak 24, 18:00: Hazparne, Zinegin Festibala, Josu Martinez eta Adur Larrearen aurkezpena.
  • Azaroak 25, 20:00: Santurtzi, Serantes Aretoa, Josu Martinez eta Gorka Urreiztietaren aurkezpena.
  • Azaroak 27, 20:00: Irun, Amaya Antzokia,  Josu Martinezen aurkezpena.
  • Azaroak 28, 20:00: Urruña, Itsas-mendi zinema Josu Martinez eta Alberto Atxotegiren aurkezpena. Gasteiz, Florida Zinema.
  • Azaroak 29, Andoain, Bastero Kulturgunea, Josu Martinez eta Ainara Ugalderen aurkezpena.
  • Azaroak 30, 19:00: Donibane Lohizune, Le Select zinema. Josu Martinezen aurkezpena. Filma finitzean, "Lezoren itzalaren atzetik" ibilaldi gidatua, Donibaneko karriketatik, Lezoren balentria harrigarrien kokaleku izandako tokietan zehar.
  • Abenduak 3, 19:00: Bilbo, Bizkaia Aretoa - UPV/EHU, Josu Martinez eta Katixa Agirreren aurkezpena.
  • Abenduak 4, 19:30: Andoain, Bastero Kulturgunea
  • Abenduak 5, Donibane Garazi, Le Vauban zinema, Josu Martinezen aurkezpena.
  • Abenduak 6, 19:00: Durango, Irudienea, Josu Martinezen aurkezpena
  • Abenduak 7, 20:30: Maule, Maule Baitha zinema, Josu Martinezen aurkezpena
  • Abenduak 11, 20:30: Donapaule, Saint-Louis zinema, Josu Martinezen aurkezpena
  • Abenduak 13, 20:30: Kanbo, Cambo Zinema, Josu Martinezen aurkezpena
  • Abenduak 15, Lezo, Gezala Auditorumean
  • Abenduak 18, 20:30: Hendaia, Les Varietés zinema, Josu Martinez eta Miren Urreiztietaren aurkezpena.
  • Abenduak 19, Azpeitia, Soreasu Antzokia, Josu Martinezen aurkezpena
  • Urtarrilak 10, Iruñea, Nafarroako Filmategia, Josu Martinez eta Oskar Alegriaren aurkezpena
  • Urtarrilak 18, Itzaltzu, Gartxot Eguna, Josu Martinezen aurkezpena
  • Urtarrilak 25, Arrasate Kulturartea Aretoa.

Oharra: oraindik filmaren proiekzioak kontratatzeko aukera dago, jainkoakezditbarkatzen.eus web orrian. Web horretan ere eguneratzen joango dira emanaldiak.