Erakusketa: Sexu eta Ugalketa Eskubideak

  • Ekitaldia

Noiz eta non

  • Noiztik: 2018/11/19
  • Noiz arte: 2019/01/07

Kokapena

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea
Paseo Dr. J. Beguiristain 105 - 20014 Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna azaroaren 25ean izango dela eta, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Emakumeen eta Gizonen Berdinatsunerako Batzordeak, Donostian, eta Medicus Mundi Gipuzkoak antolatu dute “Sexu eta Ugalketa Eskubideak, eskubideen gizatiarrenak”. Erakusketa irekita dago 2019ko urtarrilaren 7ra arte, astelehenetik ostiralera, ordutegi horretan: goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara.

Erakusketaren helburua da Sexu eta Ugalketa Eskubideek munduan duten egoeraz gipuzkoar biztanleak sentsibilizatzea. Emakumea da erakusketaren protagonista. Izan ere, abiapuntutzat hartzen da emakumeek eskubide horiek bermatuta izatea eta erabili ahal izatea funtsezko elementua dela herrialdeen garapenerako eta generoen arteko berdintasuna lortzeko.

Hamaika panelen bitartez, sexu eta ugalketa eskubideak zer diren azaltzen ahalegintzen da erakusketa eta horietako batzuetara hurbiltzen da: bortizkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidera; segurtasun fisiko eta mentalaren eskubidera; sexualitate osoa eta arriskurik gabekoa izateko eskubidera; edota amatasun gogozko, libre eta osasuntsua izateko eskubidera. Era berean, eskubide hauek erabili ahal izateko dauden oztopoak azaltzen ditu ekimen honek gizarteari proposatzen dio zein egitasmotan inplika daitekeen sexu eta ugalketa eskubideak edonorentzat errealitate izan daitezen laguntzeko.

Sexu eta ugalketa osasunerako aukerarik eza osasun publikoko arazo garrantzitsua da, herrialde txirotuetan batez ere. Munduko herrialde askotan emakumeek ez daukate beren gorputzaren gaineko kontrolik, ez eta beren sexu harremanen, beren ezkontza eta seme-alaba kopuruaren inguruan ere. Horrek dakar haurdunaldi eta hazkuntza garaiek beren bizitzaren zatirik handiena hartzea, eta, ondorioz, murriztuta daukate ikasketak hasi edo osatzeko, lanpostu bat lortzeko edo beste espazio publikoetan parte hartzeko aukera. Eta hain zuzen ere,  herrialdeen garapenerako eta generoen arteko berdintasunerako funtsezko elementuak dira horiek guztiak. Generoen arteko desberdintasuna da Sexu eta Ugalketa Eskubideak bermatu ahal izateko bi oztopo nagusietako bat. Eskubide horien inguruko politika integral eta derrigorrez bete beharreko araudi eza litzateke bigarren eragozpena.