euskaraespañol

Santiago Pérez Hoyos eta Jorge Hernández Bernal

Errusia vs NASA: espazioa esploratzen denek parte hartzeko arrazoiak

Planeta Zientzien taldeko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/29

Irudia
Nazioarteko Espazio Estazioa. Argazkia: NASA.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

“Espazioa ez da urrutiko leku bat. Autoz ordubetera dago, baldin eta gorantz gidatzeko gai bazara”. Fred Hoyle astrofisikari bikainaren eta polemikoaren esaldi horrek askotariko irakurketak ditu. Errusiaren eta Estatu Batuen artean berriki izan den gertakariak beste interpretazio bat ekarri digu. Gure buruen gainetik ehun kilometro eskasera ere lurrazaleko estrategia geopolitikoa baliatzen da, akats eta gizateriarentzako arrisku berberekin.

Hasteko, azal dezagun aipatu dugun gertaera hori: Errusiak funtziorik ez zuen satelite bat suntsitu zuen lurretik espaziorako misil bat probatzen ari zela. Eztandak eragin zuen zati pila bat hainbat norabidetan ateratzea.

Estatu Batuen salaketaren arabera, gertaera horrek arriskuan jarri zituen Nazioarteko Espazio Estazioko astronautak, eta areagotu egin du orbita baxuetan dagoen zabor espazialaren kantitate kezkagarria.

Errusiak garrantzia kendu dio gertakariari; gainera, salatu du Estatu Batuek uko egin diotela arma espazialen ugaritzearen aurkako itun bat sinatzeari.

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu gizakien bizitza arriskuan jartzen duten ekintza guztiak arbuiatzen ditugula, baita espazioa gehiago degradatzen dutenak ere. Dena den, erabili dituen argudio pobreak alde batera utzita, azpimarratu behar dugu Errusiari ez zaiola arrazoirik falta. Ameriketako Estatu Batuek ere parte hartu izan dute halako proba balistikoetan, eta ez diote kontrolik jarri nahi izan arma mota berrien sorrerari.

Bizi dugun logika gaiztoak bultzaturik, beste herrialde batzuek bide berari jarraitu diote eta potentzia amerikarraren ekintzak kopiatu dituzte. Beraz, aztertzen ari garen kasuan eta arma nuklearren gainekoetan, nahiko argi gelditzen da Estatu Batuek ez dutela ez aurkariak kontrolatzeko gaitasun hertsatzailerik, ez inori erantzukizunik eskatzeko autoritate moralik.

Nork du orduan arrazoia gatazka horretan? Alde biek hein batean, baina batek ere ez oso-osoa. Horregatik, harrigarria da hedabideen erreakzio neurrigabea, gertakari hori alderatzen badugu astronauten bizia arriskuan jarri duten beste batzuekin edota iritzi publikoak besterik gabe onartu dituen espazioari buruzko Estatu Batuen erabaki politikoekin eta militarrekin.

Adibidez, aipatu ditugun proba militarrez gain, gogora ditzagun enpresa pribatuen telekomunikazio sateliteen ugaritzea edo baliabide espazialak ustiatzeko planak –aspaldikoak diruditen arren, garrantzitsuagoak bilakatu dira agerian jarri den heinean gure planetaren baliabide eskasia hazkunde ekonomikoari eusteko–.

Obamaren gobernuak Estatu Batuetako korporazio handiei erabateko baimena eman zien gizateria osoak ustiatu beharko lituzkeen baliabide batzuk baliatzeko –nazioarteko itunak gai horretan anbiguoak diren arren–.

Espazioa esploratu, baina kolonialismo zantzurik gabe

Askok nahi dugu espazioaren esplorazio zibila eta baketsua. Era berean, askok uste dugu, inoiz espazioko baliabideak ustiatzeko aukera badago, haien jabetza ezin dela hartzen dituen lehenaren esku gelditu. Izan ere, espaziora garamatzan lehia teknologikoan herrialde guztiek ez dute baldintza berberetan jokatzen: irabazien banaketatik kanpo dago gizateriaren zati handi bat –bidegabeki gainera askoren ustez–, kolonialismoaren eta gerren munduko historia luzearen ondorioz.

Nolanahi ere, positiboa litzateke gai horiek esparru publikoan argi eta garbi eztabaidatzea, eta hainbat ikuspuntutako eta intereseko eragileek parte hartzea, erabaki zentzuzkoak eta iraunkorrak hartzeko.

Espazioa ez da urrutiko leku bat. Lurreko gure etorkizuna iluntzen duten arazo berberak proiektatzen ari gara, hemendik ordubeteko auto bidaia batera edo lau eguneko bidaia espazial batera. Hau da, potentzien artean akordioak egiteko gaitasun eza (duela gutxi izan den klimaren goi bileran bezala) eta gutxi batzuek ustiatzen dituzten interes ekonomikoen nagusitasuna, Artikoaren gaineko gatazkan bezala. Cowboyen film honi amaiera jartzeko eta gizateriaren etorkizunaren gidoia idazteko ordua da. Ez dago hain urruti.