euskaraespañol

UPV/EHUko Arkitekturako ikasleek La Ruta del Bakalao ezaguneko etorkizuneko diskoteka diseinatu dute

Proiektuak bigarren postua lortu du Aplomo webguneak antolatzen duen nazioarteko lehiaketan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/06

Irudia
Saritutako Arkitekturako ikasle taldea. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zenbait ikaslek bigarren saria lortu dute Aplomo webguneak antolatzen duen arkitekturako nazioarteko lehiaketan: “La Ruta del Bakalao, diseña la discoteca del futuro”. Aplomo arkitekturako ideien lehiaketen plataforma bat da, eta mundu osoko arkitektoek arazoen konponbideak eta gaurkotasuneko eta garrantzi sozial handiko erronka soziokulturalak, politikoak eta ingurumenekoak aurkezten dituzte. Honako honetan, erronka zen, La Ruta del Bakalao kultura fenomenoaren esparruan, etorkizuneko diskoteka bat diseinatzea, eta orain eraitsita dagoen The Face diskoteka, La Ruta del Bakalao-ko mugarri bat, zegoen orubean kokatzea.

Proposamen sarituak “The Cure” du izena eta Martina Gardeazabal Beascoa, Iñigo Jimeno Fraca, Ivan March Calvo eta Elena Millán Medel ikasleek aurkeztu dute; proiektua garatzeko proposatutako orube osoa okupatzea proposatzen du. “Abiapuntu hori aprobetxatzeak aukera ematen digu horma perimetral bat ezartzeko; horma horrek programa arkitektonikoaren zati bat hartu ahal izango du, eta, aldi berean, aparkalekuarekin lotutako jarduerak dinamizatzeko balioko du. Horretarako guztirako, 1,5 m-ko sakonera aprobetxatuko da, eta hainbat erabilera emango zaizkio. Bertan, sofa batzuk edota janari lasterreko gune bat egongo dira, erabiltzaileek izan ditzaketen beharrei erantzuteko”.

Hormak eta eraikinak bat egiten dutenean, bi espazio ireki sortzen dira: Open-air esaten zaiena. “Espazio horretan, kontsumorako barrak, janari lasterra, komunak eta DJ kabinak egongo dira –azaldu dute ikasleek–. Komunikazio bertikalak erabiliz, dela eskailera perimetraletik, dela igogailuetatik, lehen solairura igotzen da. Lehen solairuan –bunker deitu diogu–, programa ilunena egongo da. Zenbait korridore erabiliz, bunkerra osatzen duten 7 bolumen itsuak antolatzen dira. Bolumen horiek dira, hain zuzen, solairuaren beraren itxitura sortzen dutenak; horrela, bi espazio ireki gelditzen dira”. Gorako ordenan eta eskailera perimetralari jarraituz, terraza dago; hots, bunkerraren eta areto nagusiaren arteko tarteko espazio bat. Eraikinaren bolumen osoa oxigenatzen du. “Hemen proiektatzen da goiko aretoaren perimetroa, festarako espazioa mugatzeko. Gorako ordenari jarraituz, areto nagusia dago: bolumen zilindriko batek barruko espazioa eta kanpokoa banatzen ditu. Barruan, areto nagusia dago eta, kanpoan, espazio ireki bat. Azken hori, bere aldetik, bolumena estaltzen duen kanpo azal batek mugatzen du. Azal horrek zenbait iskin ditu eta horiek giro ezberdinak sortzen dituzte solairuaren beraren kanpoko espazioan. Azkenik, estalkiko terraza dago, eraikinaren bolumen osoa osatzen duen espazioa. Hara igotzeko, eskailera perimetrala edo beheko bolumen zilindrikoa inguratzen duen erdiko eskailera erabil daiteke. Solairu horretan, igerileku bat eta taberna txiki bat daude”, esan dute amaitzeko.

 “Guretzako –ikasle sarituak esan duenez–, aukera bikaina izan da lehiaketen munduan sartzeko; izan ere, gure lanbidearen adar oso garrantzitsu bat da. Zerbait ezberdina probatzeko eta taldean lan egiteko aukera ikusi genuen. Lagunak garenez, ez genekien ondo arituko ginen talde lanean, baina ondo moldatu gara eta, gainera, gure lanak fruituak eman ditu. Gutako batzuentzat lehen lehiaketa izan da, eta bigarren sari hau lortzeak lan egiten jarraitzera animatu gaitu”.

Lehiaketako epaimahaia AEBetako, Txileko, Alemaniako, Indonesiako, Mexikoko eta Espainiako arkitektoek osatu dute. Eta, saria emateko orduan, UPV/EHUko ikasleen proposamena "kontzeptu eta diskurtso ona" dela esan du. Narratiba eta adierazpen grafiko bikaina ". Hitz hauekin ere bai: "Memoria interesgarria (Roberto Bolañoren moduko testu jarraitua, etengabeko jai baten antzekoa ere izan liteke). Programa estimulatzailea, eskema ona, oso konplexutasun handiko ikusmena. Laburbilduz, ikusgarria ".