euskaraespañol

Unibertsitate aurreko ikasleek jarduera praktikoak egingo dituzte Euskal Herriko Unibertsitatean

Hiru mila eta laurehun plaza baino gehiago eskainiko dira hiru campusetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/29

Irudia
Kimika arloko jarduera pratikoak. Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitatean egingo da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza programaren edizio berri bat maiatzaren 24tik ekainaren 18ra. Programa horren bidez, aukera ematen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko, Lanbide Heziketako Goi Mailako Heziketa Zikloetako, Arte Ikasketetako eta Kirol Ikasketetako lehen mailako ikasleei UPV/EHUko ikastegietan jarduera praktikoak egin ditzaten. Aipatutakoez gain, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleek eta orientatzaileek ere parte har dezakete.

Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak ekimenaren garrantzia nabarmendurik, honakoa adierazi du: "Unibertsitatean egingo dituzten ikasketak aukeratzea gure gazteen etorkizun pertsonal eta profesionala baldintzatuko duen erabakia denez,  guztiz ezinbestekoak dira UPV/EHUko ikastegietan bertan titulazioen eskaintzari buruzko informazio zuzena eta zehatza ematen dieten orientazio jarduerak. Jarduera praktikoak dira, hain zuzen ere, beren erabakia sendo oinarrituta egotea ahalbidetuko duten jarduerak".

Guztira, 3.416 plaza eskainiko dira hiru campusetan, 50 jarduera praktikotik gora, eta unibertsitateko 13 ikastegik parte hartuko dute jarduera horretan.

Hona jarduera horien helburuak: alde batetik, ikasleak sartzea jarduerok egiten dituen unibertsitateko ikastegiarekin lotutako jakintza arloan; bestetik, egungo gizartean aipatzen diren ikasketek duten garrantzia azaltzea; eta, azkenik, bokazioak piztea. Hori guztia modu aktibo eta praktikoan egingo da, esperimentu, simulazio, muntaketa, sorkuntza, rol-playing eta abarren bidez.

Campusen araberako jardueren eskaintza:

Ikasturte honetarako bost jarduera praktiko berri eskainiko dira:  ‘Euskal Ikasketak mahatsaren eta ardoaren lurraldean: ibilbide etimologikoa’; ‘Izan gaitezen komisario!’; ‘Herritarrentzako energia garbia’;‘Minbiziaren etorkizuneko tratamenduetarako nanoimanak’; eta ‘Ingeniaria behar zara izan, gitarra elektriko batek nahi duzun soinua atera dezan!’.

Esteka honetan eman behar da izena maiatzaren 3tik 12ra. Izen ematea banakakoa eta nahitaezkoa da. Gehienez, 5 jarduera praktikotan eman daiteke izena. Jarduera bakoitzean nahi diren saio guztiak eska daitezke.

Webgune honetan kontsulta daitezke jarduera praktikoen eskaintza, izena emateko prozedura eta informazio guztia:

https://www.ehu.eus/eu/web/sou/jarduera-praktikoak