euskaraespañol

Etapa berriak zabaltzen: unibertsitatetik lan mundura

500 ikasle eta graduatu berri baino gehiago izan ziren UPV/EHUko Bizkaiko Campusean lehen aldiz antolatutako Enplegu Foroan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/27

Irudia

Otsailaren 21ean egin zen lehen aldiz Enplegu Foroa Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campusean, Bizkaia Aretoan. Hori da UPV/EHUk aurten antolatzen duen bigarren Enplegu Foroa, lehenengoa otsailaren 14an egin baitzen Gasteizen, udalarekin elkarlanean, orain dela hamar urtetik hona egin ohi den moduan. Hirugarrena otsailaren 28an egingo da Gipuzkoako Campusean.

Bizkaiko Campuseko forora 500 gazte baino gehiago hurbildu ziren. Horietako gehienek hitzordua zuten 204 lanpostu eskaini zituzten 47 enpresetako baten batekin. Hiru erakunde publiko hauek ere hartu zuten parte foroan, ekitaldia antolatzen laguntzeaz gain: Lanbide, Bizkaia Talent eta Bizkaia dema 30.

Bizkaian lehen aldiz antolatu den ekitaldiaren hasieran UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreorde Txelo Ruiz andreak eta Bizkaiko Campuseko errektoreorde Patxi Juaristi jaunak ongietorria egin zieten bertaratuei, Bizkaia Aretoko hall‑ean. Ondoren bi motatako jarduerak egin ziren: batetik, enpresen aurkezpenak; eta, bestetik, lehenengo hartu-emanak izan zituzten enplegua eskaintzen zuten enpresek eta lan eskaintzetan interesatutako pertsonek, Bizkaia Aretoko lehen solairuko aretoetan kokatuta zeuden 46 stand‑etan.

Foroen helburua da sustatzea UPV/EHUko ikasleen eta tituludunen enplegagarritasuna, eta harremanetan jartzea gazte horiek ezaugarri zehatz batzuk dauzkaten pertsonen bila diharduten enpresekin. Arratsaldean aurkezpenak eta prestakuntza saioak egin ziren, ikasleei, enpresei eta begiraleei zuzenduak. Foroak Lanbideren laguntzaz antolatzen dira.

Gipuzkoako Campuseko Enplegu Foroa otsailaren 28an egingo da Ignacio Mª Barriola zentroan, eta 140 lan eskaintza aurkeztuko dituzten 32 enpresek hartuko dute parte. Foroan 33 stand egongo dira, eta aurkezpenak eta prestakuntza saioak antolatu dira ikasleentzat, enpresentzat eta begiraleentzat..