euskaraespañol

Etengabeko prestakuntza, nazioartekotzea eta ikerketa intentsiboko zentroak bultzatzea, UPV/EHUren erronkak 2023an

Eva Ferreira errektoreak ikasturte honetarako Jarduera Programa aurkeztu du Unibertsitateko Klaustroan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/29

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Klaustroko mahaiko kideak Susana Andino, Asier Núñez, Eva Ferreira, Aitor Zurimendi eta Olaia Martinez | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak 2022-2023 ikasturterako ezarri dituen lehentasunetako batzuk hauexek dira: etengabeko prestakuntza bultzatzea, unibertsitate-nazioartekotzean aurrera egitea eta ikerketa intentsiboko zentroak indartzea. Horixe adierazi du Eva Ferreira errektoreak gaur Bizkaia Aretoan egin den Klaustroko bileran. 

Unibertsitate-organo honen bilkuran, Kudeaketa Txostena ere aurkeztu du errektoreak. Dokumentu horrek 2021-2022 ikasturtean egindako jarduera biltzen du, eta haren betetze-maila aztertzen du. Zehazki, 2020-2021ean Jarduera Programak 166 ekintza zituen, eta ikasturtean zehar horietatik 151 osatu ziren (hau da, % 91ko betetze-maila), baina joan den ikasturtean, 2021-2022an, 213 jarduera proposatu ziren: horietatik, ikasturtean zehar 197 osatu dira (horrek esan nahi du % 92,5eko betetze-maila), eta beste 10 jarduera (%%4,7) oraindik garatzen ari dira. 

Errektoreak datorren urterako Jarduera Plana ere aurkeztu du. Bertan, aurreko ekitaldietan lana egituratu duten bost ardatz nagusiak mantentzen dira, berriki onartutako 2022-2025 Plan Estrategiko berrian finkatu direnak. Ondorioz, 2023rako aurreikusitako ekintzak ardatz nagusi hauetan egituratzen dira: 1) Prestakuntza; 2) Ikerketa eta Ezagutzaren Transferentzia; 3) Kultura eta Gizartea; 4) Pertsonak; 5) Gobernantza eta Baliabideak. 

Mintzaldian, errektoreak programaren lehentasunak azaldu ditu bloke horietako bakoitzean. Arreta berezia jartzen da ekintza hauetan: etengabeko prestakuntza indartzea (helburu estrategikoa, gizarte-beharrizanak ikusita) eta nazioartekotze-prozesua. Euskal Herriko Unibertsitatea nazioartekotzea bultzatzen ari da ENLIGHT unibertsitate-aliantzaren bidez bultzatzen ari dena (ENLIGHTen UPV/EHUrekin batera Europako beste zortzi unibertsitatek hartzen dute parte), Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez edo Bordeleko Unibertsitatearekin ezarritako mugaz gaindiko campusaren bidez. Europar dimentsio honetan, gradu bat eta bost master sortzea aurreikusten da. Aldi berean, UPV/EHUk ikerketa intentsiboko zentro propioak sortzen jarraituko du. Joan den ikasturtean aurkeztu zen EHU Quantum Center Fisika Kuantikoari eskainitako zentroa, eta horrekin lau dira euskal unibertsitate publikoak dituen ezaugarri horietako zentroak. Helburua zentro mota horiek bultzatzen jarraitzea da, eta ekintza horrek UPV/EHUk nazioarteko ranking entzutetsuenetan (Shanghaikoan edo Stanfordeko Unibertsitatekoan) duen posizio ona sendotzea ekarriko du. 

Horrekin batera, Euskal Herriko Unibertsitatearen helburuak dira Unibertsitate-Gizarte ikasgelak handitzea (horrela, Unibertsitate-Enpresa kontzeptua zabalduko da, etorkizunean elkarte edo erakunde publikoek parte har dezaten) eta hainbat plan estrategiko garatzea: digitalizazioa, ikerketa, euskara (III. Plana), ikasleen parte-hartzea eta graduondokoak. 

“Unibertsitate publikoa izateak eskakizun eta autoexijentzia maila altuan kokatzen gaitu. Publikoak konpromisoa dakar, gehiegizko esfortzua, erantzukizun erantsia -adierazi du errektoreak-. Unibertsitate oso ona dugu, baina unibertsitate hobea izateko lan egiten dugu, berarengan konfiantza duen gizartea harro izan dadin. Eta helburu horrek konprometitu egiten gaitu. Partekatzen dugun ikuspegi estrategikoak kalitatezko euskal unibertsitate publiko baten aldeko apustua egiten du, diziplinen arteko eta belaunaldien arteko aliantzen bidez prestatzen, ikertzen eta ezagutza igortzen duen unibertsitate baten aldekoa. Definizio horrek datorren ikasturterako aurkeztutako jarduera guztiak zeharkatzen ditu”. 

Honen harira