null

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseilu berria eratu da

Lehen bileran, organo horrek 1.200.000 euroko ikerketarako laguntzak onartu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/06

Gaur bildu da lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseilu berria, otsailaren 20an Klaustroan egindako hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera osatutakoa. Bilera Bizkaia Aretoan izan da.

Dakigun moduan, Gobernu Kontseilua euskal unibertsitate publikoari dagozkion erabakiak hartzeko organo garrantzitsuenetako bat da. Bertan ezartzen eta garatzen dira politika orokorreko gidalerroak, baita irakaskuntza, ikerketa, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak antolatzeko garaian gidalerro horiek aplikatzeko prozedurak ere. Horrez gain, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzerako plana prestatzen du. Organo horren beste zereginetako bat da erregelamendu ahala baliatzea; hala, bertan onartzen dira UPV/EHUko Estatutuak garatzeko eta aplikatzeko behar diren arauak, baita unibertsitate antolakuntzarako arauak ere.

Gobernu Kontseilua honela osatuta dago: berezko kideak (errektoreak, idazkari nagusia eta gerentea), errektoreak izendatutako 8 kide, Gizarte Kontseiluak izendatutako 2 kide, ikastegietako 7 zuzendari edo dekano, sailetako 5 zuzendari, irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren 8 ordezkari, irakasle eta ikertzaile ez doktore-iraunkorren 2 ordezkari, beste irakasle eta ikertzaile batzuen 1 ordezkari, ikasleen 5 ordezkari, administrazio eta zerbitzuetako langileen 4 ordezkari, unibertsitate institutuen ordezkari bat eta Doktorego Eskolako ordezkari bat.

Ikerketari laguntzeko deialdiak

Gobernu Kontseiluaren lehen bileran ikerketari laguntzeko bi deialdi berri onartu dira, guztira 1.200.000 eurokoak.

Lehenengoak, 800.000 eurokoak, xede du ikerketa taldeen jarduerak ahalbidetzea eta sustatzea, eta egiten duten lanaren kalitatea hobetzea. Horretarako, laguntzak jasoko dituzte oinarrizko funtzionamendu gastuak ordaintzeko (langileen kontratazioa, ohiko azpiegitura zientifikoa, ekipamendu informatikoa, material suntsikorra, etab.).

Bigarren deialdiak, 400.000 eurokoak, bi xede ditu: batetik, unibertsitateko langileak ikerketa jardueretan has daitezela edo halako jardueretara itzul daitezela sustatzea; eta, bestetik, zenbait ikerketa talderen arteko lankidetza proiektuak sustatzea, horien diziplinarteko izaera areagotzeko eta proiektu handiagoei ekin ahal izateko.

Ikerketaren arloko errektoreorde José Luis Martínen ustez, “deialdi horien helburua da lehendik dauden ikerketa taldeen jardueren finantziazioa indartzea (2020. urtearen amaierara arteko baliabideak dituzte), eta baita talde berriak sortzen laguntzea ere. Bestetik, ezagutza arlo desberdinetako taldeen arteko lankidetza sustatu nahi dugu, elkarrekin proposamen handiagoak landu ahal izan ditzaten, hala nola proiektu europarrak, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiak edo Joint Research Laboratories direlakoak, baita ikerketa institutuak ere”.