euskaraespañol

Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusak bere lehen hamarkadan lortutako emaitzak bost urtetan bikoiztea du helburu

Gaur inauguratu da Donostian Euskampus Bordeaux Eguna, lorpenak zabaltzeko eta partekatzeko urteroko hitzordua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/28

Irudia
Euskampus Bordeaux Eguna 2021. Argazkia: Justy Garcia. Euskampus

Gaur inauguratu da Euskampus Bordeaux Eguna 2021, Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusak lortu dituen azken lorpenak eta aurrerapenak aurkezten eta partekatzen dituen urteroko hitzordu handia. Hurrengo helburuen berri ere emango da: 2011n mugaz gaindiko campusa sortu zenetik lortutako emaitzak datozen bost urteetan bikoiztea.

Jardunaldien hasierako ekitaldian Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Manuel Tuñon de Lara Bordeleko Unibertsitateko errektoreak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Ricardo Diez DIPCko zuzendariak eta Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak hartu dute parte.

UPV/EHUk Bordeleko Unibertsitatearekin duen Mugaz Gaindiko Campusa, 10 urte betetzen dituena, nazioarteko lankidetzako eredu bat da: goi-mailako hezkuntzaren ingurune erakargarri eta berritzailea eskaintzen du, Europan aitzindari den ikerkuntza kooperatiboko gune bat sortu du eta berrikuntzarako balio erantsi handiko lurralde-ekosistemak sustatzen ditu, enpresekin, gizarte-erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin batera. 100.000 ikaslek baino gehiagok, 10.000 ikertzaile inguruk eta administrazio eta zerbitzuetako 4.500 pertsonak baino gehiagok osatutako komunitate akademiko eta ikertzailea da campus hau.

Hamar urteko ibilbidean erdietsitako lorpenen artean, maila akademikoan, zazpi master bateratu finkatu dira punta-puntako eremuetan, zehazki, itsas baliabideetan, ingurumen-ekotoxikologian, enologia berritzailean, sare elektriko adimendunetan, polimeroen zientzian, material aurreratuetan eta industria-antolaketan. Era berean, tutorekidetzan egindako 50 tesi (bi herrialdetako unibertsitateen artean egiten diren tesiak dira, eta biek doktore-titulua lortzea ahalbidetzen dute) defendatu dira. Mugaz gaindiko udako 3 ikastaro ere egin dira ekonomia urdinaren esparruan.

Ikerketari dagokionez, Mugaz Gaindiko 4 Lankidetza Laborategi sortu dira. Egitura horieten Euskal Autonomia Erkidegoko eta Bordeleko ikerketa-taldeek elkarrekin lan egin ahal dute. Lau laborategi horiek arlo hauetan jarduten dira: eskala kuantikoko kimika eta fisikan, fabrikazio aurreratuan, matematika aplikatuan eta hormigoi jasangarrietan; baterako 300 artikulu baino gehiago argitaratu dira nazioarteko zientzia aldizkarietan; bederatzi ikerketa-proiektu gauzatu dira, Europako Batzordeak hautatu eta finantzatu dituenak, eta beste 6 proiektu garatu dira Euskadi-Akitania Berria-Nafarroa Euroeskualdeko eragile ekonomiko eta sozialekin, hainbat arlotan, hala nola osasunean, ekonomia urdinean, enologian, lurzoru kutsatuen erremediazioan edo energia berriztagarrietan; Eta 100 mintegi zientifiko baino gehiago eta 6 topaketa handi egin dira, 1.500 pertsona baino gehiago inplikatuz.

Lankidetza Laborategi berri sortzea; 14 titulazio bateratu ezartzea; tutorekidetzan egindako 50 tesi berri abian jartzea, eta ikasleek baterako lankidetza-jardueretan parte-hartzea areagotzea. Era berean, beste helburuetako bat da hezkuntza-berrikuntzan aurrera egitea, ENLIGHT Europako Unibertsitatearen testuinguruan. Unibertsitate horretako kide dira UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitatea, beste zazpi unibertsitaterekin batera: Gante (Belgika), Groningen (Herbehereak), Göttingen (Alemania), Uppsala (Suedia), Galway (Irlanda), Tartu (Estonia) eta Comenius-Bratislava (Eslovakia). Aliantza horren proiektua Europako Batzordeak onartu zuen 2020an, eta haren helburua da Europako goi-mailako hezkuntza eraldatzen laguntzea, ikasleei abangoardiako ezagutzak, trebetasunak eta berrikuntza-potentziala izateko baliabideak eskainiz, hurbiltzen ari diren gizarte-erronka handienei aurre egiteko eta bizi-kalitate justu eta iraunkorra sustatzeko.

Inaugurazio ekitaldia

“Mugaz gaindiko campus bat sortu dugu, balio handia hartzen ari dena. Euskampus-Bordeaux campusa elkarlan ezberdinen bidez garatzen den topagune eta ikerketa gunea da. Gaurko topaketak modu berezian erakusten du, baina bere lana urte osoan zehar hedatzen da. Truke akademikoa bizia eta emankorra da, baina baita harreman pertsonalak ere, ezagutza ez ezik, hizkuntzak eta kulturak ere bateratuz”, azpimarratu du Eva Ferreira errektoreak. Era berean, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok azaldu du “unibertsitateek sortzen duten ezagutza ezinbestekoa da dauzkagun erronkei aurre egiteko”.

Bestalde, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek ekimenaren aldeko apustua nabarmendu du: “Berrikuntza Funtsaren eta Hezkuntza Sailaren baterako apustuak erakusten du ekimen honetan sinesten dugula. 2021-2024 aldirako 2M€ konprometitzeko modua aurkitu dugu, laborategi-sare hau bultzatzeko helburuarekin, gure ustez Euskampus osatzen duzuen erakundeen arteko aliantza sendoak baitira, eta bultzada horrekin aurrerapauso handia eman dezaketela”. Manuel Tuñón de Lara Bordeleko Unibertsitateko errektoreak azpimarratu duenez, "hasi ginenean proiektu bat zen, orain muga gainditzen duen errealitate bat da. Unibertsitateek gure lorpenak sustatzen eta partekatzen jarraitu behar dugu”.

“Mugaz Gaindiko Campusa lurralde ezin hobea da nazioarteko lankidetza zientifikoa bultzatzeko eta bikaintasuneko ikerketa-proiektuak garatzeko, erakunde guztiei abangoardiako ezagutza sortzeko aukera ematen baitigute, eta hori funtsezko osagaia da aurrerapen sozial, kultural eta ekonomikorako”, adierazi du DIPCko zuzendari Ricardo Díezek. Bestalde, Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak mugaz gaindiko campusaren balioa azpimarratu du, hau da, parte hartzen dugun Aliantza enblematikoetako bat, korporazio teknologikoa garatzeko.