euskaraespañol

Gaurko irudia

Eva Ferreira García

Euskara buruan, ibili munduan

UPV/EHUko errektorea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/02

Irudia
Eva Ferreira García. Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzeko Euskal Herriko Unibertsitateak “euskara buruan, ibili munduan” leloa aukeratu du. Aurten leloak oso modu egokian islatzen du euskararen eguna nazioarteko ospakizuna izatearen arrazoia, euskal komunitatea mundu osoan zabalik aurki daitekeelako. Gure unibertsitatea munduko 400 unibertsitate onenen artean dago, eta horrek euskara ikusgarri egiten du mundu mailako unibertsitateen artean, formakuntzan, ikerketan eta transferentzian.

Euskararen ezagutzaren pizkundea eredugarria da mundu mailan, galzorian zegoen hizkuntza izatetik oso denbora gutxian azken hamarkadetan baino hiztun gehiago izatera pasatuaz: 1991ean 528.500 hiztun izatetik 2016an 751.500 izatera. Hazkunde horren atzean eskola eta euskaltegietan euskara ikasi duten pertsonak daude, gaur egun euskaldun diren gehienak 16 eta 34 urte bitartean aurkitzen direlarik, eta guzti horrek XXI. mendeko euskaldun gehienak elebidun egiten ditu.

Gizarteak jasan duen bilakaera Euskal Herriko Unibertsitatean ere eman da hainbat datuek erakusten duten bezala: 2021-2022 ikasturtean ikasleen %75ek gurera ikastera etortzeko sarrera proba euskaraz egitea aukeratu zuten; urtero euskaraz defendatzen diren doktorego tesien kopurua handitzen doa; irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langile gazte gehienak elebidunak dira, unibertsitatearen esparru guztietan euskaraz egiteko aukera sendotuaz; urtero gero eta liburu, eskuliburu eta ikasmaterial gehiago argitaratzen ditu Argitalpen Zerbitzuak euskaraz. Horren adibide bihar hasiko den Durangoko Azokaren 56. edizioan gure Unibertsitateak aurkeztuko duen uzta oparoa, orotara, 21 argitalpen berri.

Gure unibertsitate publikoak aukera zabala eskaintzen du euskaraz ikasi, ikertu, jakintza zabaldu eta bizitzeko, baita gure aintzinako hizkuntzara hurbildu nahi duen lagun ororentzako ere.

Euskarak mendeetan zehar bizirik irautea lortu du eta etorkizunean ere horrela egingo du egunero euskara ikasi eta erabiltzen dugun euskaldunei esker. Euskal  Herriko Unibertsitatea mirari horren parte ere bada.

Euskal Herriko Unibertsitatean: EUSKARA BURUAN, IBILI MUNDUAN!!