euskaraespañol

Euskarazko 20 lan berritik gora aurkeztuko ditu aurten UPV/EHUk Durangoko Azokan

Bai aurrez aurre baita online dendan ere eskuratu ahal izango dira lanok

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/30

Durangoko Azokaren 56. edizio honetara, UPV/EHUk 20 lan berri baino gehiago bidali ditu. Aurten, bai aurrez aurre baita Durangoko Azokaren online dendan ere eskuratu ahal izango dira lanok.

Euskal Herriko Unibertsitateak euskara bultzatzeko konpromisoari leial jarraitu du lanean 2021ean ere. “Gure helburua da euskarazko produkzioak, ahalik eta alorrik gehien ukituz, urtero hogei argitalpeneko langa gainditzen jarraitzea”, esan du Juncal Gutierrez Mangado Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak. Horrela, aurtengo edizioan ere Durangoko Azokan izango da, euskal kulturaren erakustokirik garrantzitsuenean. Hala, UPV/EHUk azken urtean euskaraz argitaratu dituen titulu berriak eramango ditu abenduaren 3tik 8ra bitartean egingo den 56. edizio honetara.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak jakintzaren arlo guztietako euskarazko liburuak aurkeztuko ditu. Ikasle-irakasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarriak diren erreferentziako lanek, ikerketek, ikasliburu teknikoek (sormenezko nahiz itzulpen bidezkoek) eta dibulgaziokoek osatzen dute aurtengo uzta.

Beste batzuen artean, honako hauek aurkeztuko dira:

Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara. Koldo Zuazo. Lan honetan, Zuazok, Nafarroa Behereko hego-mendebaldeko bi ibarretako euskara aztertzen du, Baigorri eta Ortzaize ibarretakoa, hain zuzen. Lanaren helburua da egungo Nafarroa Behereko euskara ezagutzera ematea. Bi atal nagusi ditu liburuak: bata gramatikari dagokiona, eta bestea hiztegiari buruzkoa. Gramatikaren atalaz baliatzen da hango euskararen egitura erakusteko. Hiztegiaren atala zabala bezain aberatsa da: 4.625 sarrerak, 934 azpisarrerak, 75 esamoldek eta 35 esaera eta esaera zaharrek osatua.

EAEko kazetarien profil digitalak eta audientziekiko elkarrizketa - Perfiles digitales de los periodistas vascos y diálogo con las audiencias. Jesús Pérez, Terese Mendiguren, Koldobika Meso, Ainara Larrondo, Simón Peña, María Ganzabal eta Iñaki Lazkano. Elebitan argitaratu da lana, euskaraz eta gaztelaniaz. Ikerketa lan honek, azken urteetan eta gaur egun kazetariek bizi edo pairatzen duten guztia jartzen du mahai gainean; dela esparru digitalaren eragina, dela sare sozialen garapen teknologikoarena.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearen 50. urteurrenaren ospakizunari lotuta, Leire Fernández Iñurritegik eta Eduardo Herrera Fernándezek (arg.) idatzi duten 50 urte, 50 disenatzaile - 50 años, 50 diseñadores liburua. Elebitan argitaratu da lana. 50 zenbakia sinbolo bezala hartuta; diseinu grafikoa irakasten den ikasgeletan ikasi eta gaur egun eremu horretan profesionalak diren 50 ikasle ohi biltzen ditu liburuak, eta haien lanaren 50 proiektu garrantzitsu aurkezten dira. Fakultatearen 50 urteko ibilbidearen gainbegiratu sakona egiten da, eta agerian uzten du berrikuntzaren garrantzia inguruan eragiteko balio nagusi gisa.

UEUrekin elkarlanean argitaratu da Bi hizkuntza garun bakarrean. Euskal psikohizkuntzalaritzaren ekarpenak eta erronkak, Kepa Erdozia, Mikel Santesteban eta Adam Zawiszewski (arg.). Euskaldun guztiok gutxienez bi hizkuntza ikasi eta erabiltzen ditugu gure egunerokoan. Lan honetan, besteak beste, elebitasunak hizkuntzaren jabekuntzan eta erabileran daukan eragina aztertzen da. Psikohizkuntzalaritzaren eta neurohizkuntzalaritzaren arloetan elebitasunaren inguruan egin diren azken aurkikuntzen berri ere ematen da.

Bi eskuliburu hauek euskaraz sortu dira, eta paperean argitaratu dira:

  • Zientzia eta Teknologiaren alorrean Sareetan zehar dantzan Java erabiliz, Iñaki Goirizelaia eta Maider Huarte autoreen lana. Azken urteetan Gauzen Internet deiturikoak (ingelesez, Internet of Things, IoT) sekulako bilakaera izan du. Hainbesteraino, ezen gure egunerokoan ezinbesteko tresna bihurtu baitira sarean dauden aplikazioak. Liburu honen helburua da aplikazio horiek programatzeko oinarrizko kontzeptuak ikastea Java programazio-lengoaia erabilita. Lanak dantzan jarriko ditu klaseak eta objektuak, Objektuetan Oinarritutako Programazioaren oinarrizko kontzeptuak, alegia.
  • Gizarte Zientzietan: Berrien idazkera. Albistea lantzeko oinarrizko eskuliburua izeneko lana, Alazne Aiestaran eta José Mari Pastorrena. Eskuliburu hau ere UEUrekin elkarlanean argitaratu da. Egileak urteetako eskarmentu akademikoan eta profesionalean oinarritu dira kazetaritzaren alde teorikoa eta praktikoa uztartzeko, eta ahalik eta argien azaltzeko.

Horietaz gain, euskarara itzuli ditugun eta irakaskuntzarako garrantzitsuak izango diren beste hizkuntzetako sona handiko lau testuliburu argitaratuko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak.

Gizarte Zientzietan, Askotariko adimenak martxan, Montserrat del Pozo idazlearen lana, eta Jarduera gimnastiko eta akrobatikoen oinarriak, María Paz Brozas Polo autorearena itzuli dira euskarara.

Bizitzaren zientzietan, medikuntzaren alorrean, M.ª Belén Martínez Cruz, Manuela Monleón, Yedra Carretero eta M.ª Teresa García-Baquerok idatzitako Erizaintza zainketa aringarrietan eta bizitzaren amaieran testuliburua itzuli da.

Giza zientzietan, Laurent Feller-en Nekazariak eta jaunak Erdi Aroan VIII. mendetik XV. era bitartean, testuliburua ekarri da euskarara.

Bestalde, sail eta bildumetan ere ikerketa-lan batzuk argitaratu ditugu:

  • Egungo euskal krimen-literatura (Euskal Literatura Saila - Egungo Euskal Literaturaren Historia). XIX. mendearen erdi aldean sortu zen polizia- eta krimen-literatura. Genero hori Euskal Herrian ere landu izan da, eta horren adibide izan nahi du Jose Manuel Lopez Gasenik eta Jon Kortazarrek editatu duten lanak.
  • Euskal kultura berreraiki zen garaia: 60ak eta 70ak (Mikel Laboa Katedra Bilduma). Ana Gandararen lan honetan, 1960 eta 1970 hamarkadei erreparatzen zaie, gaur egungo euskal kultur sistema ulertzeko helburuarekin.
  • Langabezia eta herri-lanak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Bigarren Errepublikan (1931-1937) (Historia Garaikidea Saila). Iñaki Etxanizen liburuak gonbita egiten du Bigarren Errepublikaren bilakaera politiko gorabeheratsuaren testuinguruan, hiru probintzietan herri-lan programek eta enplegu bulego publikoen garapenak izan zituzten zailtasunetan murgiltzeko.
  • Utilitarismoa (Limes Bilduma). Liburu honen idazlea John Stuart Mill da, utilitarismoa deritzon korronte filosofikoaren pentsalaririk nagusienetako bat. Bere lanaren helburua da korronte horren inguruko gaizki-ulertuak deuseztatzea eta pentsamendu horren oinarriak azaltzea.
  • Tutik ere ez dakigu. Unibertso ezezagunerako gida bat (ZIO Bilduma, Zientzia Irakurle Ororentzat Bilduman). Jorge Cham komikilariak eta Daniel Whiteson partikula-fisikariak unibertsoari buruz ezagutzen ez ditugunak miatzen eta azaltzen dizkigute.

Bestalde, euskarazko aldizkarien azken zenbakiak ere eramango ditugu Durangora: Ekaia (Zientzia eta teknologia) aldizkariaren 39. eta 40. zenbakiak; ASJU euskal filologiako aldizkari eleaniztunaren 53-1 zenbakia; Tantak (Hezkuntza) 33-1, 33-2; eta Gogoa (diziplina anitzekoa), 22.

Berrikuntza horietaz gain, online dendan beste hainbat titulu egongo dira salgai. Azokak pandemia dela-eta aurreko urteetako formatu berbera izango ez duen arren, urteroko ilusio berdinarekin edo gehiagorekin gatoz Durangora jakintza eman eta zabaltzera.

Honen harira