Euskarazko 25 liburu berri eramango ditu aurten UPV/EHUk Durangoko Azokara

Euskaraz argitaratu dituen liburuak erakutsiko ditu gaurtik, abenduaren 5etik, 8ra bitartean egingo den 54. edizioan.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/05

Euskarazko 25 liburu berri eramango ditu aurten UPV/EHUk Durangoko Azokara
Euskarazko 25 liburu berri eramango ditu aurten UPV/EHUk Durangoko Azokara

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), euskara sustatzeko daukan konpromisoari eutsiz, Durangoko Azokan, euskal kulturaren erakustoki garrantzitsuenean, izango da aurten ere. Hala, UPV/EHUk azken urtean euskaraz argitaratu dituen 25 titulu berri eramango ditu gaurtik, abenduaren 5etik, 8ra bitartean egingo den 54. ediziora.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak jakintzaren arlo guztietako euskarazko liburuak aurkeztuko ditu Azokan. Ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren erreferentziako lanek, ikerketek, ikasliburu teknikoek (sormenezko nahiz itzulpen bidezkoek) eta dibulgaziokoek osatzen dute aurtengo uzta.

Aurten, Euskal Herriko Unibertsitateak euskarazko arlo juridikoari ekarpen berezia egin nahi dio UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen Hiztegi juridikoaren bitartez. Terminologia bateratua adosteko eta erabiltzeko aukera ahalbidetzen duen euskarri elebiduna da hiztegi juridiko hau. Arlo juridikoko eragile guztientzat pentsatua. Are gehiago, zuzenbideak gizarte-bizitzan eta hedabideetan duen eragin ikaragarria kontuan harturik, zilegi da esatea gizarte osoa dela hiztegi honen hartzailea. UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko bost koordinatzailek, hamabost taldeburuk eta 51 autorek lan egin dute hiztegian, bai eta hizkera eta komunikazio juridikoa irakasten eta jurilinguistikaren alorrean lan egiten duten hiru hizkuntzalarik ere.

Terminologia anatomica. Giza Anatomiaren arloko ezagutza mende askoan zehar garatu izan da, mundu zabaleko hainbat herrialdetako adituen ekarpenetatik. Anatomisten Elkarteen Nazioarteko Federazioak (IFAA) bere gain hartu zuen nazioarteko lehendabiziko terminologia bateratua argitaratzeko ardura, 1955. urtean. Bost berrikuspenen ondoren, Anatomiaren Terminologiarako Batzorde Federatuak (FCAT) Terminologia Anatomica izeneko latinezko eta ingelesezko izendegi estandar berria argitaratu zuen 1998. urtean. Nomenklatura berria gorputz zabaleko 7.500 bat atalen eta organoren izenez osatua da, bakoitzak beren-beregiko kode bana duelarik. Euskarazko bertsioa UPV/EHUko Medikuntzako Graduko eta Odontologiako Graduko irakasleek garatutako Terminología anatomica izendegi estandarraren euskarazko bertsioa da.

Formulazioa eta nomenklatura kimikoa. IUPACen arauak eta ariketak. Liburu honek, Garikoitz Beobideren zuzendaritzapean, indarrean dauden IUPACen arauak laburbiltzen ditu, eta haien ulermena errazteko formulazioa eta izendatzea lantzen dituzten adibide anitz ematen ditu. Liburuaren edukiak egokitu egin dira, erabilgarriak izan daitezen bai batxilerrean eta bai unibertsitateko graduetan diharduten irakasle eta ikasleentzat.

Bestalde, euskarara itzuli dira irakaskuntzarako garrantzitsuak izango diren beste hizkuntzetako sona handiko bi testuliburu argitaratuko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak.

Arkeologiako eskuliburua. Jim Grant, Sam Gorin eta Neil Fleming egileek osatutako liburu ospetsuaren hirugarren edizioaren itzulpena da hau. Arkeologiara lehen aldiz hurbiltzen diren ikasleentzat oso baliabide osatua da. Azken metodoak eta zenbait kasu-azterketa aipatzeaz gainera, gaian barneratzeko ezagutza eta kontzeptu teknikoak eskaintzen dizkie batxilergoko nahiz unibertsitateko ikasle eta irakasleei, bai eta zaleei oro har ere. 400 argazki eta marrazkiren interpretazio eta iruzkinak ditu. Horiekin batera, webgune osagarri hobetuak jarduera interaktibo berriak eta beste webgune garrantzitsu batzuetarako estekak eskaintzen ditu.

Oinarrizko immunologia: immunitate-sistemaren funtzioak eta gaitzak. Liburu honetan immunologiarako sarrera argi eta moderno bat eskaintzen dute Abul K. Abbas, Andrew H. Lichtman eta Shiv Pillai egileek; beraz, aukera egoki-egokia da lan hau gaur egungo ikasle beti lanpetuentzat. Esperientzia zabala dute egileek irakasle, ikastaro-zuzendari zein hizlari gisa, eta, horrenbestez, aproposak dira arlo konplexu hau ulertzeko behar den funtsezko informazioa destilatzeko. Kalitate handiko irudiak, kasu kliniko esanguratsuak eta idazkera zehatz eta argia konbinatuz, gizakien immunitate-sistemaren inguruko lanei buruzko sarrera ulergarri bikaina da liburu hau.

Horrez gain, euskaraz sortutako sei eskuliburu argitaratu dira paperean. Zientzietan: Komunikazio optikoetako sistemak, Gotzon Aldabaldetreku eta Gaizka Durana irakasleen lana; eta Ekuazio diferentzialak erabiliz modelatzen diren ingeniaritzako fenomenoak. Mathematica programaren bidezko ebazpena, María Josefa González eta Elisabete Alberdi irakasleena. Gizarte Zientzietan: Mundu-ikuskerak: nazioarteko harremanetako korronte teorikoak, Karlos Pérez de Armiñoren lana. Osasun-Zientzietan: Giza histologia medikoa, Edurne Alonso eta Iker Badiola irakasleen lana. Giza Zientzietan: IKTak eta konpetentzia digitalak  hezkuntzan, Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar, Amaia Arroyo-Sagasta eta Abel Camacho editoreen gidaritzapean; eta Lehen Hezkuntzako irakaslegaientzako problemak: Aritmetika eta Aljebra, Joxemari Sarasua eta Ane Izagirre irakasleen lana. Azken hirurak UEUrekin elkarlanean argitaratu dira.

Bestalde, sail eta bildumetan ere ikerketa-lan batzuk argitaratu dira:

Kultura ez da bat-batekoa (Euskal Literatura saila, 20), Harkaitz Zubiri, Xabier Aierdi eta Alfredo Retortillo egileen lana. Bertsolaritzak eraiki duen proiektu eraldatzailean, lilura ekoizteko gakoak zeintzuk diren azaldu nahi izan ditu liburu honek, baita ahuluneak eta erronkak zeintzuk diren ere. Identitatearen eraldatzea subjektu literario postmodernoan (Euskal Literatura saila, 19): liburu honetan, XXI. mende hasierako narratibako pertsonaia eta protagonista postmodernoen kartografia egiten du Iratxe Esparza egileak.

Olariagaren trantsizioa: Egin egunkariaren eta Zakilixuten jaiotzak (Mikel Laboa Katedra, 3). Hogeita hamar urte pasatxo dira euskal prentsako pertsonaia umoristiko famatuena jaio zela: Antton Olariagaren Zakilixut delakoa. Aitor Castañeda egileak gure historiaren une inportante bat aztertzen du liburu honetan, 1977a, eta Egin berripaperean Zakilixuten begirada kritikoa agertuko zaigu.

Gogoeta-bide irekiak: fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat (Filosofia saila, 12). Lan honetan, ikusketa filosofiko bat eskaintzeaz gain, auzi filosofikoak eztabaidatzeko proposamena egiten digu Agustin Arrieta irakasleak.

Pentsamenduaren testu klasikoak jasotzen dituen Limes bilduman, Francesco Guicciardiniren Florentziako gobernuaz solasean (Limes bilduma, 25) lana argitaratu da.

Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bilduman, Mikrobioen mundu liluragarria (ZIO 21) liburua sustatu du UPV/EHUko Euskara Zerbitzuak. Mikrobioak soilik gauza negatiboekin lotzen dira sarri, irudi desitxuratu eta aurreiritziz betean. Eta ez gara jabetzen, ordea, mikrobio gehienak onuragarriak ere badirela. Hori eta mikrobioen bestelako hainbat kontu jakingarri azaltzen dizkigu Josu Albero mikrobiologoak dibulgaziozko lan honetan: modu atseginean kontatuta, baina zorroztasun zientifikoari uko egin gabe.

Horrez gain, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa: oinarrizko testu aukeratuak (Legeak-Leyes, 23) lana dugu, Oscar Abalde eta Iñigo Iruretagoienaren eta Euskara Zerbitzuaren  ardurapean.

Sail eta bildumetatik kanpo, beste bost ikerketa ere argitaratu dira:

Pozik bizi. 8-10 urte bitarteko umeen emozioak eta depresio-sintomak hobetzeko programa, Elena Bernaras, Joana Jaureguizar eta Maite Garaigordobil irakasleena.
Helduaroan hainbeste kalte eragiten dituen depresio gaixotasuna prebenitzeko programa bat da. Irakasleak, haurrekin duten eguneroko harremanagatik eta gertutasunagatik, oso profesional egokiak dira eskolan mota honetako programak aurrera eramateko. Haurrek, programa honen bitartez, ikasten dute beren sentimendu eta emozioak identifikatzen eta horien aurrean erantzun egokia ematen.

Euskadi indarkeriaren ondoren - Euskadi después de la violencia, Jon Mirena Landak zuzendua eta Enara Garrok koordinatua. Liburu honek Euskadiko ETAren ondorengo egoera edo bake-prozesua aztertzen ditu, ideologia- eta metodologia-ikuspuntu ezberdinetatik, gatazkaren ostekoak diren gai giltzarrien gaineko gogoeta eginez.

Izen-sintagmaren antolaera, Juan Garzia itzultzaile, idazle eta irakasleak, Testugilearen Eskuliburua egitasmoaren barruan, testugilearentzat jakingarri eta baliagarri diren alderdiak azaltzen ditu Euskara Zerbitzuak sustatutako lan honetan: izen-sintagmek ematen dituzten aukerak, gomendagarri diren jokabideak, eta zalantzak eta korapiloak askatzen laguntzeko arrastoak.

Euskalkien sailkapen berria, Gotzon Aurrekoetxea, Iñaki Gaminde, Jose Luis Ormaetxea Txipi eta Xarles Videgain. Liburu honek aurretik egindako ikerketa askoren ondorioak biltzen ditu; eta, sorreran, irakurle zabala izan du gogoan, euskarari buruzko ikasketa berezirik izan ez arren euskararen bariazioari buruzko kontuak gustuko dituen irakurlea, euskalkien gaian interesatuta dagoena, alegia.

Gerraosteko Euskaltzaindiaren historia kulturala (1936-1954). Euskaltzaindiarekin elkarlanean argitaratu den lan honetan, Euskaltzaindiaren eta euskal kulturaren aro ilun hori, oinarri enpirikoarekin eta zintzotasun historikoarekin aztertzea izan da Anton Ugarte egilearen asmoa.

Horrez gain, omenaldien atalean bi izenburu argitaratu dira aurten: Traineru bete lagun: Iñaki Gaminde omenduz eta Bihotz ahots. M. L. Oñederra irakaslearen omenez.

Bestalde, euskarazko aldizkarien azken zenbakiak ere eramango dira Durangora: Ekaia (zientzia eta teknologia) aldizkariaren zenbaki arrunta eta Makina-erreminta ale berezia; Tantak (hezkuntza); eta Gogoa (diziplina anitzekoa). Baita ASJU (euskal filologia) aldizkari eleaniztuna ere.

Berrikuntza horietaz gain, bisitariek beste berrehun titulu ere izango dituzte aukeran.

Sormen kulturala

Atal berezia du sormen kulturalak aurtengoan, zeren hiru produktu berezi gauzatu diren: Gure hitzak liburua, testu laburrak, ipuinak, gogoetak eta poemak bildu dituen obra, literaturaren eta hitz idatziaren arloan, UPV/EHUren sormen eta artearen errealitatea biltzen duten hogei bat idazlerenak; Musikaversika diska, gure unibertsitatearen memoria musikala eraikitzeko asmoz sortu zen izen bereko lehiaketaren lehenengo bi edizioetan (2018-2019) finalista geratu ziren talde eta artistak biltzen dituena, eta BitaBE webgunea,  UPV/EHUko ikasleek  sortutako ikus-entzunezko ekoizpena bistaratzen duena.