euskaraespañol

Euskarazko 28 liburu berri eramango ditu aurten UPV/EHUk Durangora

55. edizio honetara, unibertsitateak nobedade guztiak bidali ditu jada, Azokaren online dendan eskuragarri egon daitezen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/02

UPV/EHUren uzta Durangoko Azokan

Euskal Herriko Unibertsitatea, euskara sustatzeko daukan konpromisoari eutsiz, Durangoko Azokan izango da aurten ere, euskal kulturaren erakustoki garrantzitsuenean. Aurtengo edizio "bereziak" ez du standik izango liburuak eta diskoak aurrez aurre ikusi, ukitu eta gainbegiratzeko, baina online dendan izango dira horiek guztiak. Hala, UPV/EHUk azken urtean euskaraz argitaratu dituen 28 titulu berri eramango ditu abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo den 55. edizio berezi honetara. 

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak jakintzaren arlo guztietako euskarazko liburuak aurkeztuko ditu Azokan. Aurreko urteekin alderatuta UPV/EHUk titulu gutxiago bidali ditu (66 guztira, horietatik 28 berri), azokaren aurtengo formatu berezira moldatzeko ahalegina eginda. Ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren erreferentziako lanek, ikerketek, ikasliburu teknikoek (sormenezko nahiz itzulpen bidezkoek) eta dibulgaziokoek osatzen dute aurtengo uzta. 

Beste batzuen artean, honako hauek aurkeztuko dira.  

Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936). Hainbat egile. Liburu honek Bilboko historian sartzen gaitu, bere garapenean lagundu zuten emakumeen bitartez. Lehenengo zatian politikaz, lanaz eta hezkuntzaz egindako azterlanak biltzen dira, testuinguruan jartzeko emakumearen egoera Bilbon aro garaikidean. Bigarrenean, hiribilduaren barruan eta kanpoan protagonismoa hartu zuten abangoardiako hamar emakumeren biografiaren berri ematen da: Bizenta Mogel (idazlea), Casilda Iturrizar (enpresaburua), Juana Whitney (irakaslea eta ekintzailea), Adelina Méndez (irakaslea), Benita Asas (irakaslea eta mugimendu feministaren aitzindaria), Virginia González Polo (sindikalista eta politikoa), Marcelina Elexgaray (sukaldaria eta ekintzailea), Sorne Unzueta (idazlea), Ticiana Iturri (Bilboko lehendabiziko emakume medikua) eta Haydée Agirre (propagandista politikoa). 

Kirmen Uribe: Bizitza, fikzioa. Mari Jose Olaziregi Alustiza, Amaia Elizalde Estenaga (arg.). Kirmen Uriberen obra literarioari buruzko ikerlanez osatutako liburua da. Haren helburua da euskal idazle honen literaturak eragin dituen hausnarketak eta analisiak biltzea, bai eta literatur genero desberdinetako lanak iruzkintzea ere. Kaleidoskopio baten antzera, ondarrutarraren unibertso literarioaren aurpegi eta ertz anitz jaso dira liburuan, haren obrak iradokitzen dituen kolore, egitura edo errealitate aberatsak. Uribek berak liburu honetako lehen atalean dioen bezala, irakurlerik gabe ez dago libururik eta kritikarik gabe liburua hegoak moztuak dituen hegaztia da. Herri eta familia arrantzale batean jaiotako idazlea dugu Kirmen Uribe, Bizkaiko kostan, Ondarroan, hain zuzen, eta kresal usaina erraietan daramala esan daiteke. 

Egungo euskal literatura eta futbola (Euskal Literatura saila, 21). Mari Mar Bollos/ Jon Kortazar (arg).  Literatura eta futbola bi errealitate kontrajarritzat har badaitezke ere, asko dira baieztapen horrek errealitatearekin zerikusirik ez duela erakusten diguten adibideak. Horietan murgiltzen gaituen liburua da hau. 

Larousse argitaletxearekin koedizioan, Oinarrizko hiztegia latina-euskara argitaratu da, orain arteko latina-euskara hiztegi osoena. 19.000 sarrera ditu. Erabilera-adibide ugari, itzulpen eredugarriekin. Perfektu eta partizipio perfektu zailenen zerrenda bildu da, bai eta 1.600 izen berezi: pertsona-izenak, leku-izenak eta pertsonaia mitologikoak. Gramatika-laburpen zehatza, egitura gramatikal nagusien itzulpen eredugarriekin. 

Lanbide Heziketako euskal ereduaren bilakaera. Liburu honek XIX. mendetik gaur egunera arte EAEn Lanbide Heziketak izan duen bilakaera aurkezten du. Hor ikus daitezke historian zehar izan dituen aldaketak, nagusiki hizkuntza-arloko transferentzia autonomikoen prozesutik eratorriak. 

Beatriz Fernándezen Le basque pour les francophones liburua argitaratu da, Euskera para castellano-hablantes liburuaren moldaketa. Badago joera bat euskara eta frantsesera oso hizkuntza ezberdinak direla aurkeztekoa. Lan honetan erakusten da, ordea, hizkuntza bi horien arteko gertukotasuna ere elementu askotan topa daitekeela. Liburuak bidaia bat proposatzen du, eta jantzi egiten du gertukotasun hori literatura eta zinemaren, historia partekatuaren, kantu eta kulturaren, bai eta, nola ez, gastronomiaren elementuekin.  

Adineko pertsonen elikadurari buruzko gida praktikoa. Adineko pertsonek nutrizio-arreta berezia eskatzen dute, osasun-ikuspegitik eta ikuspegi psikologiko eta sozialetik faktore nagusietako bat izango baita zahartze-prozesura bizi-kalitate onarekin izateko. Gida honek zenbait gomendio ematen ditu, ebidentzia zientifikoan eta, nola ez, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen (SEGG) eta Nutrizio Parenteral eta Enteraleko Espainiako Elkartearen (SENPE) Adostasun Dokumentuan oinarrituta. 

Robespierreren lan hautatuak. Jatorriz frantsesez idatzitako lanen itzulpena da hau, pentsalariaren hitzaldi adierazgarrienen bilduma. Auguste Vermorel-ek (1841-1871) prestatu zuen jatorrizko edizioa, eta Parisen argitaratu zen 1866an. Hauek dira, besteak beste, Robespierrek hitzaldietan jorratzen dituen gai nagusiak: Ba al du mugarik adierazpen askatasunak? Esporta al daiteke indarrez demokrazia? Irakats al daiteke herritar espiritua? Ba al liteke herria oker egotea? Berdintasun politikoa izateko, beharrezkoa al da berdintasun soziala? Zigortu behar al dute heriotzarekin iraultzaileek erregea? Etsai publikoek ba al dute eskubiderik legeek babes ditzaten? Espiritu demokratikoak behar al du oinarri erlijiosorik? 

Lauren Etxepare irakasleak Joseph Hiriart, Art Déco-aren maisu liburua idatzi du, Arte-Textos bildumaren barruan. Liburu honek arkitektura-bidaia bat egiten du, zeina Hiriartek Lapurdin egindako lanetatik abiatzen baita, eta Tunisko hiriko lanekin amaitzen. Azken hauei dagokienez, ikuspuntu bikoitz batetik erreparatzen die: alde batetik, kolonialismoaren emaitza eta arabiar hiriaren azpiratze- prozesuaren lekuko diren neurrian; eta beste aldetik, arkitektura arrazionalistaren eta Art Déco arkitekturaren artean bizi izandako gatazkaren erakusgarri diren aldetik. Frantziarren agindupean baina italiar komunitatearen bultzadaz, hiri europar handi bat sortuko zen, Medinaren antitesi baten gisara: hala nola Medina harresien barneko hiri gotor eta kale bihurriz osaturikoa zen, eta hiri europarra kuadrikula garbi baten arabera izango zen antolatua. 

Bestalde, euskarara itzuli ditugun irakaskuntzarako garrantzitsuak izango diren beste hizkuntzetako sona handiko hiru testuliburu argitaratuko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak, eta gaztelaniatik itzulitako hiru. 

  • Daniels eta Worthingham-en Muscle-testing liburu ezagunaren euskarazko argitalpena: Muskulu-probak. Eskuzko miaketarako eta funtzionamendua balioesteko teknikak. Muskuluen indarra eta funtzioa ebaluatzeko eskuliburu erabilgarria da fisioterapiako erreferentzia klasiko bat. Erraztu egiten du eskuzko muskulu-probetarako eta errendimendua balioesteko prozedurak ulertzea eta barneratzea. Jarraibideak argiak dira, eta irudiz lagunduak daude, erakusteko zer posiziotan jarri behar den pazientea, zer noranzkotan egin behar den mugimendua eta zer noranzkotan aplikatu behar den erresistentzia. Gizabanako normalei eta ahulezia edo paralisia dutenei egindako eskuzko muskulu-probez gainera, indar- eta errendimendu-proba alternatiboak eskaintzen ditu argitalpen honek. Halakoak egokiak dira adineko helduentzat, bai eta sasoi onean ez dauden edo obesitatea duten adin guztietako gizon-emakumeentzat ere.
  • Zergatik eta nola bihurtu didaktikari? Jean-Paul Broncart. Hizkuntzen didaktikari ekarpena egiten dioten Hizkuntzalaritza eta Psikologiaren ezagutzetatik abiatuta, Broncartek hizkuntzen irakaskuntzaren berezitasunak azaldu eta arazo didaktikoei irtenbide zehatza bilatzen die.
  • Lanerako eta komunikaziorako teknikak, Max Turull Rubinart (zuz.). Gizarte zientzietako eta zientzia juridikoetako ikasleek beren komunikazio tresnak era egokian landu ahal izateko irakasmateriala da testuliburu hau. Irakasle ezberdinek idatzia, titulazio eta arlo horietako fakultate ezberdinetan erabiltzeko modukoa. 

Beste itzulpen batzuk:  

  • Adineko pertsonen elikadurari buruzko gida praktikoa, Virginia Andía, Carlos Abecia, Enrique Echevarría, Alfredo Fernández-Quintela; Iñaki Milton-Laskibar, María Puy Portillo.
  • Erizaintza kirurgikoko eskuliburu praktikoa, Irrintzi Fernández Aedo (koor.). 

Horrez gain, euskaraz sortutako 6 eskuliburu argitaratu dira paperean. Zientzia eta Teknologian: Errepideak, I. Bide-sarea eta trafikoa, Heriberto Pérez Acebo. Gizarte Zientzietan: Lege-alderdiei buruzko hastapenak EAEko eraikigintza prozesuan, María Iceta Etxaberena; Administrazio publikoen analisirako sarrera, Adela Mesa, Ainhoa Novo, Arantxa Elizondo, Helena Franco, Jaione Mondragón, Jone Martínez-Palacios, Maria José Martinez idazleen lana.  Hezkuntza Zientzietan: Lehen Hezkuntzako irakaslegaientzako problemak: Aritmetika eta Aljebra, Joxemari Sarasua Fernández, Ane Izagirre Korta; Giza Zientzietan: Emilio López Adán. Euskal iraultza libertarioaren pentsalari, Pako Sudupe; eta Nazionalismoa eta Kultura. Entseguak eta iruzkinak Euskal Herriaren alde, Pruden Gartzia. Azken biak UEUrekin elkarlanean argitaratu dira. 

Bestalde, sail eta bildumetan ere ikerketa-lan batzuk argitaratu ditugu: 

Sail eta bildumetatik kanpo, beste ikerketa hauek ere argitaratu dira ere: 

Omenaldien atalean, honako izenburu hauek argitaratu dira: Eibartik Zuberoara euskalkietan barrena. Koldo Zuazori gorazarre eta Hitzak sarean. Pello Salabururi esker onez. 

Bestalde, euskarazko aldizkarien azken zenbakiak ere eramango ditugu Durangora: Ekaia (zientzia eta teknologia) aldizkariaren ale berezi bat, Itsas-Zientziak jorratzen dituena, eta 37-38 zenbakiak; Tantak (hezkuntza) 31-2 eta 32-1; eta Gogoa (diziplina anitzekoa), 20 eta 21. Baita ASJU euskal filologiako aldizkari eleaniztuna ere. 

Berrikuntza horietaz gain, online dendan,  beste 28 titulu egongo dira salgai. Aurreko urteekin alderatuta, kopurua txikiagoa da, pandemia dela eta Azokak aurten hartu behar izan duen formatuak mugatuta, baina urteroko ilusio berdinarekin gatoz Durangotik jakintza eman eta zabaltzera.