Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena sariak banatu dira

Gero eta euskarazko doktoretza-tesi gehiagok lortzen dute nazioarteko kalifikazioa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/08

Sarituak izan dira Asier López (Zientziak); Olatz Pérez de Viñaspre (Ingeniaritza eta Arkitektura); Mikele Macho (Osasun Zientziak); Juan Mari Aguirreurreta (Gizarte eta Lege Zientziak); eta Miren Ibarluzea (Artea eta Giza Zientziak). Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Hauek izan dira 2018ko sarituak: Asier López (Zientziak); Olatz Pérez de Viñaspre (Ingeniaritza eta Arkitektura); Mikele Macho (Osasun Zientziak); Juan Mari Aguirreurreta (Gizarte eta Lege Zientziak); eta Miren Ibarluzea (Artea eta Giza Zientziak). Diploma bana eta 2.000 euro gordineko diru-kopurua jaso dituzte.

Gaur, maiatzak 8 dituela, Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena sariak banatu dira Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Sariok bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientziak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak, eta Artea eta Giza Zientziak. Hurrenez hurren, hauek izan dira sarituak: Asier López; Olatz Pérez de Viñaspre; Mikele Macho; Juan Mari Aguirreurreta, eta Miren Ibarluzea. Diploma eta 2.000 euroko diru-kopurua jaso ditu bakoitzak.

Saria 2008tik antolatzen dute elkarlanean Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskaltzaindiaren Iker Sailak. Bi urterik behin egiten da deialdia, eta egitasmoaren sustatzaileek euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu izan dute hasiera-hasieratik: batetik, jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta, bestetik, euskararen normalizazio prozesuan guztiz lagungarriak direlako.

Sariak antolatzen dituzten bi erakundeen izenean, honako ordezkari hauek mintzatu dira gaur: Andres Urrutia euskaltzainburua, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Adolfo Arejita Iker sailburua eta Jon Zarate Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea.

Nazioartekotasuna

2018. urtean, 33 tesi defendatu ziren euskaraz UPV/EHUn, eta horietatik 17 nazioartekoak izan ziren, aurreko urteko kopurua bikoiztuz. Horretaz jardun du Nekane Balluerka errektoreak prentsaurrekoan: “Zientzian, beste hainbat diziplinatan bezala, kantitatea baino garrantzitsuagoa da kalitatea. Euskarazko doktorego tesien artean gero eta tesi gehiagok lortzen dute nazioarteko kalifikazioa. Horrek zer esan nahi du? Batetik, ikerketa egin duenak egonaldia egin behar izan duela atzerriko beste unibertsitate batean; bestetik, tesiaren laburpen sakon bat komunitate zientifikoak erabilitako hizkuntza batean publikatuko dela, hau da, ingelesez zabalduko dela”.

Euskarazko ikerketaren garrantzia ere nabarmendu dute gaurko agerpenean UPV/EHUko eta Euskaltzaindiko ordezkariek, eta, horrezaz gain, dibulgazioaz hitz egin du Adolfo Arejitak bere berbaldian: “Ikerkuntza premiazkoa du gizarte batek, aurrera egingo badu. Gizarte horren premia eta eskakizunei erantzungo dien ikerkuntza behar du, etorkizunaren zibuzabu eta noraezen aurrean urratsa ziur eta sendo emateko. Beraz, gure gizartearen premiei egoki erantzungo dien ikerkuntza behar dugu, eta gizartearen esku ipini”. “Euskal hizkuntza gizarte-fenomeno bat den bezala, ikerkuntzak ere gizarteari irekia eta haren mesedetan bideratua behar du izan –gaineratu du Iker sailburuak-, ez altxor gisa gorderik iraungo duen zerbait. Ikertzen den oro, baliokoa den bezanbatean, dibulgatzekoa da, eta horixe da, besteak beste, sarion bidez bilatzen dena”.

2018an azken urteotako lan kopuru bertsua aurkeztu zen, %8,41 (2017an, %8,96). Guztira 333 tesi defendatu ziren, horietako 33 euskaraz.

Sarituak

Hona hemen 2018ko Koldo Mitxelena sarietako bost jakintza-arlo nagusietako saridunen zerrenda:

1. Zientziak:

- Egilea: Asier López Eiguren

- Tesia: Eremu-teorien eta eredu analitikoen bidezko defektu kosmikoen ezaugarritzea.
 

2. Ingeniaritza eta Arkitektura:

- Egilea: Olatz Pérez de Viñaspre Garralda

- Tesia: Osasun-alorreko termino-sorkuntza automatikoa: SNOMED  Ctren eduki terminologikoaren euskaratzea.
 

3. Osasun Zientziak:

- Egilea: Mikele Macho Aizpurua

- Tesia: Herpes genitalaren ikerketa epidemiologiko, kliniko eta mikrobiologikoa Bilbo hirian.
 

4. Gizarte eta Lege Zientziak:

- Egilea: Juan Mari Aguirreurreta Elosegui

- Tesia: Fikzioa J.-P. Sartreren diskurtso teorikoan: fikzioaren antolamendua L´Etre et le Neant obra filosofikoaren ‘Begirada kapituluan’.

5. Artea eta Giza Zientziak:

- Egilea: Miren Ibarluzea Santisteban

- Tesia: Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografikoak eta itzultzaileak fikzioan.