euskaraespañol

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen arteko hitzarmenari esker, azken bi ikasturtean 2.500 ikasle inguruk parte hartu dute Euskarazko Wikipedia hobetzeko prozesuan

Gazte horiek, gehienak UPV/EHUko ikasleak, ia 800 artikulu berri sortu dituzte eta 1.200 inguru hobetu dituzte.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/27

Irudia

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak 2017an sinatu zuten hitzarmenari esker, 2.500 ikasle inguruk (gehienak unibertsitarioak) ia 800 artikulu berri sortu dituzte Euskarazko Wikipedian eta beste 1.200 inguru hobetu dituzte azken bi ikasturtean. Elkarlan horri esker eta, oro har, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen sustapen lanari esker, bisitari kopurua ere nabarmen igo da: iaz 30 milioi bisita izan zituen Euskarazko Wikipediak (2017an baino 5 milioi gehiago) eta aurten 100.000 bisitari baino gehiago izan ditu hainbat egunetan. Era berean, hitzarmena martxan jarri zenetik hezkuntza curriculumari lotutako ehunka artikulu sortu eta txukundu dira eta, laster, zerrenda horretako 1.000 artikulu kalitate maila handikoak izango dira.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak dinamika honen berri eman du gaur goizean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan egin den prentsaurreko batean. Berarekin izan dira Euskal Wikilarien Elkarteko kideak, bai eta UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Jon Zarate. Azaldu dutenez, elkarlan honen bidez orain bi urte sinatutako akordioaren helburuak betetzen ari dira. “Ingurune digitala eremu estrategikoa da euskararentzat, eta Euskarazko Wikipediaren inguruan bultzatzen ari garen elkarlana eredugarria gertatzen ari da. Artikulu kopuruari eta horien kalitateari erreparatuz, Euskarazko Wikipediak prestigioa irabazi du eta oso posizio onean kokatu da. Eta horri esker milaka bisitari ditu egunero, egun batzuetan 100.000 baino gehiago. Hori zen lankidetza honen helburua: kalitatezko eduki digitalak euskaraz ere eskaini ahal izatea”, adierazi du Zupiriak.

Curriculumari lotutako artikuluak

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen arteko lankidetzaren emaitzak hasieran adostu zena baino harago joan diren arren, burutzen ari den elkarlanaren ardatza ‘Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat’ proiektua da. Ekimen honen jatorrian ‘Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda’ eta antzeko nazioarteko proiektuak daude. Helburu hori gauzatzeko, alegia, ikasleentzat ezinbestekoak izan zitezkeen 1.000 artikuluak osatzeko, lehen pausoa ikasleen hezkuntza-curriculuma aztertzea izan zen. “Hasiera batean 1.000 artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori baino harago joango ginela. Arloz arlo artikulurik garrantzitsuenak zehazteari ekin genion. 1.700 artikulu atera zitzaizkigun lehen zerrenda batean eta orain darabilgun zerrendan 1.900 ditugu”, adierazi du Edurne Agirrek, Euskal Wikilarien Kultura Elkartetik.

Horrela, akordioari esker, DBHko ikasleentzat interesgarriak gerta daitezkeen ehunka artikulu sortu dira (300 inguru) eta, horrekin batera, artikulu gehienak hobetu dira. “Artikuluen kalitatea baloratzeko irizpide ezberdinak daude. Tamainari erreparatuz, ikasleentzako pentsatutako artikuluak % 78 hazi dira: artikulu hauek 11.400.000 byte pisatzen zituzten proiektua hasi genuenean, eta 20.266.000 byte orain. Bestalde, ORES sistema erabili dugu artikuluen egiturazko kalitatea neurtzeko. Sistema hau ez da perfektua, baina eskaintzen dizkigu hainbat pista artikuluen kalitatea neurtzeko. Sistemak maila ezberdinak eskaintzen ditu artikuluen kalitatea sailkatzeko (nabarmen, ona, B, C, hasi eta zirriborro), eta argi ikusi dugu nola kalitate maila aipagarria duten artikuluak nabarmen areagotu diren. C kategoria edo gehiago duten curriculumari lotutako artikuluak 954. dira momentu honetan, helburu gisa jarri genituen 1.000 artikuluetatik oso gertu. Beraz, aurki ikasleentzat interesgarriak diren 1.000 artikulu izango ditugu. Ehunka artikulu berri sortzearekin batera, kalitatea ere nabarmen hobetzen ari da”, nabarmendu du Agirrek.

1.900 artikulu hartzen dituen zerrenda horri erreparatuz, oraindik 216 artikulu daude sortu barik, horietako asko literaturaren ingurukoak (heren bat, gutxi-gorabehera). Aldiz, Euskal Wikilarien Kultura Elkartetik azaldu dutenez, kultura zientifikoaren eta geologiaren inguruko artikuluak ugari eta kalitate handikoak dira: “Badugu beste eremu bat artikulu nabarmenduetan modu esanguratsuan igo dena: kultura zientifikoan eta geologian dauden planetei buruzko artikuluak. Gaur egun Eguzki-sistemako objektu nagusi guztiak, baita sistemari buruzko artikuluak ere nabarmenak dira. Inprimatuz gero inoiz euskaraz gai honi buruz idatzi den libururik mardulena izango litzateke, eta lorpen hori aldarrikatu egin behar dugu”.

Lehiaketak eta unibertsitatea

Artikuluak hobetzeko prozedura nagusiei dagokienez, hiru izan dira bide nagusiak. Garrantzitsuena unibertsitateekin izandako lankidetza izan da, baina antolatu diren lehiaketa arrakastatsuak eta Donostiako liburuzainen lankidetza ere aipatu behar dira. Hiru bide horien bitartez hezkuntzako zerrendari lotutako artikuluak zein bestelakoak ugaritu eta hobetu dira.

Euskal Herriko Unibertsitatea izan da proiektu honen bidelagun nagusia, baina Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere parte hartu dute proiektuan. Euskal Herriko Unibertsitateari dagokionez, 2017-2018 ikasturtean 42 ikasgaitan landu zen Euskarazko Wikipedia (18 Bizkaian, 14 Gipuzkoan eta 10 Araban), eta 2018-2019 ikasturtean, aldiz, 60 ikasgaitan (27 Bizkaian, 19 Gipuzkoan eta 14 Araban).

Guztira, bi ikasturte horietan UPV/EHUko 2.000 ikasle inguruk parte hartu dute Euskarazko Wikipedia osatzeko proiektuan. Horiez gain, gainontzeko unibertsitateetako beste 200 ikasle inguruk eta batxilergoko beste 300 ikaslek ere parte hartu dute proiektuan. Beraz, 2.500 ikasle aritu dira wikilari lanetan. Ikasle hauek 2.410.000 hitz gehitu dizkiete euskarazko Wikipediari, gure entziklopediaren %4,82. Ikasleek egindako artikuluek 434.000 ikustaldi izan dituzte tarte honetan eta 2.000 artikulu inguru hobetu dituzte (aipatutako 800 horiek sortu, zehazki 769, eta beste 1.200 hobetu). Artikulu horietako batzuk ‘Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat’ proiektuaren zerrendakoak dira; beste batzuk, ordea, ikasleen esparruetako oinarrizko gaiak dira.

“Orokorrean emaitza hobeak izan ditugu zientziatan eta ingeniaritzatan letretan baino. Badirudi interes handiagoa dagoela zientzialarien artean dibulgaziorako, eta hau interesgarria da kontzeptu zailagoak izaten direlako; hala ere, historia eta geografia eremua ez da ia landu denbora honetan”, azaldu dute Euskal Wikilarien Kultura Elkartetik.

Txikipedia

2018ko udaberrian euskal wikilariek beren proiekturik berritzaileena sortu zuten: Txikipedia. Abiapuntua lehendik zegoen Vikidia zen, frantsesez sortutako haurrentzako entziklopedia. Urte batzuetako lanaren ostean, euskarazko Vikidiak 700 artikulu zituen, baina gehienak laburrak ziren eta atariak arazo teknikoak zituen: “Ikusgarritasunik gabe, laguntza teknikorik gabe eta Wikipediak dituen erraztasunik gabe, zaila egiten zitzaigun jendea horra bideratzea. Horregatik 2018ko apirilean Vikidian zegoen guztia Txikipedia izeneko proiektura pasatzea erabaki genuen, Wikimedia Norvegiaren laguntza teknikoarekin”.

Atari berri honen arrakasta nabarmena izan da: urte baten buruan 1.900 artikulu gehitu ditu Txikipediak, eta lehendik zituenak ere sakonagoak dira. Horrez gain, Txikipe. Proiektu honen kasuan ere, euskal wikilariek lan egin dute ikastetxeetako ikasleekin eta irakasle-eskoletako ikasleekin: “Azken hauek kalitate handiko ekarpena egin dute, bereziki matematiketan eta natur zientziatan”.

Euskarazko Wikipediaren posizioa

Duela 18 urte sortua, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. 302 hizkuntzatan argitaratzen da eta 2003tik euskaraz ere argitaratzen da. Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu gaur eta iaz 30.000.000 bisita izan zituen (aurten 100.000 bisitatik gora izan dira ikasturteko egun askotan). Artikulu kopuruaren arabera, Euskarazko Wikipedia 29 postuan dago, malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik (orain bi urte 31. postuan zegoen). Halaber, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 50 Wikipedien artean ere badago. Euskarazko Wikipedia erreferentzia bilakatu da munduko hainbat hizkuntza ez-hegemonikorentzat, eta aurtengo udaberrian mundu osoko wikilariak Donostian antolatutako ‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko konferentzian izan dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin, euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko zituen, urtero, hiru urtez luzatuko zen proiektua honetan (guztira, 600.000 euro 2017, 2018 eta 2019an). Akordio horren emaitzak oso nabarmenak izan dira 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturtetan zehar, gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez. 2017an sinatutako akordioa abendura arte luzatuko da.