euskaraespañol

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak UPV/EHU bisitatu du

Agintari akademikoekin batera, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa eta Plentziako Itsas Estazioa bisitatu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/25

Irudia
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko ordezkariak unibertsitate agintariekin batera, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentrora (CFAA) egindako bisitan

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen ordezkaritza batek, gaur, asteartea, bisita bat egin du Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatera (UPV/EHU). Ikerketaren arloko errektoreordea, José Luis Martín, eta Bizkaiko Campuseko errektoreorde, Patxi Juaristirekin batera, Legebiltzarreko ordezkaritzak lehen eskutik ezagutu ditu UPV/EHUren azpiegitura garrantzitsuenetako bi, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (FAAZ) eta Plentziako Itsas Estazioa (PIE), hain zuzen ere.

Ikerketaren arloko errektoreordeak nabarmendu du oso garrantzitsua dela bisita hori, erakundeen ikuspegitik: “Uste dugu oso garrantzitsua dela Eusko Legebiltzarra Euskal Herriko Unibertsitatera hurbiltzea, eta gertutik ezagutzea gure ikerketa eta irakaskuntza lana, eta bereziki eredugarriak diren bi azpiegitura hauek. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Hezkuntza Batzordeari eta haren ordezkariei, gonbidapen hau onartzeagatik”.

Bisitaren helburua Euskal Herriko Unibertsitateko puntako bi azpiegitura ezagutzea izan da.

Lehenik, Eusko Legebiltzarreko ordezkaritzak Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (FAAZ) ezagutu du. Zentro hau 2015ean sortu zen, zentro misto moduan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta eta finantzatuta. Horrez gain, 75 enpresako talde bat ere zentroaren kide da. Zamudion dago kokatuta, Bizkaiko Parke Teknologikoan, eta haren helburua da teknologia aurreratuen jakintza berria sortzea fabrikazio aeronautikoan. Oraintxe, zentroan lankidetzako ehun ikerketa proiektutan baino gehiagotan ari dira lanean. Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak ekoizpen teknologietan aurreratu nahi du, 6-7ko heldutasun teknologia mailetan (TRL). Horrek esan nahi du benetakoen antzeko tamaina eta funtzioetako proiektuak garatzeko makinak eta teknologiak erabiltzea. Aldi berean, unibertsitatearen, enpresen eta erakundeen artean sor daitezkeen sinergia guztiak aprobetxatzen ditu, eta ahaleginak I+G jarduera eta euskal industriarako interesgarriak diren teknologiak ustiatzeko eta aeronautikako gaitasun zientifiko teknologikoak garatzeko goi mailako prestakuntza bat garatzera bideratzen. Euskadirentzat giltzarri diren bi sektoreren sinergia-eragina, aeronautikoa eta makina erremintarena, zentroaren abantaila handiena da.

Jarraian, Legebiltzarreko eta Unibertsitateko agintariak Plentziako Itsas Estaziora (PIE) gerturatu dira. 2012an inauguratu zen PIE, eta Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentaleko ikerketa zentro bat da, batez ere ikerketa zientifiko eta teknologikoan, graduondoko nazioarteko hezkuntzan eta dibulgazio zientifikoko eta ingurumen kontzientziazioko ekintzetan jarduten duena. Gaur egun, mundu mailan lider da bere esparru akademikoko ikerkuntzan eta irakaskuntzan. Hainbat iker lerro jorratzen ditu eta, bere irakaskuntza jardueraren barruan, bere baitan egiten diren bi master nabarmendu behar dira, “Master of Science in Marine Environment and Resources” eta “International Master in Marine Biological Resources”. Biek dute Erasmus Mundus nazioarteko kalifikazioa: nazioarteko ikasketa programa integratu eta prestigiotsuak dira, goi mailako hezkuntzako erakundeen nazioarteko partzuergo batek elkarrekin ematen dituenak. PIE Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroaren  (EMBRC) Espainiako nodotzat aitortu da (Vigoko Unibertsitateko ECIMAT –Torallako Itsas Zientzien Estazioarekin Partzuergoan).