euskaraespañol

Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea: «Unibertsitate publiko bat gara, eta horrek, lan egiteko modu bat ez ezik, izateko modu bat ere markatzen du»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/28

Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea
Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Joan den astelehenean, urtarrilak 25, Eva Ferreira Ekonomia Aplikatuko katedradunak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore kargua hartu zuen lehendakaria buru izan zen ekitaldian. Hori dela eta, Campusak lehen elkarrizketa egin dio, erantzukizun hori hartu berritan.

Nola sortzen da unibertsitate bateko errektorea aukeratzeko hauteskunde batzuetan aurkezteko nahia?

Ilusioen eta erantzukizunaren nahasketa bat izan da. Aurreko errektore taldeen lanean parte hartu izan dut, eta lehen eskutik ezagutzen dut zer baldintzatan egiten den lan hori. Errektoretza taldean badago nolabaiteko nabarmentasun instituzionala eta mediatikoa, baina, batez ere, lan itzela dago. Nire aurrekoak, Nekane Balluerkak, egindako lanaren ondoren, norbaitek hartu behar zuen erreleboa, eta horretarako hautagaitza berriak prestatu behar ziren, eta unibertsitateko kideek horren gaineko iritzia eman behar zuten. Proiektuak ilusioa egiten zidan, eta, nire esperientzia aintzat hartuta, hautagai gisa aurkezteko nolabaiteko erantzukizuna nuela ere sentitzen nuen.

Hori bai, hautatua izan ondoren, sentsazio berriak agertzen dira: ohore handia sentitzen dut jaso dudan babesagatik, eta zeregina nireganatzen dut, nire unibertsitatearen buruan jartzearen harrotasunez eta ikasten eta hobetzen jarraitzearen umiltasunez.

Aldaketa esanguratsuak aurreikusten dituzu orain arteko kudeaketarekin alderatuta?

Unibertsitatea bezalako erakunde batean, non balio nagusia giza kapitala eta ahalegin kolektiboen batura baita, eraikitakoaren gainean eraiki behar dugu. Zentzu horretan, aurreko taldeek utzitako herentzia zinez baliotsuaren onura jasoko du gure taldeak. Ildo beretik, ikastegietako dekanotza eta zuzendaritza taldeek egindako lana aitortzen dugu, eta baita sailetako zuzendaritzek eta zerbitzuek egindakoa ere. Eraikitakoaren gaineko eraikitze hori, ordea, modu dinamikoan egiten da; ezagutza eboluzionatzen doa, baita unibertsitatea ere harekin batera. Horrek ekarpen berritzaileak eskatzen ditu eraikinaren konfigurazioan. Aurreko taldeen lana aitortzea –eta eskertzea- bezain beharrezkoa iruditzen zait proiektu berriak gehitzea proiektu kolektibo handi horretan, hori baita etengabe eboluzionatzen ari den unibertsitate bat.

Horrek lan egiteko estilo berri bat dakar?

Dagoeneko esan dudanez, eraikitakoaren gainean eraikitzea da gakoa, baina berritasunak sortzea funtsezkoa da eboluzionatzeko. Pertsona desberdinek egiteko modu desberdinak dituzte, baina garai desberdinek begirada desberdinak ere eskatzen dituzte.

Esparru horren barruan, kudeaketa kultura ireki bat finkatu nahi dugu, integratzailea izango dena eta sentsibilitate guztiak aintzat hartuko dituena. Unibertsitateko kideek giza talde oso konplexu bat osatzen dute: gure eginbeharra da harremanetan egotea une oro ikasleekin, irakasle-ikertzaileekin eta administrazio eta zerbitzuetako langileekin. Kudeaketa helburu garbiak edukita egin behar da, eta helburu kolektibo horiek partekatu behar dira, norberaren helburu ere bihur daitezen. Horrekin batera, oso garrantzitsua irizten diot egindako lanarekin jarraitzeari eta erakunde publikoekin, hedabideekin eta gizarte sektore guztiekin lankidetzan aritzeko kultura bat errotzeari.

Eta zein dira zure proiektu esanguratsuenak hasi berri den etapa berri honetarako?

Oinarrizko hainbat alderdi daude.

Alde batetik, nazioartekotzea. Nazioarteko bikaintasun campus bat osatzen dugu, Bordeleko Unibertsitatearekin batera; munduko 400 unibertsitate onenen artean gaude; eta orain dela gutxi Enlight aliantza eratu du, Europako lehen mailako beste 8 unibertsitaterekin batera. Nazioartekotze horrek aukera bat izan behar du ere irakasle, ikasle eta AZPko langileen mugikortasunerako; izan ere, ibilbide akademiko eta profesional hobeek euskal unibertsitate eta gizarte hobe bat egingo dute. Iradoki didate agian ausartegi izan daitekeela horrelako gauzak esatea, baina aitortu behar dut gustatuko litzaidakela Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 300 unibertsitate onenen artean egotea. Barneko erronka sendo batez eta erakundeen lankidetzaz hamarkada honetan lor daiteke, seguru nago.

Irakaskuntza eta ikerketaren arloan hiru puntu nagusi azpimarratuko nituzke: bikaintasuneko ikerketa indartzea (horretarako nazioartekotzea ere garrantzitsua da); prestakuntza dualeko eredua errotzea eta zabaltzea; eta, ekintzailetzaren kultura bultzatzea (eta hura ahalbidetzen duten baliabide guztiak).

Horrez gain, gure lan osoaren gidari izan behar duen ezinbesteko alderdi bat gehituko nuke: gizarte funtzioa. Unibertsitate publiko bat gara, eta horrek, lan egiteko modu  bat ez ezik, izateko modu bat ere markatzen du. Kargua hartu nuenean zera esan nuen, gaitasun intelektualek ez dutela aukera ekonomikoez ulertzen. Gure betebeharra da inor ez geratzea unibertsitatera sartu gabe, haren egoera ekonomikoa edo gizarte aurreiritziak direla eta. Hori bakarrik ez, gizarte erronkak, garapen jasangarriko helburu gisa kalifikatutakoak, gure jardueraren erdigunean jarri behar ditugu; izan ere, ezagutza baino askoz gehiago behar da horiei ekiteko, alabaina, ezagutza izan ezean, erabat ezinezkoa izango litzateke horiek lortzea.