Eva Ferreirak UPV/EHUko errektore izateko hautagaitzaren aurkezpena egin du

Bizkaia Aretoan gaur egin den ez-ohiko Klaustroan, hauteskunde programa azaldu du unibertsitateko ordezkaritza organo gorenaren aurrean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/12

Eva Ferreira (ezkerrean) eta Nekane Balluerka (eskuinean) Ezohiko Klaustroan
Eva Ferreira (ezkerrean) eta Nekane Balluerka (eskuinean) Ezohiko Klaustroan. Argazkia: Tere ormazabal. UPV/EHU

Gaur Bizkaia Aretoan egin den ez-ohiko Klaustroan, Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektoregai bakarrak, hauteskunde programaren ildo nagusiak azaldu ditu, eta jasotako abalak eskertu ditu, horiek gabe ezin izango baitzuen hautagaitza aurkeztu.

Ekonomia Aplikatuko katedradunak bere taldearen osaera paritarioa azpimarratu du bere hitzaldian, eta, era berean, ezagutza arlo askotarikoarekin eta unibertsitatearen campus aniztasunarekin bat datorrela adierazi du. Unibertsitate euskalduna, publikoa, orotarikoa eta mundura irekia izatearen aldeko apustua berretsi du, eta, era berean, gizarteak dituen erronka handiek eta Nazio Batuen Erakundeak onartutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuek markatutako agenda hartu du bere gain, eta horiei beste helburu bat gehitu die, euskara eta euskal kultura babestera eta bultzatzera bideratua. Ondoren, hautagaiak bere programako puntu nagusien nondik norakoa azaldu du.  

Hala, prestakuntzari dagokionez, arlo honetako ideia nagusi gisa ezarri du graduko eskaintzaren izaera egonkorra eta graduondokoen eskaintzaren izaera dinamikoagoa eta nazioartekoagoa. Halaber, masterretako ingelesezko eskaintza eta, oro har, graduondoko eskaintza zabaltzeko asmoa adierazi du, bai eta on-lineko etengabeko prestakuntza bultzatzeko eta zeharkako gaitasunen garapena hobetzeko asmoa ere. 

Ikerketaren eta transferentziaren arloan, ardatz nagusi ditu ikerketak nazioartean aintzatespen handiago izatea, diziplinarteko lankidetza areagotzea eta kanpoko eta nazioarteko aliantzak izatea, baina ahalegin berezia eginda ikertzaile berriei laguntzeko. 

Kulturaren eta gizartearen atalean, konpromisoa hartu du UPV/EHUren ezagutzaren eta ondare kulturalaren komunikazioa eta zabalkundea hobetzeko, bai eta ingurune sozioekonomikoarekin harremanak estutzekoa ere, euskal gizartean kultura zientifiko eta humanistikoaren hobekuntzan buru izateko, euskal kulturari eta euskarari arreta berezia eskainita. 

Jarraian, atal zabal bati heldu dio, pertsonak izenburupean. Ekintza sorta zabala aurkeztu du, besteak beste: IRIen (irakasleen eta ikertzaileen) eta AZPkoen (administrazio eta zerbitzuetako langileen) beharren urte anitzeko plangintza, karrera profesionalerako laguntza; plantilla gaztetzea; unibertsitate osoaren erantzunkidetasunaren eta inplikazioaren aldeko apustua erabakiak hartzerakoan; ikasle bakoitzaren eginkizun aktiboa eta erantzukidea prestakuntza prozesuan; eta campusak egokitzea, atseginagoak eta bizitza sozial handiagokoak izan daitezen. 

Azkenik, gobernantzaren eta baliabideen atalean, hautagaiak honako hauek azaldu ditu helburu nagusi gisa: prozesuen gardentasuna; arau oztopoak eta administrazio kargak kentzea; finantzaketa publikoa eta pribatua hobetzea; eta genero berdintasuna sustatzea unibertsitateko lidergoan. 

Amaitzeko, hautagaiak Klaustroari eskatu dio unibertsitate komunitate osoa motibatzeko, botoa emanda proiektu kolektiboan parte hartzeko.  Garai zailetan inoiz baino unibertsitate batuagoa behar da, berak esan duen legez: “Gure unibertsitatearen etorkizuna elkarrekin ez bada, ez da izango”.  

Bere hauteskunde programa aurkeztu ostean, Eva Ferreira errektoregaiak Klaustroko kideek egindako galderei erantzun die.  

Azaroaren 9tik irekita dago botoa aldez aurretik emateko epea, eta prozedura horri esker, hautesle guztiek aukera izango dute langunean horretarako prestatutako tokira joan eta botoa emateko. Epe luzea ezarri da eskubide hori baliatzeko: egun horretatik azaroaren 23ra arte. Bozketaren eguna azaroaren 26a izango da, 09:00etatik 18:00etara.