euskaraespañol

Erakusketa: Txoria txori

Noiz eta non

Noiztik: 2021/09/28 Noiz arte: 2021/10/14

Kokapena

Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Irudia
Argazkia: Nagore Legarreta

Deskribapena

‘Txoria txori  Mikel Laboaren abesti ezaguna da. Joxean Artzek hitzak jarri zituen. Abesti hori abiapuntua hartuta ikus-entzunezko proiektu bat garatu da, erakusketan jasotzen dena. UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak sustatu du ekimen hau, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Akelarre hotela-jatetxearekin eta Behirada enpresarekin elkarlanean. Erakusketa UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroaren Txillardegi aretoan, Donostian, ikusgai izango da irailak 28tik urriak 14ra bitartean. Sarrera irekia da.

Mikel Laboa Katedrako zuzendari Jone Miren Hernandezek dio: “Txoria txori abestia presentzia handiko doinua da gurean. Behin eta berriz gogora datorkigun kanta dugu; pertsona askoren bizitzaren partea dena, egoera anitzeko soinu-banda. Bizipen guzti horiei koreografia bat jartzea du helburu Txoria Txoriren inguruan egindako ikus-entzunezkoak. Kantu horri omenaldi bat egin nahian, hainbat sortzailek egin dute bat Laboaren abestia dantzatzeko, gozatzeko eta zabaltzeko asmoz”.

Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzariek txoria txori abestia dantza bihurtu dute. Vitali Sfronkinek Iker Murilloren bizi-esperientzia islatzen duen koreografia sortu du, beste dantzari batzuek bezala, bere lurraldetik urrun profesionalki hezi behar izan zuena. Inge Mendiorozen zuzendaritzapean, Jorge Oteizaren estetikari erreferentzia egiten dion bideo batean jaso da dantza pieza hau. Argazki zuzendaria Haritz Arrizabala izan da. Bestalde, Nagore Legarreta argazkilariak bere istorioa sortu du bideoaren grabazioan, bakarkako saio batean egindako argazki ikusgarriekin. Bihar inauguratuko den erakusketa argazki, bideo eta Ramon Garcia Zabalegik proiektu honetarako diseinatutako jantziekin osatutako talde lan honen emaitza da.