ERAKUSKETA: Kriminologiaren Euskal Institutuak 40 urte

Noiz eta non

  • Noiztik: 2019/02/04
  • Noiz arte: 2019/02/27

Kokapena

Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2 - 20018 Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

‘Transdiziplinaritaterako bidean: Kriminologiaren Euskal Institutuak 40 urte’ izeneko erakusketa ikusgai dago  UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan, Donostian. Hau EHUkultura Gipuzkoa programaren baitan antolatu da eta ikusle guztientzako egongo da irekia, aipatutako zentroan, Donostian, otsailaren 4tik 27era bitartean. Ordutegia goizeko 8etatik arratsaldeko 8ak arte izango da, astelehenetik ostiralera, eta larunbatean 9:00-14:00. Sarrera librea da.

“Erakusketa honen bidez IVAC/KREIren esker ona adierazi nahi diogu gizarteari, eta hainbat galdera partekatu nahi ditugu harekin. Azken lau hamarkadatan galdera horietara hurbiltzen saiatu gara, erantzun aukera ugari planteatuta, zeinak irekiak egon baitira beti etorkizuneko belaunaldientzat ezagutza berriak jasotzeari begira. Gizarte arazoei lotutako gaiez ari gara, eta horiek ulertzeko, haien eraginpean dauden taldeak aintzat hartu nahi izan ditugu beti, ez aztergai gisa, subjektu gisa baizik, ikerketa aplikatuen esparruan, elkarlanean eta eragin neurgarria bilatuta, batzuetan epe ertain eta luzera”, esan du Gemma Varona Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaile doktore iraunkor zein erakusketaren komisarioak.

“IVAC/KREI aitzindaria izan da arlo askotan, eta erakusketa honetarako aukeratu dugun formatuaren bidez, eskuartean ditugun gaiak gizartearentzat garrantzitsuak direla eta eztabaidarako irekita daudela adierazi nahi dugu. Horregatik, laguntzaile gisa, hainbat giza irudi jartzea erabaki dugu, elkarrizketa patxadatsu eta zientifiko batera gonbidatzen gaituztenak, gure institutuaren historia eratzen duten hainbat gai ardatz hartuta. Ibilbide sigi-sagatsu baten barrena, gogoeta bat egin nahi dugu zuekin batera Kriminologiaren inguruan: zer den (eta zer ez), zertarako balio duen, zergatik behar dira diziplina asko arazoei ekiteko, zer egiteko du IVAC/KREIk, zer ekarpen egiten ditu ikergaietan, irakaskuntzan eta aholkularitzan, zer atal dituen, zer argitalpen dituen, eta zein diren haren mugarri nagusiak. Denboraren lerro batekin batera, irudien aukeraketa bat egingo dugu, eta horien bidez IVAC/KREIren historia laburra partekatu nahi dugu; historia bat, aurrera doana eta gizarteari eta, bereziki, gizarte bazterkeria eta sufrimendu bidegabea jasan duten pertsonei esker gertatu dena, haiengandik beti ikasi dugulako. Amaitzeko, liburu ireki bat eskaintzen dugu etorkizuneko lan lerroak proposatzeko, 40 urte ezer gutxi baitira eskuartean ditugun erronkei ekiteko. Hain zuzen, erantzun errazak, itxiak eta ulergaitzak eskaini beharrean, galderak elkarrekin eta zorroztasunez egiten jarraitzeak gure jarduera pasioz egitera bultzatzen gaitu: irudimena lantzea, paradigmei aurre eginez, diziplinen barruan eta artean” esan du Gemma Varonak.