euskaraespañol

Maravillas Díaz

Ez da gauza bera musika irakastea eta musikariak prestatzea

Musika Adierazpidearen Didaktika Arloko irakasle erretiratua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/15

Irudia

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean dago.

Ez da gauza bera matematika irakastea eta matematikari bat prestatzea, eta era berean, eskolan musika irakasteko asmoak ez du helburutzat musikariak prestatzea, Silvia M. Carabetta psikologo eta hezitzaile argentinarrak adierazi duen bezala.

Musika irakastea hezkuntza konpromiso bat da, eta gaur egungo gizartearen eskaerari egokitu beharra dago. Eskolan kalitatezko musika hezkuntza ematea da musika irakasleon kezka, eta esperientziaz dakigunez, Hezkuntzaren Lege berri bat aurkezten duten bakoitzean zalantzan jartzen da musikaren garrantzia.

Gainera, curriculumaren edukiak antolatzea baliteke zailtasun erantsia izatea irakasleak ikastetxean edo institutuan zer zeregin duen planifikatzeko orduan. Funtsezkoa da jakitea zer lortu nahi edo behar dugun, eman diguten curriculum denborari behar besteko etekina aterako badiogu.

Musikaz haratagoko prestakuntza balioa

Musika irakasleen iritziz, curriculum denbora ez da aski, irakasgaiak musikaren ikuspegitik haratago prestakuntza balioa duela kontuan hartzen badugu. Azken urteotan, gero eta interes handiagoa dago musika hezkuntzak ikasleen ongizate psikologikoan zer nolako eragina duen aztertzeko.

Musikak ikasleen autoestimuan esku hartzen duela ikusi da, bai eta, horrenbestez, haien autoeraginkortasunean ere; aliatu ona dagatazkak era baketsu batez bideratzeko garaian; ikaskuntza esanguratsua indartzen du, eta talde lana errazten du.

Musika irakasteak hezkuntzaren eta ikaskuntzaren kalitatea eta egokitasuna laguntzen ditu, azken batean, eta honelako ikasleak prestatzea dakar: ikasle kritikoak, malguak eta erantzukizunak hartzeko gai direnak.

Kulturaren eginkizun demokratizatzailea

Musikak onura pertsonalak eta sozialak ematen ditu, halaber. Bizitzan zehar kultura eta ezagutza bereganatzea sustatzen du.

Eskola ezinbestean izan behar da kulturaren demokratizazio horren bermatzaile, eta, ikasleei bizi garapena eraginkortasunez gauzatu dezaten laguntzeaz gain, aukerak ere eman behar dizkie kultura nortasunetan parte hartzeko eta haiek ulertu eta eraikitzeko.

Garrantzi handia hartzen du, hortaz, irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzak. Prestakuntza horren barruan sartzen da musika irakasteko gaitasuna ematea: musika irakasteko, musika jakin behar da. Agerikoa da, baina, azpimarratzea komeni da, halere.

Eskola curriculumaren barruan musika irakasteko orduan efikazia eta efizientzia maila handia lortzeko bidean, honako hauek izango dira lagungarri: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eskura izatea, dauden baliabideak erabiltzea, eta babes handiagoa izatea hezkuntza administrazioaren eta eskola komunitatearen aldetik.

Musika eskola ingurunean

Testu honen sarrerako esaldiak nabarmendu bezala, irakaskuntza orokorreko musika hezkuntzaren helburua ez da musikariak prestatzea. Hori ez da oztopo, ordea, ikasleek musikarekiko interesa ager dezaten, modu amateurrean edo etorkizun profesional gisa.

Horri dagokionez, irakasgai jakin bat ikastean irakasleak utzitako arrasto –dudarik gabe positibo– baten ondorioz lanbide ibilbidea erabaki zuten pertsonen adibide ugari ezagutzen dugu.

Musika heziketaren erronka handia da gure ikasleak musikaz gozatzera –hura beharrezko sentitzera– iristea, eta horrekin lortzen badugu haien musikarekiko interesa ikasgelatik haratago joatea, are helburu handiagoa lortua izango dugu.

Gure egunerokotasunean ageri da musika, eta musika bizitza hori kudeatzen laguntzeko akonpainamendua izan behar da haren heziketaren erronketako bat, musika kritikoki entzun, ulertu eta gozatu ahal izan dezaten, eta, kasurik onenean, soinuaren unibertsoan parte hartze aktiboa izan dezaten.

Zentro espezializatuekiko lankidetza

Gaur egun, musika eskolek, kontserbatorioek eta musika akademiek gizartean bizitza musikal aberatsa eta askotarikoa egon dadin laguntzen dute. Hori dela eta, ikastetxeetan eta musika zentro espezializatuetan irakasten duten musikaren arteko lankidetza ildoak landu beharra dago.

Ikasgeletatik haratago hezteko gune gehiago edukitzea ageriko beharrizan bat da, ezbairik gabe, horrek aukera emango baitu daukagun curriculum tarte eskasa handitzeko, orduei dagokienez ez bada, bai hezkuntza baliabideei dagokienez.

Musika irakasteko eta ikasteko modu ezberdinen arteko harremana egon da azken hamarkadetan musika hezitzaileen kezken artean. Lehen eta bigarren hezkuntzako etapetako musika irakasleek eta irakaskuntza espezializatuko irakasleek baterako proiektuak egitea lagungarria izan daiteke neurri handi batean. Proiektu errealak, ongi pentsatuak eta definituak, motibagarriak, eta are gehiago gozatzen eta ulertzen laguntzen dutenak.

Musikaren alde egitea, guztion zeregina

Gure gizarteetan musika hezkuntzarako sarbidea bermatu behar dugu. Baina, aldi berean, eskaintzen den musika hezkuntza kalitatezkoa izatea zaindu behar dugu. Horretarako, behar diren denbora eta baliabideak ez ezik, hezkuntza printzipioak ere behar dira musika praktika aktiboaren onura guztiak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Eta horretan, eskolak erantzukizun handia du.

Garrantzitsua da ulertzea arteek eta, zehazki, musikak eskolan duten eginkizuna defendatzea ez dela musika irakasleen lana soilik. Musika pertsonen prestakuntzan eta, ondorioz, eskolan egotea baloratzen eta defendatzen duen gizartearen alde egitea guztion zeregina da.