euskaraespañol

Félix Goñi UPV/EHUko biofisikariak ikerketako Humboldt saria jaso du

Sariak, 60.000 €-koak, haren ibilbide akademikoa aitortzen du, eta Alemanian ikerketa proiektu berriak zuzentzeko aukera emango dio

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/04

Félix Goñi
Félix Goñi

Felix M. Goñik, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak, Humboldt saria jaso du («A. v. Humboldt – J.C. Mutis Forschungspreis», Alexander von Humboldt eta José Celestino Mutis zientzialari handien omenez), 2021eko edizioan. Saria Alexander von Humboldt Fundazioak ematen du, eta Europako sari prestigiotsuenetako bat da, zientziaren arloan.  

Sariaren berri eman duen jakinarazpenean, Humboldt Fundazioak euskal zientzialariaren «ikerketa eta irakaskuntza lorpen garrantzitsuak» nabarmentzen ditu. Saria 60.000 €-koa da, eta harekin batera, berariazko gonbidapen bat egiten zaio ikertzaileari ikerketa proiektu berriak hasteko, Alemaniako zientzialariekin batera. 

Felix Goñi irakasleak hau aipatu du sariaz: «Topiko bat da esatea sari honek urte luzez egindako talde lana saritzen duela. Kasu honetan, ordea, topikoa egia da. Doktoregoko eta doktorego ondoko hamaika ikaslek lagundu dute nire laborategian, lau hamarkada luzez. Eta taldearen oinarria (funtsezkoa, gutxi ikusten bada ere) nire emaztea da, Alicia Alonso irakaslea. Pozik nago, gainera, saria nire ibilbide akademikoaren amaieran iritsi delako, aurten hartu behar baitut erretiroa. Niretzat urrezko amaiera bat da… brontzezko ibilbide batentzat.» 

Félix M. Goñi (Donostia, 1951) Nafarroako Unibertsitateko Medikuntzan eta Kirurgian doktorea da. Bere prestakuntza Londresko Unibertsitatean osatu zuen. UPV/EHUko irakasle atxikia izan zen 1978. urtetik, eta Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna, 1984. urteaz geroztik. Haren ikergai nagusia mintz zelularrak dira, eta horiei buruzko 300 artikulu baino gehiago argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan; haren artikuluak 14.000 aldiz baino gehiago aipatu izan dira, beste hainbeste argitalpenetan. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren Politika Zientifikoko zuzendaria (1995-1999) eta CSIC-UPV/EHU ikergune mistoaren Biofisikako Unitatearen zuzendaria izan da (2002-2015). Era berean, egonaldiak egin ditu irakasle eta ikertzaile gisa Victoria Unibertsitatean (Kanada), Bath Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Bartzelonako Centre de Recerca Genòmican.  

Elkarte zientifiko askotan bete izan dituen ardurekin batera, Goñi irakasleak, besteak beste, Euskadiko Ikerketa Saria (2002) eta Avanti-EBSA Lipid Award saria (2013) jaso ditu. Jakiundeko (2007) jakitun osoa da; Bizkaitar Argiaren (2012) izendapena jaso du; Alfontso X. Jakitunaren enkomienda du (2014), Ordenaren Xaflarekin, eta Honoris Causa doktorea da, Bordeleko Unibertsitatean (2016).