null

Ondesteko minbiziaren arrisku faktoreak

UPV/EHUn egindako tesi baten arabera, dieta desegokiak minbizi mota hori izateko arriskua handitzen du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/07

Iker Alegria Lertxundi. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUk Osakidetzaren laguntzarekin egin duen ikerketan agerian geratu da ondesteko minbizia duten paziente ikertuen elikadura ez zela egokia, mantenugai eta elikagai multzo jakin batzuei zegokienez. Desoreka dietetiko-nutrizional horrek lotura izan lezake osasunaren baldintzatzaile batzuekin, esaterako, hezkuntza mailarekin.

Orain arte, zientzia literaturan argitaratu diren kasuen eta kontrolen azterketek ondorio kontrajarriak atera dituzte faktore dietetikoek eta genetikoek ondesteko minbizia izateko arriskuan duten eraginari buruz. Minbizi mota horren etiologian faktore horietako batzuek zein eragin duten hobeto ezagutzearren, Iker Alegría Lertxundik «Dietary and genetic factors associated with risk for development of colorectal cancer: Case-control study in a Basque population» doktorego tesia egin du.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko ondesteko minbiziaren baheketa programako parte hartzaileek hartu zuten parte. Ikerketaren barnean, azterketa pilotu bat egin zen, ondesteko minbizia zuen paziente talde baten dietaren kalitatea eta hartutako mantenugaien egokitasuna ebaluatzeko, tratamendu kirurgikoa eman ondoren. Ikerketa horren emaitzek adierazten dute paziente horien dietaren kalitatea ez zela egokia hainbat alderditan, esaterako, hartutako mantenugaietan (folatoa, D eta E bitaminak, kaltzioa eta magnesioa). Gainera, elikagai multzotan, haragi gorri asko hartzen zutela ikusi zen, baita haragi prozesatuak ere, eta osoko zerealen kontsumoa, ordea, txikia zela. Desoreka dietetiko-nutrizional hori osasunaren baldintzatzaile batzuekin lotu zuten, esaterako, hezkuntza mailarekin.

Bestalde, kasuen eta kontrolen azterketa egin zen, ondesteko minbiziarekin lotura izan zezaketen faktore dietetikoak eta genetikoak aztertzeko. Horren arabera, gantz eduki handiko gazten kontsumo handiak ondesteko minbizia izateko arrisku handiagoarekin lotura zuen, eta zuntz askoko elikagaien eta arrain urdinaren kontsumo handiak, aldiz, arrisku txikiagoarekin. Dieta mediterraneoari oso atxikita egoteak, halaber, ondesteko minbizia izateko arrisku txikiagoarekin zuen lotura.

Faktore genetikoei dagokienez, sentikortasuna ezagutzeko ikertutako nukleotido bakarreko polimorfismo (SNP) guztietatik, bat bakarrik lotu zen ondesteko minbizia izateko arriskuarekin: rs6687758. Gainera, kasuen taldean, alegia, ondesteko minbiziaren diagnostikoa zuten pazienteetan, polimorfismo genetiko hori arrisku faktore aldagarriekin lotu zuten, besteak beste, tabakismoarekin eta ariketa fisikoarekin. Azkenik, aztertu ziren SNP guztiak kontuan hartuta, egiaztatu zen ondesteko minbizia zuten pazienteek kontrolek baino arrisku alelo gehiago zeuzkatela, alegia, puntuazio handiagoko arrisku genetikoa zutela.

Tesi horren emaitzak itxaropentsuak diren arren, azterketa gehiago behar dira elikadurak ondesteko minbizian zer eragin duen hobeto ulertzeko, faktore genetikoen eginkizuna zehazteko eta gene-dieta interakzioak minbizi mota horren garapenarekin zer lotura duen ezagutzeko, aztertu den laginean.

Informazio gehigarria

Farmazia eta Elikagaien Zientzia Sailean egin da doktorego tesi hori, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Elikadura eta Bromatologia arloan, Marta Arroyo Izaga doktoreak zuzenduta. Gainera, doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko Eusko Jaurlaritzako Doktoratu Aurreko Programaren finantzaketa jaso du, eta UPV/EHUren DNA Bankuaren, Ikerketarako EAEko Biobankuaren (O+Ehun) eta Espainiako Genotipatze Zentroaren (CEGEN-PRB2-ISCIII) laguntza. Tesia egiteko, Iker Alegría doktoregaiak egonaldi bat egin zuen Jean Mayer USDA Human Nutrition Research Center on Aging (Boston) zentroan, José María Ordovás katedradunaren ikuskapenarekin. Tesiak bikain cum laude kalifikazioa jaso du, eta lau zientzia artikulurako iturri izan da (JCR aldizkarietan indexatu dira, eta hiru sarbide irekian argitaratu dira