euskaraespañol

Fernando Plazaola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa

Ikastegiak dekanotza-talde berria du hurrengo lau urteetarako

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/21

Irudia
Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanotza taldea. UPV/EHU.

Fisika Aplikatuko Unibertsitateko Katedradun Fernando Plazaola Muguruza buru duen dekanotza-talde berria du Zientzia eta Teknologia Fakultateak. Hurrengo lau urteetan Plazaolarekin batera ikastegia zuzentzen arituko dira Aitor Payros Agirre, Gabriel Alejandro López, Ibon Sagastabeitia Buruaga, Maike Adame Ortiz, Maren Ortiz Zarragoitia, María Asunción García Sánchez, Monika Ortueta Aldama, Olatz Zuloaga Zubieta eta Teresa Serrano Moreno.

“Dekanotza-taldean argi dugu erantzukizun handia dugula, metodo zientifikoan oinarrituta, gizartearen ongizaterako oso garrantzitsua den espiritu kritikoa garatzeko gai diren profesionalak sortzerako orduan. Gaur egungo gizartea, etengabeko aldaketa-prozesuan murgildurik dago eta giza-eskakizunak etengabe  aldatzen eta ugaritzen ari dira. Nork daki zer lanetan arituko den urte gutxi barru egungo profesionala? Horrexegatik, nire ustez, unibertsitateko gradu-titulazioak ahal den orokorrenak, eta ez espezializatuegiak, izan behar dira. Ikasleei ganorazko oinarri sendo eta irmoak erakutsi behar zaizkie, etorkizunean lan espezializazioan gerta daitezkeen aldaketei irtenbidea emateko gai izan daitezkeenak”, azaldu du Fernando Plazaolak.

Dekano berria oso harro dago Zientzia eta Teknologia Fakultatera heltzen diren ikasleen mailarekin: “Fakultate baten kalitatea ez da neurtzen soilik bere irakasleen bikaintasunarekin, hein handi batean bere ikaslegoaren kalitatearekin neurtzen baita. Gaur egun, biak, bai irakasleak bai ikasleak, ezin hobeak dira. Hala, ikasleak ahalik eta erarik onenean prestatzeko ardura dugu, titulazioa amaitzen dutenean enplegagarritasun bikaina izan dezaten”.

Fakultatearen ardatz nagusiak hurrengo urteetarako

Dekanotza-taldearen programaren muinean ikasleak izango dira. “Gaur egungo Euskal Herriko gizartearen ikasle hoberenetarikoak gure Fakultatera etortzen dira. Beraz, erronka garrantzitsua da ondo prestatzea, Fakultatetik irteten direnean enplegagarritasun-eskaintza zabala izan dezaten. Fakultatea, ikerketa arloan, UPV/EHUko eta Euskadiko erreferente sendoa da eta horrela jarraitzea ahalbidetu behar dugu. Bestalde, Fakultateak bide onetik jarrai dezan Kudeaketaren kalitatea areagotzea ezinbestekoa da. Arrazoi desberdinak direla-eta, adibidez ikerketarako finantziazioaren eta promoziorako bideen murrizketa edo belaunaldien txandaketa aproposerako zailtasunak, pertsonalaren artean ilusioa gal ez dadin, dekanotza-talde honek helburu argia du, ilusioa areagotzea”.

Kurtso honetan, ikastegiaren 50. urteurrena betetzen delarik, Fakultate osoaren parte hartzearekin “ilusioa areagotuko” duen urteurren “sonatua” egiteko asmoa dute, “Fakultateak gure gizartean izan duen eta egun duen eragin handia ikustarazteko”.

Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanotza taldea:

  • Dekanoa: Fernando Plazaola Muguruza
  • Idazkari Akademikoa: Aitor Payros Agirre
  • Ekonomiako eta Giza Baliabideetako Dekanordea: Gabriel Alejandro López
  • Irakaskuntzaren Plangintzarako Dekanordea: Ibon Sagastabeitia Buruaga
  • Euskara eta Nazioarteko Harremanen arloko Dekanordea: Maren Ortiz Zarragoitia
  • Kalitate eta Berrikuntzako Dekanordea: María Asunción García Sánchez
  • Komunikazio eta Gizarte Hedakuntzako Dekanordea: Monika Ortueta Aldama
  • Ikasleen Dekanordea: Olatz Zuloaga Zubieta
  • Azpiegituretako, Prebentzioko eta Segurtasuneko Dekanordea: Teresa Serrano Moreno
  • Administrazio Burua: Maike Adame Ortiz

Fernando Plazaola Muguruza (Legorreta, 1958) Fisika Aplikatuko Unibertsitateko Katedraduna da. Esperientzia handia du irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketaren arlotan: Ikerketa errektoreordea (2008-2016) eta errektorea funtzioetan ia sei hilabetez izan zen. Eusko Jaurlaritzako MIMASPEC talde kontsolidatuaren Ikerlari Nagusia da. 200 argitalpen inguru argitaratu ditu nazioarteko ikerketa aldizkarietan. Deialdi lehiakorretako Ikerketa Proiektuen Ikerlari Nagusia 20 baino proiektu gehiagotan da/izan da. 10 doktorego-tesi zuzendu ditu. Gaur egun, nazioarteko bi batzordeen partaidea da. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker doktorego-tesia garatu zuen Helsinkiko Unibertsitate Teknologikoan, irakasle bisitaria  izan zen (2003).  UPV/EHUko ‘Ciencia y Tecnología de Materiales’ doktorego-programa zuzendu zuen (1997-2000). Nazioarteko hiru kongresu  antolatu ditu.

Halaber, Unibertsitateko irakaskuntzarako Euskarazko bi testulibururen egilea da. Baita UPV/EHUko “EKAIA” Zientzia eta Teknologia dibulgazio aldizkariaren koordinatzailea sei urtez eta gaur egun kontseilu editorialaren partaide ere. Gainera, nazioarteko Ikerketako hiru aldizkariren editore gonbidatua izan da.