euskaraespañol

Fernando Tapia, UPV/EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/05

Irudia
Fernando Tapia. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Zuzenbidearen Filosofiako irakasle Fernando Tapia UPV/EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde izendatu dute. Tapiak Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko unibertsitate katedradun Arturo Muga ordezkatuko du. Orain arte errektoreorde berria Gipuzkoako Campusaren Garapenerako eta Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Joxemari Korta zentroaren zuzendaria izan da.

Fernando Tapia Alberdi Zuzenbidean doktorea da eta Zuzenbide Fakultateko “Justizia sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren” Zuzendaritza Batzordeko kidea; halaber, ikerketaren arloan, ETICOP-IT (Ética en Comunidades de Práctica / Ethics in Communities of Practice) ikerketa taldeko kidea da. Errektoreorde berria Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearen Zuzendaritza Batzordeko kide zein UNED-Bergara Fundazioaren Patronatuko kide izan da, baita Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saileko idazkari akademikoa ere. Madrilgo Abokatu Kolegio Txit Goreneko kide da, nahiz ez dagoen jardunean. Kirolaren esparruan lan ezberdinak burutu ditu, batez ere aholkulari juridiko gisa. Kudeaketa publikoaren esparruan ere badu eskarmenturik, besteak beste, Gizarte eta Erakunde harremanetarako Foru diputatu kargua izan baitu.