euskaraespañol

Film laburren jaialdiak: ikasleentzako ikaskuntza eta autoezagutzarako bide

Carolina Muñoz, Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea: «Zoragarria iruditu zait ikaskuntza esperimentala ; ahalik eta esparru gehienetara eramango nuke»

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/09

Irudia
Carolina Muñozek eta bere taldekideek Bizitegik antotalutako “Homeless Film Festival”-aren 1. saria jaso zutenean. Argazkia: Bizitegi

Ikasturtean zehar, ikasleek jarduera eta lehiaketetan parte hartzen dute eta UPV/EHUk hainbat modutan parte hartzen du horietan, bereziki, nabarmentzekoak diren hiru jaialdi hauetan: Zinebi Express, Homeless Film Festival, Invisible Express eta Cortada.

Sormenaren magia, antzezleen irriak, argiak, kamera eta ekin, horiez beterik izaten dira galak eta ekitaldion preprodukzioa. Martxan jarri zenetik hamar urte baino gehiago igaro diren honetan, Zinebi Expressek arrasto sakona utzi du parte hartzaileengan. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, IMVALek, Claro de Lunak, ECPVk eta CIFP Tartanga LHIIk antolatzen dute lehiaketa, eta EHUKultura (UPV/EHU) unibertsitate kulturako sareak babesten du.

 Praktika mota horren bitartez, ikasleek zeharkako konpetentziak landu ditzakete

Zinebi Express jaialdiaren xedea da ikasten ari diren errealizatzaile gazteen parte hartzea sustatzea. «Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdia hiriari oso lotuta dago, eta hiria bera ikusgarri egiteko modu bat da, filmak bertan grabatu behar baitira», azaldu du Estíbaliz Alonsok, jaialdiaren antolakuntzako kide eta UPV/EHUko irakasleak.

«Gainera –jarraitu du Alonsok–, baliagarria da ikasleak ikus-entzunezkoen ingurune profesionalera, alegia, lan dinamika profesionaletara, hurbiltzeko, eta zinema jaialdien eta ikus-entzunezkoen lehiaketen errealitatean sartzea errazteko».

Bizitegi elkartea antolatzailea dela, Homeless Film Festival (HFF) jaialdia gizarte bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen gizarteratzeari buruz sentsibilizatzeko ahalegina da. Ekitaldiak garrantzi handia du Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Miren Gabantxo irakasle den Komunikazio Komertziala, Korporatiboa eta Instituzionala ikasgaian. Jaialdian parte hartzea «ikaskuntza esperientziala da; lau asteko egiazko proiektu batean parte hartzen da, lehen eskola astetik hasita», nabarmendu du Gabantxok. Bere iritzian: «Campusetik irten eta errealitate ezezagun batean barnatuta Bilboko pertsona etxegabeen kolektiboarekin solastatzea pizgarri handia da ikasleentzat».

Prestakuntza eta lan-mundura hurbilketa

Aipatu ikasgaiko ikasle den eta HFFren azken edizioan  ‘Resiliencia’ bideoarekin irabazle atera zen Carolina Muñozek zera uste du: «Horrelako lanekin, dinamikoagoak dira ikasgaiak; gainera, jaialdi eta jarduera horiek beharrezkoak ditugu, ez soilik mundu profesionalean topatuko dugunari antza hartzeko, baizik baita lan arlora hurbiltzeko ere, sarri askotan ez baitiogu errealitate horri erreparatzen».

Express jaialdiek beti dute eragozpen bera; denbora mugatua da. Alabaina, «zeuretik onena ematera behartzen zaituzte, dauzkazun trebetasunak azaleratzera, eta lan mundua barnetik ezagutzeko aukera duzu», azpimarratu du Muñozek.

Ikasleak argi du: «Zoragarria iruditu zait ikaskuntza esperimentala; ahalik eta esparru gehienetara eramango nuke. Gainera, lehiaketa horiek publiko gazteagoarengana hurbiltzeko bide dira, honetan hasiberriak garenongana», esan du Muñozek.

Proiektua ekinezko ikaskuntzako metodologien barnean dago, eta Gabantxok zera uste du: «Ikasleen konpetentziek distira egitea da xedea; saridun ateratzen direnean, zirrara eragiten du UPV/EHUn, saiatuz gero, zer-nolako sentiberatasuna eta adimena garatu dezakegun ikusteak».

Unibertsitatea, halaber, Garapenerako Lankidetza Bulegoaren bitartez, Film Sozialak, Zinema Ikusezineko Nazioarteko Jaialdiarekin elkarlanean aritzen da. Kultura, Communication y Desarrollo GGKEk antolatzen du, eta express lehiaketa bat hartzen du barnean, ikasleei zuzendua.

Gai sozial bat lantzen da urteko edizio bakoitzean; iazkoan, klima aldaketa, eta aurrekoetan, besteak beste, generoen arteko desparekotasuna, giza eskubideen urraketa, bidegabekeria soziala, gure gizartean egun oso presente dagoen kulturartekotasuna, elkartasuna eta lankidetza.

«Oso atsegina da horrelako jaialdietan parte hartzea, ikasitakoa praktikan jarri daitekeelako; berehala hasi behar zara lanean, eta ideiaren bat bururatu behar zaizu ahalik eta lasterren, egingarria, eta horrek sormena garatzen laguntzen du, denbora muga duzunez», esan du Ane Zugaza Ikus-entzunezko Komunikazioko bigarren mailako ikasle eta Invisible Expressen azken edizioko ikusleen sariaren irabazleak "Sin Plan B" film laburragatik.

Estíbaliz Alonsoren arabera, praktika mota horren bitartez, ikasleek zeharkako konpetentziak landu ditzakete, esaterako, talde lana, funtsezkoa dena komunikazioko profesional ororen berariazko prestakuntzan nahiz prestakuntza orokorrean.

«Ondo iruditzen zait mota horretako lehiaketetan parte hartzea ikasgaiko proiektu izatea, ikasleak mugitzera eta gauzak egitera animatzeko; izan ere, sarri askotan, inork akuilatu ezean, bertan gozo geratzen gara, eta ikasketa hauetan, baita beste batzuetan ere, mugitzea ezinbestekoa da: munduan barnatu, eta endredatzea», ondorioztatu du Zugazak.

EHUlabur: Cortadaren proposamena UPV/EHUko ikasleentzat

"Cortada" jaialdia 1997an sortu zen Arabako hiriburuan, eta, 2009an, Kepa Sojo zinemagile eta unibertsitateko irakasleak bere gain hartu zuen bere kudeaketa, Arabako Campuseko Kultura zerbitzua hasi zenean zuzentzen.

Cortada da, Zinebirekin batera, Goya eta Forque sarietarako kalifikatzen duten jaialdi bakarretako bat. Lehiaketa horrek ere badu UPV/EHUko ikasleei zuzendutako atal bat: EHUlabur. Bere zuzendariak, Kepa Sojok, adierazi duenez, "UPV/EHUko, Arte Ederretako, Ikus-Entzunezko Komunikazioko eta Ikus-entzunezko ikasleek egindako GRALak, TFMak edo film laburrak aurkeztu ahal izateko atal bat izan nahi du".

Kepa Sojo: “Cortadak, leiho bat izan nahi du gure unibertsitateko ikasleek haien lanak erakutsi ahal izateko"

Sojoren hitzetan, “Cortadak, leiho bat izan nahi du gure unibertsitateko ikasleek haien lanak erakutsi ahal izateko; baita topagune bat ere, etorkizunari begira ateak irekiko dizkieten beste errealizadore batzuk eta film laburrarekin zerikusirik duten pertsonak ezagutzeko".

Iker Maguregik joan den ikasturtean amaitu zuen Ikus-Entzunezko Komunikazio gradua; bere gelakide batzuekin aurkeztu zuen bere Gradu Amaierako Lanerako egin zuten "azken Otsoa" film laburra, EHUlaburren azken edizioa irabazi duena.

Maguregik gogoratzen duenez, “Cortada”-ren berri izan zuten bertako irakasleei eta fakultateko ikasle ohi batzuei esker. Bere ustez, "lehiaketa hauek erakusleiho bikaina dira graduatu berriak garenontzat". "Nabarmentzekoa da –azaltzen du– errealizadore gazteen lehen lanei ematen dieten aintzatespena".