euskaraespañol

Jon Umerez

Filosofia: Pentsamendu kritikoan trebatzea edo pentsatzen ikastea

Filosofia Sailaren zuzendaria

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/17

Jon Umerez
Jon Umerez, Filosofia Sailaren zuzendaria | Argazkia: UPV/EHU.

Gaur Filosofiaren Nazioarteko Eguna (World Philosophy Day) ospatzen du UNESCOk. Urtero, azaroaren hirugarren ostegunean izaten da. Aurtengo edizioaren gaia ‘Etorkizuneko gizakia’ da, eta auzi horri buruzko sinposio eta erakusketa bana antolatu dituzte UNESCOren egoitzan, Parisen.

Lehen aldiz 2002ko azaroaren 21ean ospatu bazen ere, Egunaren aldarrikapena, oraingo forma instituzionalean, UNESCOren Konferentzia Nagusiak 2005eko 33. bilkuran onartu zuen (Proclamation of a World Philosophy Day).

Erakunde antolatzailearen arabera, egun honen bidez, filosofiaren balio iraunkorra azpimarratu nahi da giza pentsamendua garatzeko, kultura eta gizabanako bakoitzari dagokionez (“…for the development of human thought, for each culture and for each individual”.

Giza pentsamendua garatzeko filosofiaren garrantzia aldarrikatzeak etxeko istorio bat gogorarazten dit.

Lehengusuek askotan gogoratzen didate gure amama zenak, ea Madrilen ze karrera egiten ari nintzen galdetzen ziotenean, beti erantzuten zuela “pentsatzen ikastera” joan nintzela. Ederki jotzen zidaten adarra horren kariaz!

Zehazki ez dut gogoratzen, eta “a posteriori” sortutako oroitzapena izango da ziurrenez, baina imajinatzen dut, “bitter” bat lagun, gure igande goizetako solasaldietako batean hori esatea otuko zitzaidala. Eta berak gogoan gorde.

Lehengusuen txantxez gain, gaur egun, adarjotzearen oinarria oso serioa eta esanguratsua iruditzen zait. Pentsatzen eta, batez ere, modu kritikoan pentsatzen ikasi egiten da, pellokeria badirudi ere. Eta ikasketa horretan Filosofia dugu ezinbesteko lanabesa eta bitarteko behinena.

Jakina, pentsatzea gizaki orok daukagun gaitasun bat da, giza abereok berezkoa daukaguna (ez naiz hemen sartuko geuk besterik ez ote dugun edo zenbaiteraino). Baina, berezkoa izateak ez du esan nahi ez dela ikasi behar, ez dela trebatu behar, hizkuntza bera bezalaxe.

Filosofia ikasten eta praktikatzen –ikasgelan eta ikasgelatik kanpo–, trebetasun batzuk garatzen dira, eta gaitasun batzuk areagotzen (entrenamenduz). Baina ez edonolakoak edo generikoak bakarrik, baita beste batzuk ere, oso espezifikoak eta bereziak: pentsamenduarekin lotutako trebeziak eta ahalmenak.

Horiek ere menderatu behar dira, beste edozein ikasketa edo ofiziotan berariazko tresnak eta ezagutzak menderatu behar diren neurri berean. Ez gehiago eta ez gutxiago . Gero gizartean, lan munduan, erakundeetan eta abarretan baliatuko ditugunak dira. Izan ere, pentsatzeko era hori da filosofiak oro har egiten duen ekarpena, hain zuzen,: pentsatzeko modu ez berezkoa, baizik eta ikasitakoa, edukatua edo landua, antolatua, sistematikoa, egituratua.

Ikasketaz ari garenez, itzul gaitezen UNESCOren dokumentuko 37. zenbakia duen aldarrikapenaren ebazpenera. Sarreran, non erabakiaren testuingurua eta justifikazioa azaltzen duen, konbentzituta agertzen dira “UNESCOn Filosofiaren Eguna, Filosofiaren Nazioarteko Egun gisa instituzionalizatzeak aintzatespena ekarriko diola eta bultzada handia emango diola filosofiari eta, bereziki, filosofiaren irakaskuntzari munduan”.

Gurean ere, nazioarteko erakunde baten eskutik izan ordez, gure Filosofiaren enbaxadore onenei esker, AGORA elkarteko filosofia irakasleei esker, antolatzen da urtero filosofia aintzat hartzeko eta filosofiari bultzada emateko “PENTSATU!” jaialdia. Aurten biharamunean izango da, ostiralean, egun osoz, UPV/EHUn bertan, Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (HEFA).

Ekimen honek ezin hobeto erantzuten dio UNESCOk sustatu nahi duen bultzadari, bai irakaskuntzan eta baita arlo orokorrean ere.

Alde batetik, oso garrantzitsua da ikastetxeetan egiten duten lana. Aditu askoren iritziz askoz integralagoa izan beharko lukeen heziketa bat, gutxienez, filosofiaz blaitzen baidute; jakintzagaien testuingurua eta beraien arteko harremana aintzat hartzen ez den bitartean bederen. Ikastorduetan dauzkaten eragozpen eta mugen gainetik.

Bestaldetik, nabarmentzekoa da orokorrean gizartearen aurrean egiten duten lana ere, hainbat ekimenen bidez Filosofiaren lekua eta beharra aldarrikatzea eta erakustea helburu duena, adibidez biharkoa.

Baina hortik haratago, garrantzitsuena da gizarteari begira egindako ekarpenak egunetik egunera biderkatzen ari direla. Izan ere, eztabaida eta auzi publikoetan parte hartzeko gai izango diren, tresna kontzeptual eta etikoak eskaintzen jakingo duten eta iritzi arduratsu eta sendoak eraikitzeko prestatuak egongo diren ikasle eta herritar trebatuak sortzen laguntzen dute.

Hori baita, azken finean, filosofiarekin lotutako gaietan heziketa orokortu batek ematen diguna: ikuspegi kritikoa deritzoguna.

Horrek aipatzen ari naizen aldarrikapen ebazpenaren sarrerara narama berriro. Bertan, UNESCOk berak ere, diziplinaren garrantzia nabarmentze aldera, ezaugarri berbera gogorarazten digu, alegia, “filosofia pentsamendu kritikoa eta independentea sustatzen duen diziplina dela”.

Baina zer esan nahi du horrek? Ikuspegi edo pentsamendu kritikoak? Sarritan aipatu bai, baina irudipena daukat gutxitan sakontzen den zerbait dela, edo gutxitan zehazten dela.

Filosofiak garatzen ahalbidetzen duen pentsamendu kritikoak, besteak beste, honako hau esan nahi du:

  • Arazoak eta galderak zehaztasunez planteatzeko gaitasuna eta trebezia eskuratzea.
  • Auziak eta eztabaidak aztertzerakoan argudiaketa eta arrazoiketa lantzea.
  • Iritziak funts ez arbitrarioetan oinarrituta eraiki behar direla ikastea.
  • Adierazpenen arteko harremanak eta loturak logikaren arauak jarraituz osatzea.
  • Abstrakziorako gaitasuna garatzea.
  • Sakonduz doan eta saihetsezin zaigun zatikatze eta espezializazio joerari transbertsalitatea eskaintzea.
  • Gero eta gehiago aldarrikatzen den STEM curriculum baten ezinbesteko osagarria izatea, testuingurua eta esanahia ematen laguntzen diona.

Gaurko nazioarteko egunak aldarrikatzen duen ildotik, Filosofiak munduari balio handiko ekarpena egiten diola ikusi dugu, dauzkagun arazo eta erronkei aurre egiteko pentsamendu kritikoan formakuntza sustatuz.

Jarrai dezagun, bada, pentsatzen ikasten!