euskaraespañol

Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko lau ikasle, ‘Plancks 2022’ lehiaketan

Nazioarteko txapelketa, diziplina honetako garrantzitsuena, International Association of Physics Students-ek antolatzen du

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/05

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Jaime López, Marco López, Gabriel Ybarra eta Carmelo López. Argazkia: Nuria Dehesa. UPV/EHU.

International Association of Physics Students-ek (IAPS) antolatzen du Plancks 2022 Fisika lehiaketa, maiatzaren 5etik 8ra bitartean Munichen egingo dena. Aurten euskal ordezkaritza du txapelketak, parte hartuko duten taldeetako bat UPV/EHUko Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko lau ikaslek osatzen baitute. Jaime López, Gabriel Ybarra, Marco López eta Carmelo López (RODINYER da beraien taldearen izena) Municheko txartela lortu zuten Plancks 2022ren atariko estatu mailako lehian txapeldunorde izan ondoren.

‘Plancks 2022’ nazioarteko lehiaketan mundu osoko 28 herrialdetako 40 taldek hartzen dute parte.  UPV/EHUko lau ikasleek uste dute lehia oso handia izango dela, baina “ilusioz gainezka” eta parte hartzeko “gogo biziz” bidaiatu dute. "Egia da Plancksen nazioarteko faseraino iristea graduko 4 urte hauetan lan dezente egin dugulako dela, fisika ez baita erraza: hainbat trebetasun eskatzen ditu, batez ere zorroztasuna eta abstrakziorako gaitasuna. Baina, bestalde, esan behar da asko gustatzen zaigula ikasten duguna. Gainera, unibertsitatean gaude, eta, beraz, nahiko ondo pasatu dugu. Azken finean, hori da ikasleok egin behar duguna, ezta?”, galdetzen du Gabriel Ybarrak.

Espainiak aurtengo martxoaren 4an antolatu zituen atarikoak, eta estatuko 48 taldek hartu zuten parte, hau da, 16 unibertsitatetako 200 parte-hartzaile inguruk. Lehen proba horietan, RODINYER taldea txapeldunorde gisa sailkatu zen eta Plancks 2022n sartu zen. RODINYEReko lehiakideentzat, atariko probak aukera ona izan ziren konfiantza lortzeko. “Taldean arazoak konpontzera ohituta ez gaudenez, interesgarria izan da ordu batzuk elkarrekin lan egitea. Egia da hasieran arraro samarra egin zitzaigula, eta nahiago izan genuen arazoak banaka banatu. Gauzak trabatu ahala, hobeto antolatzen hasi ginen. Bata egiten ez zekiena, bestea egiten zuen, eta horrela ari ginen pixkanaka aurrera egiten. Asko gustatu zitzaigun garatu genuen dinamika”, Jaime Lópezek adierazten duenez.

Lankidetza

Lau parte-hartzaileak gehien erakartzen dituena ez da lehiaketa bera, baizik eta nazioarteko esparruan egun batzuk emango dituztela lehian eta, “garrantzitsuena”, beste fisikariekin lankidetzan.

“Nahiz eta Municheko ekitaldi nagusia lehiaketa izan, fisika historian zehar pertsona askoren lankidetzatik abiatuta eraiki da nagusiki. Horregatik, neurri batean, ez diogu garrantzi handirik ematen lehiaketari. Guretzat, ekitaldi nagusia ez da lehiaketa bera, baizik eta diziplina bera, fisika, gustuko duen hainbat naziotako lagunekin elkartzea da inportanteena”, jakinarazi du Marco Lópezek.

Txapelketa honek lau eguneko iraupena du, eta bost kontinenteetako 40 taldek parte hartzen dute. Programa osatzeko, hitzaldiak emango dituzte zientzialari ospetsuek, hala nola Reinhard Genzelek (2020ko Fisikako Nobel Saria) eta Ignacio Ciracek (Wolf saria eta Asturiasko Printzesa Saria). Lehiaketan zehar, ikasleek fisikako hainbat arazori egin beharko diete aurre, mekanika klasikoarekin, optika aplikatuarekin edo kosmologiarekin zerikusia duten askotariko gaiei, esaterako. Horrela, ikasleek, 3 edo 4 kideko taldeetan, fisika teorikoko 4 arazo konpondu beharko dituzte hiru orduko epean.

“Formalki lehiaketa batera joango garen arren, guretzat saririk handiena horrelako ekitaldi batera joan ahal izatea da, zientzialari ospetsuen eta antzeko interesak dituztenen hitzaldiekin gozatzera. Azken finean, garrantzitsuena da esperientzia bizitzea eta aukera paregabe honetaz gozatzea. Irabaztea edo ez bigarren mailako gaia da,  ez dugu nahi lehiaketan gaizki egiteak bidaia zapuztea”, Carmelo Lópezek apaltasunez zehazten duenez.