euskaraespañol

Formula Student Bizkaia proiektuak monoplaza berria aurkeztu du

Erabat elektrikoa den ibilgailua Silverstonen (Britainia Handia) eta Montmelon (Bartzelona) lehiatuko da uda honetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/05

Irudia
Formula Student taldea monoplaza berriarekin. | Argazkia: UPV/EHU

Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Formula Student Bizkaia proiektuak 2021-2022 denboraldian egindako lana eta FSB2022 monoplaza berria aurkeztu ditu gaur. Ibilgailua FSUKen (Formula Student United Kingdom) lehiatuko da, Silverstone zirkuituan, eta FSSn (Formula Student Spain), Montmeloko zirkuituan.

Formula Student Bizkaia irakaskuntza proiektu bat da, irabazi asmorik gabekoa, eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak babesten du. Helburua ikasleen prestakuntza, talentua eta enplegagarritasuna sustatzea da, metodologia berritzailea erabiliz, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (Project Based Learning), hain zuzen. Diziplina anitzeko proiektua da, hainbat arlotako ezagutzak konbinatzen dituena, hala nola mekanika, elektronika, kontrola eta materialak. Erronka monoplaza elektriko bat diseinatzea, eraikitzea, baliozkotzea eta harekin lehiatzea da.

Proiektuaren ebaluazioa kanpoan egiten da, Formula Student lehiaketetan, mundu osoko 100 unibertsitate baino gehiagoren aurrean. Lehiaketa horiek udan egiten dira; bertan, automobilgintzaren munduko profesionalek hainbat probatan epaitzen dituzte ikasleak. FSB2022 monoplaza berria FSUKen (Formula Student United Kingdom) lehiatuko da uda honetan uztailaren 6tik 10era, eta FSSn (Formula Student Spain), Montmeloko zirkuituan, 2022ko abuztuaren 29tik irailaren 4ra.

Formula Student Bizkaia irakaskuntza proiektua 2006an sortu zen eta 86 ikaslek eta 3 irakaslek osatzen dute (Mikel Díez, Javier Corral eta Asier Zubizarreta, Ingeniaritza Mekanikoa eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailetakoak).

FSB2022

Formula Student Bizkaia monoplaza Bilboko Ingeniaritza Eskolan eraikitako hamaseigarrena da, unibertsitate mailako munduko lehiaketarik garrantzitsuenetako batean parte hartzeko. Formula Student ekitaldiak unibertsitateetako ikasleen arteko nazioarteko ingeniaritza lehiaketa garrantzitsuenak dira, eta mundu osoko 100 taldetako 3.000 ikasle baino gehiago biltzen dituzte.

FSB2022 ibilgailua proiektuak azken urteetan egin duen jauzi teknologikorik handiena da. Motor teknologia berritzailea gurpilean duen lehen monoplaza da. Proiektuak garatutako teknologia horri esker, monoplazaren gurpil bakoitzean prestazio handiko motor bat sar daiteke, lehiaketetan baimenduta dagoen 80 kW- eko potentzia maximoa garatzen duena. Gurpil bakoitzean motorra sartzeko aukerari esker, trakzio kontroleko sistemak gara daitezke, hala nola “Torque Vectoring”; gurpil bakoitzak eskaintzen duen parea doitzen da asfaltora hobeto heltzeko eta ibilgailuaren prestazio dinamikoak hobetzeko. Horrela, monoplazaren 220 kilogramoak 3 segundo eskasetan azeleratu daitezke, ibilgailuaren gehieneko abiaduraraino: 110 kilometro orduko.

Monoplaza berriak, gainera, hobekuntza tekniko ugari ditu, trakzio teknologia berriak eskaintzen dituen aukerei esker: esekidura banandua, bihurguneetan heltzeko gaitasuna hobetzeko aukera ematen duena, pack aerodinamiko berritua eta taldeak erabat diseinatutako baterien sistema, 22 kilometroko potentzia osoko autonomia eskaintzen duena.

Antolakuntza egitura

Formula Student Bizkaia proiektuak enpresa baten moduko antolakuntza egitura du, eta kide bakoitzak bere kargua eta erantzukizuna ditu, Faculty Advisors izenekoek (3 irakasle) gainbegiratuta. FSB2022n Team Leader izenekoa, ikasleen ordezkari nagusia, Miguel Vázquez da, ibilgailuaren diseinua eta fabrikazioa gainbegiratzeaz arduratzen diren Technical Managers direlakoen aholkularitza eta laguntzarekin, eta proiektuaren arlo finantzarioa eta antolatzailea kudeatzeaz arduratzen diren Financial eta Organization Manager banarekin.

Gainerako taldekideak 8 sailetan banatzen dira: Aerodynamics (aerodinamikaren fabrikazioaz arduratzen direnak); Chassis (monokaskoaren eta gainerako zati estrukturalen fabrikazioaz arduratzen direnak); Driverless (taldearen lehen ibilgailu autonomoa garatzeko teknologia berriak garatzeaz arduratzen direnak); Dynamics (ibilgailuaren dinamikaz eta ibilgailuaren masa ez esekia osatzen duten multzo mekanikoez arduratzen direnak); Powertrain (goi tentsioko zatiaren diseinuaz eta fabrikazioaz arduratzen direnak); Electronics (ibilgailuaren behe tentsioko sistemaz arduratzen direnak); Organization (logistikaz, irudiaz, sustapenaz, marketinaz eta baliabide pertsonal eta materialen kudeaketaz arduratzen direnak); eta Simulation & Control (ibilgailuaren simulagailua mantentzeaz, pistak baloratzeko probak egiteaz eta kontrol sistemetan lan egiteaz arduratzen direnak).

Proiektuan parte hartzen dutenak Bilboko Ingeniaritza Eskolan eskaintzen diren gradu eta masterretako ikasleak dira eta, beren borondatez, beren prestakuntza osatzen dute proiektu honetan parte hartuz. Proposatutako ereduak, ikasgelan ematen diren kontzeptu teorikoak praktikan jartzeaz gain, hainbat trebetasun garatzea ahalbidetzen du, besteak beste: talde lana, lidergoa, arazoen konponbidea edo komunikazioa.  

Monoplazaren aurkezpena

2021-2022 denboraldian egindako lana arratsaldean aurkeztuko zaie unibertsitateko kideei, erakundeei eta enpresa babesleei, 17:30ean Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea 3) egingo den ekitaldian. Ekitaldian izango dira Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria; Xabier Otxandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia; Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko Sailaren Bizkaiko Aldundiaren Diputatua, eta Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea.

2020-2021 denboraldiaren laburpen bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=mM44m9MHrRg