null

Formula Student taldea Silverstonen modu birtualean parte hartzeko prestatzen ari da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/20

FSBizkaia taldeko 66 ikasleak online lehiatuko dira mundu osoko 80 unibertsitaterekin uztailaren 22tik 24ra, azken urteetako emaitza onak sendotzeko xedez. COVID-19aren ondorioz, lehen aldiz geratu da bertan behera Silverstoneko zirkuituko lasterketa, baina Formula Student UKko antolatzaileek modu telematikoan egingo dituzte proba estatistikoak: Diseinua, Kostuak eta Negozio Eredua.

Antolakuntza eta aurreikuspena eta, aldi berean, ezusteetara egokitzeko gaitasuna erakutsi duen gremio bat baldin badago, ingeniariena da. Osasun arloko krisiak malgutasun hori erakustera behartu ditu aurten Formula Student United Kingdom proban parte hartuko duten Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleak. Pandemiak aldatu egin ditu proba bera gauzatzeko modua eta FS Bizkaiaren lan egiteko era. FS Bizkaia da, hain zuzen ere, ikasturte bakoitzean Silverstoneko zirkuituan mundu osoko ehun unibertsitatetako 3.000 gazte lehian jartzen dituen unibertsitate mailako lehiaketa ospetsuan EHU/UPV ordezkatuko duen monoplazaren talde arduraduna. Azken hiru urteetan, Eskolako ikasleek ‘top ten’-ean sartzea lortu dute.

COVID -19aren ondorioz, proiektuaren 14 urteko historian lehen aldiz, gazteek ezin izango dituzte euren lanak Formula 1eko zirkuitu mitikoaren asfaltoan probatu. Formula Student UKko antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dituzte lasterketa eta azelerazio, egonkortasun, erresistentzia edo kontsumo probak. Hala ere, proba estatikoak izenekoak aurreikusitako egunetan (uztailaren 22tik 24ra) egitea erabaki dute. Aurkezpen ekitaldi horietan talde bakoitzak euren prototipoaren diseinua eta sartutako berrikuntzak azaltzen ditu, eta baita seriean fabrikatzeko aukera emango luketen negozio eredua eta kostuen estrukturak ere, eta edizio honetan online egingo dira. FSBizkaiak ibilbide bikaina du proba horietan, hainbat finaletara heldu dira (2017, 2018, 2019) eta lehenengo 3 sari irabazi dituzte.

Aldaketa hori 80 taldek onartu dute, horien artean Bizkaiko taldeak. Eskolako taldeak ez du zalantzarik izan lanerako bere dinamika ikasgelen eta laborategien itxierara egokitzeko orduan. Aurtengo monoplazan (FSB2020) eta datorren urtekoan, FSB2021 izenekoan, ari zen lanean. Denbora galdu barik, taldeko 66 kideek plangintza eta hasieran planteatutako lehentasunak aldatu zituzten, konfinamenduak ekimenaren bi helburuak lortzea ezinezko bilakatu ez zezan: auto elektriko lehiakorra diseinatzea eta fabrikatzea eta taldeko kide berriei prestakuntza ematea. Kide horiek 3D diseinuari, elektro-mugikortasunari, marketinari, errentagarritasunari, termotekniari, mikro-kontrolagailuei… buruzko mintegietan parte hartu ahal izan dute, modu telematikoan.

 

2020-21 ikasturtea planifikatzen

Horrela, laneko bilerak egiteko eta dokumentuak partekatzeko zenbait plataformaren bitartez, taldeko ikasleek, dagoeneko muntaketa fasean zegoen FSB2020 prototipoaren proba estatikoak prestatu dituzte. Laborategiko lan presentziala hasi eta bi astetan prototipoa prest egongo da. Horrez gain, Eskolara itzultzeko aukera dagoenean fabrikatzen hasteko prest egongo den FSB2021aren diseinua eta gauzatze birtualerako (3Dn) beharrezkoak diren simulazioak ere amaitu ahal izan dituzte.

Ikasle taldeak lau ‘faculty advisor’-en, Eskolako Charles Pinto, Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Díez irakasleen, gainbegiradapean egiten du lan. Autoa diseinatu eta egiteko 200.000 euroko aurrekontua izan dute eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, AIC-Automotive Intelligence Center, Batz Group, Ingemat, Sener, Tecnalia, Davines Confort-Zone, Inarak, Alunid, Ente Vasco de la Energía, Irizar, iMedusa, Danobat edo Dassault-Systemes eta Ingeniaritza Eskola bera izan dira babesle nagusiak, baita 40 enpresa laguntzaile eta hemengo 15 lanbide eskola ere.