euskaraespañol

Iñaki Milton Laskibar eta Laura Isabel Arellano García eta María Puy Portillo

Fruktosa: konponbidea arazo bihurtzen denean

IMDEAko eta UPV/EHUko ikertzaileak, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/07

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Nola diabetikoek hala pisua galtzeko dieta bat hasten dutenek azukre arrunta (sakarosa) baztertu eta fruktosa kontsumitzen hasi ohi dira haren ordez. Sakarosak intsulina behar du zeluletan txertatzeko, baina fruktosak, ordea, ez.

Horregatik, orokortu egin da fruktosa sakarosa baino askoz ere osasungarriagoa delako pertzepzioa, eta horregatik, azken urteotan haren kontsumoa handitu egin da, baita paziente osasuntsuen artean ere. Alabaina, eta paradoxikoa bada ere, fruktosa ez da uste zen bezain onuragarria, agidanez.

Obesitateak neurriz kanpo egin du gora

Argi dago azukrearen kontsumoa murrizteko helburua justifikatuta dagoela. Azken hamarkadotan, obesitatearen eta horrekin lotutako alterazioen prebalentziak gora egin du, zifra kezkagarrietara iritsi arte, eta 2030ean 1000 milioi pertsonari baino gehiagori eragingo diela aurreikusten da. Obesitatea faktore anitzekoa den arren, abiarazle nagusiak ingurumen faktoreak dira, hala nola bizimodu sedentarioa eta ohitura dietetiko desegokiak izatea.

Zehazki, azken hamarkadotan gehien hedatu den eredu dietetikoetako bat, obesitatea garatzeko arrisku handiagoarekin lotzen dena, ‘Western’ dieta –edo mendebaldera egokitutakoa– dugu. Ezaugarri nagusi gisa, oso energetikoa da, azukre askeetan eta gantz aseetan aberatsa, barazki eta frutetan pobrea, eta, ondorioz, zuntz gutxi-gutxikoa. Eztabaida alternatibetan dago.

Fruktosa etsai ikusezina da

Ingurumen faktore horiek kontrolatu egin daitezkeenez, obesitatearen aurkako terapia konbentzionalak energia kontsumoa murriztean (dieta hipokalorikoak) eta energia gastua handitzean (ariketa fisikoa) jartzen dute arreta. Halako tratamendua 2 motako diabetesa duten gizabanakoentzat ere gomendagarria da, mota horretako diabetesa duten pertsona gehienek obesitatea baitute.

Era berean, sakarosa edo azukre arruntaren ordez fruktosa erabiltzea ohikoa izan da diabetikoei jarritako dietan. Izan ere, sakarosak intsulina behar du zeluletan txertatzeko, baina fruktosak, ordea, ez. Horregatik, fruktosa sakarosa baino osasungarriagoa delako pertzepzioa sortu da, eta horrenbestez, azken urteotan haren kontsumoa handitu egin da.

Gainera, elikagaigintzako industriak fruktosa sartu du (kantitate altuetan) hainbat produktutan, arto ziropa eta bestelako gozagarrien bidez.

Lehen geldialdia: gibela

Baina esaten duten bezain osasuntsua al da benetan? Horri erantzuteko, zera hartu behar dugu kontuan, heste xurgapenaren ondoren, fruktosa gibelera joaten dela zain portaren bidez (odola hesteetatik, baretik, pankreatik eta behazun maskuritik gibelera garraiatzen duena). Han metabolizatu egiten da, hainbat prozesu metabolikotan substratu gisa erabiltzeko. Fruktosaren metabolizazioak (fosforilazioak) fosfato askearen gibeleko erreserbak agortzeko arriskua dakar berekin. Ondorioz, purina gehiago sorraraztea eragiteaz gain (oinarri nitrogenatua), gure gorputza azido uriko gehiago sortzera bultzatzeko arriskua ere badakar berekin (horixe, hain justu, hezueriaren garapenerako arrisku faktore bat da).

Gainera, fruktosaren kontsumo kronikoak aldaketak eragiten ditu metabolismo lipidikoan. Gibelean sartzeak eta metabolizatzeak metabolito bat eragiten du (malonil-CoA), eta gantz azidoen sintesia areagotzen du horrek. Gainera, gantz azidoak mitokondrian sartu eta oxidatzeko ardura duen entzima (karnitina-palmitoiltransferasa-1a, CPT1a) inhibitzen du.

Koipeen sintesi-oxidazioa desdoitzearen ondorioz, errazago metatzen da gantza gibelean, esteatosia izateko arriskua handitzen da (triglizerido gehiegi gibelean) eta oso dentsitate txikiko lipoproteinak (VLDL) errazago jariatzen dira zirkulazioan. Odolera triglizerido gehiago isurtzeak, gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko arriskua handitzeaz gain, handitu egiten du triglizeridoen prestasuna erraietako ehun adiposora –hots, sabelaldera eta organoen ingurura– sartzeko. Hori guztia maila baxuko hantura kroniko sistemikoarekin lotu izan da.

Fruktosa gehiegi kontsumitzeak diabetesa izateko arriskua handiagotzen du

Paradoxikoki, fruktosa (diabetikoen azukre arruntaren alternatiba, teorikoki behintzat) konponbidea izatetik arazoa sortzera igaro da. Azukre hori kontsumitzeak diabetikoak ez diren pertsonen artean intsulinarekiko erresistentzia garatzeko arriskua dakar berekin.

Pertsona gizen baina ez-diabetiko batek fruktosa irensten duenean, GLP-1 izeneko hormona baten mailak (1. motako glukagoiaren antzeko hormona peptidiko bat) igo egiten dira bizkor eta luzaroan. Badirudi handitze hori zuzenean lotuta dagoela pankreak intsulina gehiago jariatzearekin. Gainera, GLP-1 mailen igoera luze mantentzen bada, intsulinaren jariaketa ere mantendu egiten da. Eta horren ondorioz, hiperintsulinemia gertatzen da, eta hiperintsulinemia horrek baliteke intsulinarekiko sentikortasuna aldatzea eta intsulinarekiko erresistentzia eragitea.

Bestalde, azido uriko gehiegi sortzea gibelean, fruktosa asko kontsumitzearen ondorioz, intsulinarekiko erresistentziarekin lotzen da.

Fruktosa guztia ez da berdina

Zehaztu egin behar da fruktosa, gehien kontsumitzen den azukreetako bat izateaz gain, fruta eta barazkietan ere modu naturalean agertzen dela. Nahiz eta fruktosaren egitura elikagai guzti-guztietan berdina izan, elikadura matrizea da haren eragin fisiologikoa zehazten duen faktorea.

Edari azukredunek fruktosa libre daukate eta ez dute beste mantenugairik. Fruta eta barazkien kasuan, ordea, matrize konplexu baten parte da fruktosa, zuntzarekin, mikromantenugaiekin (mineralak eta bitaminak) eta beste osagai ez-nutritibo batzuekin batera (esate baterako, polifenolak), eta osasun egoera hobearekin lotuta daude halakoak.

Horrenbestez, fruktosarekin batera konposatu horiek guztiak dituztenez gero, halako elikagaien eragin metabolikoa bestelakoa da eta, adibidez, hesteen fruktosa xurgapena motelagoa da. Horregatik, fruta batek edari azukredun batekin alderatuta duen fruktosa edukiaz haratago (6 gramo 100 gramo platanotan eta 6.3 gramo 100 gramo kolazko edaritan, hurrenez hurren), garrantzitsuena matrizea da.

Horregatik, fruta eta barazkien kontsumoa ez da erlazionatu aurretik fruktosa libre erantsiaren kontsumoarekin lotuta deskribatutako arazo metabolikoekin. Aitzitik, fruta kontsumitzea gomendatzen da, osasun onaz gozatzeko.

The Conversation