euskaraespañol

FSBizkaia2019: Silverstonen bere lidergo historikoa berretsi nahi duen Bilboko Ingeniaritza Eskolako monoplazaren aurkezpena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/12

Irudia

Dena primeran doa UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student taldean. Arratsalde honetan egingo du datorren hilabetetik aurrera mundu osoko unibertsitateekin Silverstoneko eta Montmelóko zirkuituetan lehiatuko den monoplazaren aurkezpen ofiziala. FS Bizkaia taldeak diseinatutako eta fabrikatutako modeloa Bizkaia Aretoan aurkeztu da asteartean, ekainak 11. Ekitaldi horretan aurreko bi edizioetan parte hartu zuten prototipoak ere erakutsi ziren. eta, amaitzeko, ibilgailua asfalto gainean ikusteko aukera izan zen.

Aurten, FSB2019 ibilgailu elektrikoen kategorian lehiatuko da berriro, helburu argiarekin: Bussiness Case izenekoan bi urtez jarraian sailkapen onena lortzean Formula Student UKko historian hori lortu duen lehenengo taldea izatera eraman zuten emaitza onak errepikatzea. Izan ere,  Formula Student, 3.000 ikasle baino gehiagok egindako monoplazen lasterketa baino askoz gehiago da. Lasterketan bertan lortutako postuaz gain, antolakuntzan ari diren automobilgintza munduko profesionalek, monoplazek azelerazio, egonkortasun, erresistentzia edo kontsumo probatan lortzen dituzten emaitzak ere baloratzen dituzte, eta baita berrikuntza maila eta bideragarritasun ekonomikoaren azterketa ere. 2017an diseinu onenaren ibilgailu elektrikoaren Sari Berezia irabazi eta finalista izan zen azelerazio proban, eta 2018an kostuen proban finalista izateaz gain, diseinuari dagokionez hamar onenen artean egon zen.
 
FSB2019, talentu askoren batura
Urtero, taldeek monoplaza berria aurkeztu behar izaten dute, eta aurreko urteetako modeloen osagaiak eta sistemak berrerabil ditzakete. Horrela, proiektuak dituen hamabi urte hauetan, Eskolako taldeak zenbait berrikuntza sartu ditu, karbono zuntzezko monokaskoa, motor duala edo fluxu optimizatuko kit aerodinamikoa, eta baita trakzio eta egonkortasun kontrola hobetzen duten sistemak ere.
 
Aurtengo modeloak 200.000 euroko aurrekontua du, eta hobekuntza teknologikoak sartu ditu balaztatzearen energia berreskuratzeko sisteman, txasisaren diseinuan eta aerodinamikan, suspentsioan eta bateria pack-ean, tamaina eta pisu txikiagokoak jarriz, trinkoagoak izan daitezen. Emaitza, 210 kilo, metro eta erdi zabal eta hiru metro luze dituen monoplaza da, 0tik 100 kilometro ordura hiru segundotan heltzen dena, potentzia osoa erabiliz 22 kilometroko autonomia duena (110CV), eta 110 kilometro orduko abiadura lor dezakeena.
 
Horrez gain, FSB2020aren fabrikazioari begira, taldea hasi da jadanik datuen automatizazio eta eskuratze softwarearekin lanean (Dassault Systèmes-ek lagatako 3DEXPERIENCE plataforma). Horrela, FS Bizkaia osatzen duten sei taldeek (Simulazioa, Aerodinamika, Txasisa, Elektronika, Dinamikak eta Power Train) diseinu eta fabrikazio prozesu osoaren ikuspegi orokorragoa izan dezaten.
 
Proiektuetan oinarritutako ikasketa
Formula Student lehiaketan parte hartzea da Bilboko Ingeniaritza Eskolaren apustuetako bat ikasleen berrikuntzarako gaitasunak eta talentua sustatzeko, etorkizun profesionalari begira euren prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetzen duten bitartean. Hori guztia metodologia berritzailearekin, proiektuetan oinarritutako ikasketa, adibidez. Orain arte, 500 ikaslek bizi izan dute urtero monoplaza bat diseinatzeko, eraikitzeko eta balioztatzeko erronkari aurre egin behar dion taldeko kide izatearen eta monoplazarekin zirkuitu profesionaletan, mundu osoko unibertsitate mailako lehiaketa garrantzitsuenean, lehiatzeko esperientzia.
 
Eskolako ikasle guztiek duten interesaren erakusgarri gisa, esan daiteke proiektuan gero eta ikasle gehiagok hartzen dute parte. Modelo berria osorik diseinatu du Industria Teknologia Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekaniko, Industriako Ingeniaritza Elektroniko eta Automatiko graduetako 54 gaztek osatutako taldeak. Ikasle taldeak lau ‘faculty advisor’-en, Eskolako Charles Pinto, Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Díez irakasleen, gainbegiradapean egiten du lan.
 
Autoa diseinatu eta egiteko 200.000 euroko aurrekontua izan dute eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, AIC-Automotive Intelligence Center, Sener, Batz Group, Ingemat, Tecnalia, Aludium, Alunid, Inarak, Irizar Group, EVE, Aernnova, FemEder, Gedore, Gestamp, iMedusa, Gurit, lemo, Schaeffler, Vimansa edo Transportes Lakunza eta Ingeniaritza Eskola bera izan dira babesle nagusiak, baita 40 enpresa laguntzaile eta hemengo 15 lanbide eskola ere.