euskaraespañol

G9 unibertsitate taldeko errektoreek aldarrikatu dute ikerketa inbertsioa dela, eta ez gastua

Errektoreen Batzar Nagusiak, Iruñean elkartuta, praktiken kotizazioari buruzko araudi berria aztertu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/07

Irudia
Iruñeako bileran izan ziren G9 taldeko errektoreak eta idazkaria.(Argazkia: G-9)

G9 unibertsitate taldeko Errektoreen Batzar Nagusiak astelehenean egin berri du bilera Iruñean, eta ikerketa inbertsioa dela, eta ez gastua, aldarrikatu du. Horrela, I+G+b Dirulaguntzen Legetik kanpora uztea eskatu du. Tramite burokratikoek oztopatu egiten dute ikerketa lana, “batez ere justifikazioari dagokionez”. Horixe adierazi dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) errektore Alfonso Carlosenak eta G9 unibertsitate taldeko presidente kargua utzi duen Angel Pazosek jardunaldiaren lehenengo zatia amaitu ostean. UPNAko errektoreak hartu du bere gain G9 unibertsitate taldeko seihilekoko presidente kargua.

Bileran Gizarte Segurantzan kotizatzea aurreikusten duen kanpoko praktika akademikoei buruzko araudi berria ere aztertu dute errektoreek, eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak bere garaian emandako mezua errepikatu dute: positibotzat eman dute praktikak ikasleentzat Gizarte Segurantzako kotizazio aldi gisa zenbatzea, baina horien hobaria % 100ean mantentzea eskatu dute. Era berean, G9 unibertsitate taldeak ongi hartu du Gobernu zentralak adierazi izana unibertsitateak kontuan izango dituela arau berri hori lantzeko. Gogoratu behar da unibertsitateak kezkatuta eta arduratuta agertu zirela neurri horren berri eman zenean; izan ere, kuotak euren gain hartu beharko balituzte, 74 milioi euro inguruko kostu globala izango luke horrek, UPNAren kasuan 400.000koa izango litzatekeena (bere aurrekontuaren % 5), eta unibertsitateei eragingo lizkiekeen tramite burokratikoak erantsi beharko litzaizkioke horri.

Bileran taldeko gainerako errektoreak ere izan dira, eta horien artean Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka Lasa.

G9 unibertsitate taldea

G9 unibertsitate taldea 1997an eratu zen eta beren autonomia erkidegoan unibertsitate publiko bakarrak diren unibertsitate publikoek osaturiko taldea da, eta taldeko kideak dira: Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Balear Uharteak, Errioxa, Oviedo, Euskadi, Nafarroako Publikoa eta Zaragoza. Guztira 200.000 ikasle presentzial biltzen ditu. Elkartearen helburua da taldeko kide diren unibertsitate erakundeen arteko harremanak sendotzea, besteak beste, bakoitzaren autonomia erkidegoko irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko jardueretan elkarlana sustatzeko.