euskaraespañol

G-9 taldeko unibertsitate publikoek berrikusi egin dituzte datozen hilabeteetan batera egin behar dituzten jarduerak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/19

Irudia

G-9 Taldearen Batzar Nagusiak aztertu dituen jardueren artean daude Doktorego Jardunaldiak, Ikertzaileen Europako Gaua, genueve ediciones argitalpen zerbitzuari eman beharreko bultzada eta unibertsitateko kideentzako online prestakuntza planen edizio berriak.

G-9 Taldeko Errektoreen Batzar Nagusia telematikoki bildu da Nekane Balluerka UPV/EHUko errektore eta taldearen seihileko honetako zuzendariaren buruzagitzapean.

Bileran xeheki aztertu dira datozen hilabeteetan batera egin nahi dituzten jarduerak. Jarduera horietako batzuk atzeratu egin ziren COVID-19aren pandemiagatik.

Batzar Nagusiko kideek xeheki aztertu dute ere pandemiak ikasgeletan izan duen eragina, dei egin dute osasun segurtasunarekin bateragarria izango den presentzialtasun ahalik eta handiena berma dadin, eta eskatu diete erantzukizunez jokatzeko, orain arte bezala, unibertsitateko kide guztiei. G-9k apustu egiten du aurrez aurreko jarduera akademikoa garatzearen alde, bat etorrita Talde gisa garatutako ekintza eta jarduera telematikoekin.

Hurrengo jarduerak

Azaroaren 23tik 25era, Zaragozako Unibertsitateak koordinatuta, G-9ren VIII. Doktorego Jardunaldiak egingo dira, online formatuan, 9 unibertsitate publikoetako doktorego ikasleen partaidetzarekin.  Jardunaldien helburua da parte hartzaileen doktorego ikerketak zertan diren azaltzea, eta parte hartzaileak aukeratzen dira unibertsitate bakoitzeko barne prozesuen bidez. Hala, beren tesiaren edukiei buruzko poster bat aurkeztuko dute.

Gainera, Doktorego Jardunaldien barruan, III. Dibulgazio Zientifikoko Jardunaldiak egingo dira, helburutzat harturik zientziaren dibulgazioaren garrantziaz kontzientziatzea eta jarraibide eta tresna batzuk ematea doktoregaiei, beren lanean lagunduko dietenak.

Bestetik, Batzar Nagusiak berrikusi egin ditu Ikertzaileen Europako Gaua dela eta egiten diren jarduerak. Pandemiaren ondorioz, online formatuan egingo dira lehen aldiz, azaroaren 27an. G-9 taldeko erakundeak partzuergo batean elkartu dira elkarrekin ospatzeko Europako Gaua, Oviedoko Unibertsitatearen koordinaziopean. Egitasmo hori G-9 Taldearen lehen lankidetza proiektua da, eta Europar Batasunaren programek finantzatzen dute: 134.000 euro lortu dira Horizon 2020 programatik.

Ikertzaileen Europako Gauaren helburu nagusiak dira ikertzaileak jendearengana hurbiltzea eta haien lana erakustea, estereotipoak ezabatzeko, jendeak haien egunerokotasuna ezagutzeko eta gazteak inspiratzeko, ibilbide zientifiko bati ekin diezaioten.

Azaroaren 27aren inguruan programatu diren jarduera ugarien artean, nabarmentzekoak dira kahoot jokoak, zuzeneko edo grabatutako tailerrak, bisita gidatu birtualak museoetara, zuzeneko hitzaldiak, elkarrizketak ikertzaileekin eta kafe zientifikoak. Partzuergoak kontu bat dauka Twitter-en (@Night_S_Team), non proiektuaren jarduera guztien berri ematen den.

Campus digital parteatua eta  Genueve argitalpenak 

Bileran, Batzar Nagusiko kideek ongietorria egin diete David Benito katedradun eta Campus Digital Partekatuko zuzendari berriari, eta Mercedes Cabrera katedradun eta G-9 Taldearen genueve argitalpen zigiluko zuzendari berriari.

Benito irakasleak etorkizuneko lan ildoetako batzuk aipatu ditu; hala nola unibertsitateko kideentzako (ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) online prestakuntza planak finkatzea, eta G-9ren unibertsitate arteko campus digitala erabiltzea taldea osatzen duten unibertsitate publikoen erakusleiho gisa, gaztelaniaz mintzo diren herrialdeen eta Europaren aurrean.

Bere aldetik, Cabrera irakasleak eskerrak eman ditu zuzendari izendatzeagatik, eta espero du G-9 genueve argitalpen zigiluaren ikusgarritasuna handitzea. Argitalpen zigiluak 25 titulu argitaratu ditu jada, eta goi mailako hezkuntzako erakunde publikoek ekonomikoki laguntzen duten argitalpen tresna egoki bat da. Erakunde horiek lanean ari dira egileek argitaratzeagatik ordaindu behar ez izateko eta haien lana ahalik eta merezimendu handienaz aintzatetsia izateko. Gaur egun, CEA-APQ kalitate akademikoko zigilua dauka, ANECA, FECYT eta UNEk ematen dutena. Kalitate zigiluak argitaletxearen jardunbide egokiak akreditatzen ditu, eta aintzatetsia dago unibertsitateko irakasleen kidegoetan sartzeko ikerketa merezimenduen balorazioan eta akreditazioan.

Azkenik, Batzar Nagusiak ontzat eman du 2021erako aurrekontu arrunta, aukera emango duena aurreikusi diren ekintzak eta jarduerak gauzatzeko.

Unibertsitateen 9 Taldea

G9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, autonomia erkidegoetan bakarrak diren unibertsitate publikoek osatua: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

G9ko unibertsitateek dituzte 170.000 ikasle, 19.340 irakasle eta ikertzaile, eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile.