euskaraespañol

Gabriela Chotro, Psikologia Fakultateko dekano berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/25

Irudia
Gabriela Chotro. Argazkia: UPV/EHU

M. Gabriela Chotro doktorea, Oinarrizko Prozesu Psikologikoen eta beren Garapena saileko Psikobiologia arloko ikertzaile iraunkorra, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Psikologia Fakultateko dekano izendatu dute.

Bere ibilbide akademikoan, dekano berriak uztartu du irakaskuntza lana, batez ere graduondokoan eta doktoregoan, garapenaren eta ikaskuntzaren psikobiologiaren arloko ikerketarekin, alkoholarekiko esposizioak garapen goiztiarrean dituen ondorioak aztertuz.  Ikerketa eta ekoizpen zientifikoko ibilbide aitortua du, eta 1996az geroztik Euskal Herriko Unibertsitateko "Ikaskuntza eta Memoria" ikertalde finkatuaren kide da, bertako ikerketa lerro bateko zuzendaria delarik. Ikerketa egonaldiak egin ditu eta lankidetza zientifikoa du Center for Developmental and Behavioral Neuroscience (Binghamton University, NY, AEB) eta Centre des Sciences du Goût et de l'Alimentation gunearekin (Dijon, Frantzia).  Kudeaketan izandako esperientziari dagokionez, fakultate honetako Kalitate eta Komunikazioko dekanordea (2017-2019), Psikologia, Banakako, Taldeko, Antolaketa eta Kultura masterreko koordinatzailea (2010-2013), Psikologiako Doktorego Programaren arduraduna (2010-2019) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Master eta Doktorego Eskolako zuzendaria (2013-2017) izan da.

Dekano berriarekin batera arituko dira Naiara Arriola idazkari akademikoa, Edurne Maiz praktiketako eta graduondoko dekanordea, Aitziber Azurmendi mugikortasuneko dekanordea, Izarne Lizaso antolamendu akademikoko dekanordea, Laura Vozmediano Graduko eta Kalitateko Ikasketetako dekanordea, Alaitz Aizpurua Ikasle eta Komunikazioko dekanordea eta Loli Alonso ikastegiko administratzailea.

Taldearen helburu nagusiak hiru ardatzen inguruan lerrokatzen dira: Prestakuntza, Pertsonak eta Gizartea.  Lehenengoak ikasleei psikologiako prestakuntza sendoa emateko konpromisoa du oinarri, bai eta gizartearen beharrekin bat datorren graduko eta graduondoko eskaintza koherente eta interesgarri bat finkatzean ere.  Praktiken katalogo zabala ere mantenduko da, ikasleak gizartearekin konektatzeko eta haien enplegagarritasuna bultzatzeko, eta ikerketara eta lanbidean jardutera bideratutako graduondoko prestakuntza bultzatuko da.  Fakultate honek Psikologiako euskarazko prestakuntzaren erreferente izaten jarraitu nahi du eta, aldi berean, ikastegia nazioartekotzearen aldeko apustua egiten du.  Bigarren ardatza fakultatean lan egiten duten pertsonena da.  Ikastegiko langileen belaunaldi aldaketak komunikazio eta harreman sare berriak ezartzea eskatzen du, lan giro aberasgarria sortzeko.  Sormen eta lankidetza ekimenak bultzatuko dira, pertsonen arteko harremanak ezartzeko eta ikastegiko kide izatearen zentzua areagotzeko.  Hirugarren ardatza fakultateak gizartearekin duen harremana finkatzera bideratuta dago:  Ikastegia gizartearen eskura dagoen jakintza zientifikoa sortzeko erreferente bihurtuz; euskararekiko, berdintasunarekiko eta pertsona guztien inklusioarekiko konpromisoa indartuz eta ingurumenean duen eragina murriztuz.  Azken finean, ikasleekin eta ikaskideekin batera komunitate jasangarri eta inklusiboak eraikitzen lagunduz.  “Ikastegian dagoeneko errotuta dauden kudeaketa ereduetan oinarrituta, gure jarduera birpentsatzea proposatzen dugu 2030eko Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuei egindako ekarpenen arabera, EHUagendarekiko koherentziaz eta ongien ordezkatzen gaituzten helburuetan fokua jarrita".