euskaraespañol

Garapenari buruzko Ikasketen V. Nazioarteko Biltzarra

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2020/05/27 Noiz arte: 2020/05/29, 09:00 - 17:00

Deskribapena

“Garapenari erronkak: eraldaketa prozesuak justizia globalerantz” izenburua dauka Garapenari buruzko Ikasketen V. Nazioarteko Biltzarrak (V CIED), Hegoak –Euskal Herriko Unibertsitatearen Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutua–, eta REEDESek –Garapenari buruzko Ikasketen Espainiar Sarea– antolatu dutena maiatzaren 27an, 28an eta 29an.

COVID-19aren pandemiak biltzarraren ibilbidea markatuko du; izan ere, Bilbon aurrez aurre egiteko asmoa zegoen arren, formatu birtualera egokitu behar izan da, eta dagoeneko izena eman duten 320 pertsona baino gehiagoren hausnarketak inpregnatuko ditu egoera honek. Ekitaldiak iraungo dituen hiru egunetan zehar, 229 komunikazio akademikoren aurkezpenak, bi mahai-inguru eta nazioarteko ahots esanguratsuen lau hitzaldi espero dira, hala nola Wendy Jane Harcourt, Úrsula Oswald Spring, Koldo Unceta eta Boaventura de Sousa Santosen hitzaldiak.

Hizlari gonbidatuen konferentziez gain, bi mahai-inguru egiteko asmoa dago, baita 15 ildo tematikotan banatutako 212 komunikazioren, bakoitzaren ikerketen emaitzekin, eta 17 posterren aurkezpena ere.

V CIED biltzarra desparekotasunen iraunkortasuna gainditzea ahalbidetuko duen justizia globalerantz gizartearen eta sistemaren eraldaketarako bide alternatiboak finkatzeko beharrezkoak diren politika, prozesu eta estrategietan zentratuko da. Lankidetzaren paradigmaren krisia aztertuko da, hura gizartea antolatzen duen balore eta gida den heinean, azken hamarkadetan nagusitu den garapen ereduaren krisialdiaren espresioaren moduan ulertuz. Testuinguru berri batean bideragarri diren estrategiak garatzeko zailtasunetaz mintzatuko da, non konpetentzia paradigmari eta arlo guztiak merkantilizatzeko joerari erantzuteko alternatibak landu eta eraikitzea ezinbestekoa den. Zentzu honetan, justizia sozialaren helburua eta elkarlanaren baloreak berreskuratu behar ditugu bestelako garapen ereduak sortu edota kontzeptu hau gainditu ahal izateko, gizarte globalizatu honek bizitzaren jasangarritasuna, eskubideak eta pertsonen duintasuna ardatz izan ditzala.

Nazioarteko mailako bilera zientifiko honek ikasketen hainbat arlo ezberdinetatik eta baita gizarte zibiletik jaso ahal diren ekarpenak bilatzen ditu. Hori dela eta, irakasleek, ikertzaileek, ikasleek eta garapenaren gaian eta gizarte globalaren eta garapenari buruzko ikasketen arteko harremanetan interesa duten gizarte eragileek parte-hartu dezakete biltzarrean. Izena emateko epea maiatzaren 24ra artekoa da eta webgunearen bitartez egingo da: https://vcied.org/eu/

Biltzarra Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziari, Bilboko Udalari eta SEGIB –Secretaría General Iberoamericana– eta AECID –Agencia Española de Cooperación al Desarrollo– erakundeen laguntzari esker ospatu ahal izango da.

Hizlari gonbidatuen profilak:

Wendy Jane Harcourt (Inaugurazioa. Maiatzak 27): Wendy Harcourt doktorea Westerdijk irakasle eta irakasle titularra izendatu zuten 2017ko urrian Hagako Erasmus Unibertsitateko Nazioarteko Gizarte Ikasketen Institutuan (ISS) Generoaren, Aniztasunaren eta Garapen Iraunkorraren Katedrarekin batera. 2017ko maiatzean emandako EU H2020-MSCA-ITN-2017 Marie Sklodowska-Curie Innovative Training Networks (ITN) WEGOren (Well-being, Ecology, Gender, and Community) koordinatzailea da. Harcourt ISSra batu zen 2011ko azaroan, 23 urte Nazioarteko Garapenerako Elkartean (Erroma) eman ondoren, Development aldizkariaren editore eta programen zuzendari gisa. Palgrave Gender, Development and Social Change seriearen eta ISS-Routledge Gender, Development and Sexuality seriearen argitaratzailea da.

Úrsula Oswald Spring (maiatzak 28): Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) Diziplina Anitzeko Ikerketen Eskualdeko Zentroko ikertzailea da. Gizarte-zaurgarritasunari buruzko lehen katedra irabazi zuen Nazio Batuetako Unibertsitatean. Medikuntza, psikologia, filosofia, hizkuntzak, antropologia eta ekologia ikasi zituen Madagaskarren, Parisen, Zurichen eta Mexikon. Morelosen Ingurumen Garapenerako idazkaria izan zen, eta Mexikoko lehen Ekologia prokuradorea. Iberoamerikako IPCC, PINCC, ISSC, IIASA eta RIOCC-Adapt erakundeetako kidea da. 57 liburu eta 398 artikulu zientifiko/kapitulu idatzi ditu, eta hainbat sari lortu ditu: NBEren 4. hamarkada, Sor Juana, Meritu Ekologikoa, Emakume Akademikoa, Women of the Year 2000, Emiliano Zapata domina eta 50 urteko ikerketagatik lortutako meritua, besteak beste.

Koldo Unceta Satrústegui (maiatzak 28): Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia Aplikatuko katedraduna da. Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketen Institutua erakundearen bultzatzailea eta lehen zuzendaria izan zen. Halaber, Hegoa Institutuko Garapenerako Lankidetza Politiken Azterketa eta Ebaluazioari buruzko Ikerketa Taldeko ikertzaile nagusia izan zen 2009 eta 2017 urteen artean. Hainbat elkarte akademikotako kide da, baita zenbait aldizkari espezializatuen batzorde editorialetako kide ere. Gainera, Espainiako, Europako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Latinoamerikako hainbat unibertsitatetan eman ditu eskolak. Munduko ekonomiari, garapenari eta nazioarteko lankidetzari buruzko 70 argitalpen baino gehiagoren egilea da. Hainbat sari jaso ditu, hala nola Euskal Ekonomisten Elkargoaren 2019ko Ekonomistak Saria.

Boaventura de Sousa Santos (Itxiera. Maiatzak 29): Soziologiako katedraduna Coimbra Unibertsitateko Ekonomia Fakultatean eta Distinguished Legal Scholar, Wisconsin-Madison Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Coimbrako Unibertsitateko Gizarte Ikasketen Zentroko zuzendari emeritua da eta Portugalgo Justiziaren Behatoki Iraunkorreko koordinatzailea, unibertsitate berean. 2011 eta 2016 urteen artean zuzendu zuen ALICE ikerketa proiektua –Ispilu arrotzak, ustekabeko lezioak. Europa munduko esperientziak partekatzeko modu berriak–, European Research Council-en finantzaketarekin. Epistemologiari, zuzenbidearen soziologiari, soziologia politikoari, teoria postkolonialari, globalizazioari, gizarte-mugimenduei, demokrazia multikulturalari eta giza eskubideei buruz luze eta zabal argitaratu du hainbat hizkuntzatan.

Programa eta izen-emateak