euskaraespañol

Inauguratu da Bizkaia Aretoan Agustín Ibarrolaren "Censuras-Zentsurak" erakusketa

Zentsura At Jaialdiaren XII. edizioko ekimen garrantzitsuenetarikoa da esposizio hori eta UPV/EHUk lagundu du antolatzen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/18

Irudia
13 eskultura. Encapuchados seriea. Argazkia: Mikel Mtnez. de Trespuentes

Ostegunean, urtarrilaren 18an, 19:30ean, Agustín Ibarrolaren ‘Censuras-Zentsurak’ erakusketa inauguratuko da Bizkaia Aretoan. Otsailaren 28ra arte ikusgai izango da, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara. Halaber, Zentsura At! Jaialdiaren XII. edizioko ekimen garrantzitsuenetarikoa da esposizio hori.

Erakusketa hori ez da autorearen atzera begirako esposizio bat, Agustín Ibarrolaren bizitza pertsonaleko eta artistikoko bi une erabakigarritan ardazten baita. Alde batetik, Chillida aretoan ‘Censuras’ esposizioa ikusi ahal izango da. Han, antifrankista zeneko garaian, 1961-1976, egindako grabatuak, kartelak eta collageak erakutsiko dira.

Bestetik, Axular aretoan ‘Zentsurak’ esposizioa egongo da ikusgai. ETAren terrorismoaren aurkako borrokari eskainitako hainbat artelan egongo dira han. Hala, 2000ko, 2001eko eta 2003ko atentatuen ostean ateratako Omako Basoaren argazki batzuk ikusi ahal izango dira, baita txanodunak protagonista dituen pinturak, grabatuak eta eskulturak ere.

“Erakusketa honen xedea ez da bakarrik Agustín Ibarrolak irakasle moduan izan duen ibilbidea aitortzea eta egindako lanagatik eskerrak ematea, baizik eta omenaldia egitea euskal artearen figura berezi bati, hain zuzen ere, mende erditik gora etengabe lanean jardun duen eta gure hurbileneko historiaren lekuko eta historia horretan eragile”, azaldu du Nekane Balluerkak, UPV/EHUko errektoreak.

Zentsura At! jaialdia

Zentsura At Jaialdiaren 12. edizioko ekimen garrantzitsuenetarikoa da Agustín Ibarrolaren erakusketa hori, UPV/EHUk antolatzen lagundu duena. “Arrazoi batengatik edo bestearengatik uneren batean, herrialderen batean… zentsuratuak izan diren artistak babesteko, bai eta Giza Eskubideak eta adierazpen-askatasuna babesteko ere. Oraingoan, gure artista plastiko garrantzitsuenetako bati eman nahi izan diogu ahotsa, Agustín Ibarrolari, hain zuzen, zentsura hainbat ideologia antagonikoren aldetik jasan izan baitu. Deserria, espetxea, isunak… guztia pentsatzeko bere eskubideari eusteagatik, bere burua adierazteko eskubidea egikaritzeagatik, kasu honetan pinturaren eta eskulturaren bitartez, eta, nabarmena denez, hitza hartzeko bere eskubidea ez baztertzeagatik”, adierazi du José Ángel Serranok, Zentsura At! jaialdiko zuzendariak.

José Ibarrola erakusketako komisarioak jakinarazi du hamarkadak igaro direla Euskadiko Autonomia Erkidegoan artistaren esposizio zabal bat antolatu zenetik. “Denborak zauriak orbaintzen ditu, baina gupidagabea ere bada. Pertsonen bizi zikloa txikia da, eta apenas irauten duen oroitu nahi dutenen memorian. Artistaren arrastoa da, beharbada, askatasuna aitortzeko ditugun baliabide urrietako bat”, zehaztu du.

Arratsaldeko inaugurazioan izango dira, besteak beste, José Ibarrola komisaria; Naiel Ibarrola, artistaren iloba, zeinak bideo eta musika uztartzen dituen ikus-entzuneko muntaia aurkeztuko duen; Patxi Juaristi, Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Nerea San Martín, Bizkaiko Campuseko Unibertsitate Zabalkuntzako zuzendaria

Erakusketa:

Chillida aretoa: ‘Censuras’

  • 55 grabatu: Agustín Ibarrola. Xilografiak. Paisajes de Euskadi seriea. 1961-2001. 70x50 cm.
  • Kartela: Espetxetik eginiko marrazki klandestino baten erreprodukzioa. Tinta/papera. 1963. Parisko Galerie Epona-ko erakusketaren kartela. 1963ko Frantziako Kritikaren Saria.
  • Collage: Agustín Ibarrola. Xilografiazko ebakinekin egindako collagea. Censura. 1976. 140x60cm.

Axular aretoa: ‘Zentsurak’

  • Olio-pintura bat: Agustín Ibarrola. Olio-pintura/mihise. Encapuchados. 2007. 180x180 cm.-
  • 13 eskultura: Agustín Ibarrola.  Egunkarien orriak, kola eta akriliko lausodurak. Encapuchados. 1998. 130x70x70cm
  • 15 argazki: Tere Ormazabalen argazkiak. Atentatuak Baso Margotuan. 2000-2001-2003.  2000-2001-2003. A2
  • Grabatu 1: Agustín Ibarrola. Xilografia. Encapuchados (Paisajes de Euskadi). 2008. 130x70x70cm