euskaraespañol

Unibertsitateak ekintzailetza-kultura irakasten du

Gazteen Ekintzailetza Programaren azken edizioan nabarmendutako lau proiektuek ikasleek garatutako ekimenen aniztasuna eta proiekzioa erakusten dute

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/28

Irudia
2022ko edizioan parte hartu duten ikasle, irakasle eta langileak | Argazkia: Roberto Lahidalga. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitatearen helburuetako bat da ikasleen artean ekintzailetza-kultura aktibatzea. Horretarako, ikasturte bakoitzean ekimen ugari jartzen dira abian, besteak beste, Gazteen Ekintzailetza Programa.  Horren 2022ko beka-deialdia irekita dago.  "Programa hori gure Unibertsitatearen apustu serioa da, ikasleen ekintzailetza-konpetentziak sustatzeko", azpimarratu du Alberto Díaz de Junguitu arduradun akademikoak. Programak hautatutako proiektuetarako finantzazioa eta profesional adituen aholkularitza eskaintzen ditu. Hau da, heldutasun-maila jakin bat duten ideia onak saritzeaz gain, sustatzaileei finantzaketa eta laguntza ematen zaie proiektuak garatzen jarraitzeko. "Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak arlo horretan duen estrategian, Gazteen Ekintzailetza Programa oso paper garrantzitsua betetzen ari da beste ekimen eta jarduera batzuen artean", gaineratu du arduradunak. Dagoeneko egin diren bost deialdietan 145 ikaslek hartu dute parte. Edizio bakoitza uztaileko lehen astean amaitzen da, garatutako proiektuak aurkeztuz eta defendatuz. Hauek izan ziren 2021eko edizioko aipagarrienak.


Martxel Aldai Salaberria

martxel

Ingeniaritza Mekanikoko Gradua
Martxel Aldai Salaberriaren proiektua 'Arrauna praktikatzeko kirol sentsorearen garapena eta arraun errendimenduko faktore biomekanikoen analisia' da. Arrauna oso kirol teknikoa da, eta IoT teknologia oso onuragarria izan daiteke bere praktika eta hobekuntzarako. Hala ere, gaur egun ez dago behar bezala egokitutako konponbiderik, eta arraunean aritzen direnek sentsore osagarriak (GPSa, bihotz-erritmoa, saio-denbora...) baino ez dituzte erabiltzen, potentziari, kadentziari, arraunketaren teknikari eta abarri buruzko informazioa ematen dieten sentsore espezifikoak erabili beharrean.

 

“Beka honi esker, ordura arte begirada oso teknikoa zuen proiektu bat proiektu osoago bihurtu dut. Enpresa batek behar dituen ezaugarriak ikasi ahal izan ditut, eta horretarako hainbat kontaktu eta baliabide sortu ditut. Gure proiektua egingarriago egin ahal izan genuen, oinarri ekonomiko sendoago baterako baldintzak sortu ditugulako eta kudeaketa egokiagoa egiten ikasi dugulako", esan du Martxelek.

Orain Martxel eta bere taldea "proiektu honetan edo beste edozein proiektutan" ikasitako guztia eta sortutako baldintzak aprobetxatzen saiatzen ari dira. "Ez da erraza zerotik zerbait martxan jartzea, eta ez da beti lortuko, baina bidean ikasitakoa benetan aberasgarria da. Beka honek denbora eta ezagutza ematen ditu, eta, beraz, begirada berritzaileak sortzen dira", gehitu du.


Eneko Calvo Postigo

eneko

Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatika Ingeniaritzako Gradua
2022ko edizioan nabarmentzen den bigarren proiektuak ‘LUP’ du izena, eta 2020an sortu zen, ikusmen urria duten pertsonei eguneroa errazteko helburuarekin. Gaur egun, LUP lehenengo soluzioa garatzen ari da, poltsikoko lupa adimenduna. Lupa hori adimen artifizialean oinarrituta dago, eta erabiltzaileari laguntzen dio edozein irakurketari aurre egiten. Eneko Calvo Postigok aurkeztu zuen, Kudeaketako Informatika Ingeniaritzako eta Informazio Sistemetako Graduko ikasleak.

“Beka oso lagungarria izan da enpresa abian jartzeko fasean, gure hasierako ideia errealitate bihurtzeko prozesuan lagun izan baitugu. Finantzaketari esker, gure irtenbideen garapena eta abiatzea izugarri bizkortu duten profesionalen ezagutza eta baliabideak izan ditugu eskura", esan du.

Gaur egun beste urrats bat eman nahi du bere bide profesionalean. “Corporate-ra jauzi egin nahi dugu, eta logopeden profesionalek eta optometristek gure konponbideak eguneroko bizitzan erabil ditzaten, pazienteak tratatzeko. Prozesu eta produktu eskalagarriagoa da, eta gaur arte izan ez dugun hazkunde-eredua du", azaldu du.

Adriana González Benito

adriana

Biologia Molekularra eta Biomedikuntza Unibertsitate Masterra
2021eko edizioan nabarmendutako beste proiektu bat da 'Colonprevent: kolon eta ondesteko minbiziaren prebentzioa, diagnostikoa eta pronostikoa hobetzeko irtenbide disruptiboa', Adriana González Benitok aurkeztuta. Kolon eta ondesteko minbiziaren eragina handia bada ere, orain arte ez da garatu praktika biomedikoan aplikatzea ahalbidetzen duen tresna molekularrik eta doitasunezko nutrizio-programarik. Colonpreventek prebentzioa, diagnostiko goiztiarra eta pronostikoa hobetu nahi ditu minbizi mota horretan, langile biomedikuei tresna molekular egokia emanez.

Gazteen Ekintzailetza Programa aurrerapauso garrantzitsua izan da Adriana Gonzalezen proiektuarentzat. “Horri esker, nire negozio-ereduaren ikuspegi globala izan dut, eta oinarri teknologikoko proiektu ekintzaile baten eraikuntza modu egokian lantzen ikasi dut. Esparru zientifiko hutsetik urrun dauden zenbait alderdi modu egokian lantzen dira. Lehenik, kontzeptuak aurkezten dira, gero ikuspegi globala erakusten da eta kontzeptu horiek indartzen dira mentoria-saioetan, nire proiektura hobeto egokitutako lan bat egiteko aukerarekin. Sistema horrek aukera eman dit funtsezko alderdiak pixkanaka barneratzeko, hobekuntzak sartzeko, eta, nire ustez, oso onuragarria den hausnarketa- eta saiakera-sistema baten pean lan egiteko. Orain seguruago sentitzen naiz nire proiektuarekin aurrera egiten jarraitzeko. Adrianak programaren berezko saioak nabarmentzen ditu bereziki, hala nola mentorizaziokoak. "Oso aberasgarriak gertatu zaizkit maila pertsonalean eta profesionalean, proiektua hobetu ez ezik, ekintzailetzaren, helburu profesionalen eta epe labur eta ertaineko etorkizunaren inguruko ikuspegia zabaldu baitidate. Negozio-eredu bat izatea, inplikatutako eragileak identifikatzen jakitea eta aukeren aurrean irizpide bat eraikitzea oso lagungarria izango dela uste dut, hasi berri dudan ibilbide honetan”.

Horrela, orain egitura eta ibilbide-orria badituela sentitzen du, ikasten joan ahal izateko, kalteak eta galerak minimizatuz. “Alabaina, hobetu beharreko alderdi bat nabarmendu beharko balitz, alderdi komertziala izango litzateke oro har, eta bezeroekiko harremana bereziki. Pentsatzen dut orain, nagoen puntuan, abstraktuagoa dela, eta behin gauzatzen hasten naizenean eta esparru zientifiko hertsi batetik kanpoko harremanekin ohitzen naizenean, atal horiek ere hobetu egingo direla", erantsi du Adrianak.

Ignacio Escribano Ott

ignacio

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Unibertsitate Masterra
Menuba® Ignacio Escribano Otten proiektua da. Doako eta ordainpeko funtzio batzuk dituen aplikazio mugikor bat da, saskibaloi-taldeei beren plantilletan kirol-nutrizionista baten falta estaltzen laguntzen diena, eta teknikariei, jokalariei eta baita arbitroei ere elikadura-estrategiak modu arin eta profesionalean diseinatzeko aukera ematen die. Epe laburrerako irtenbidea emateaz gain, zeharka elikadura-hezkuntza lantzen da, elikadura-estilo egokia ezartzeko eta bizitza osoan mantendu ahal izateko funtsezko alderdia baita.

“Euskal Herriko Unibertsitateko Gazte Ekintzailetza Beka laguntza erabakigarria izan da nire proiektuak aurrera egin dezan. Menuba aplikazioa garatuta zegoen beka lortzeko unean. Hala ere, hari esker, estrategia komertziala hobetu eta eraginkorragoa eta zehatzagoa bihurtu ahal izan dut. Bai aurrez aurreko klaseak, bai banakako kontsultetara bideratzen gintuzten denbora funtsezko ekintzak izan dira Menubaren hazkunderako. Jakina, mentorearen figurak (nire kasuan, Amasg-eko Julen Barandiaran) funtsezko zeregina izan du laguntza honetan.”

Gaur egun, proiektua sendotze-prozesuan dago, eta linea anitzeko bertsioa garatzen ari dira. “Fase honetan, Menubaren jatorrizko bertsioa euskarara, katalanera edo ingelesera itzultzen lagunduko duten bazkide estrategikoak bilatu eta batuko dira, besteak beste», gehitu du. Eta ez hori bakarrik: produktu digitala denez, Menubaren hedapena eta nazioartekotzea lehen urratsak ematen hasi da, eta dagoeneko Latinoamerikako erabiltzaileak ditu.