euskaraespañol

Gaurko irudia

Gaztela-Mantxako Unibertsitateko (UCLM) errektore Julián Gardek hartu du bere gain Unibertsitateetako G-9ko sei hileko lehendakaritza

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/19

Irudia
G-9ko bederatzi errektoreak. Argazkia: UCLM.

UCLMko errektore Julián Gardek hartu du Unibertsitateen 9. Taldearen (G-9) lehendakaritza, joan den ostiralean Toledon egindako Errektoreen Batzar Nagusiaren ondoren. Bileran, Graduko ikasleentzako prestakuntza plan berri bat onartu da, eta erakundearen XXV. urteurrena 2022ko ekainean ospatzea ere onetsi da, besteak beste.

Unibertsitateetako G-9k aurrez aurre egin du batzarra Toledoko Campusean, eta bertan izan dira unibertsitate hauetako errektoreak: Errioxakoa (Juan Carlos Ayala), Kantabriakoa (Ángel Pazos), Extremadurakoa (Antonio Hidalgo), Balear Uharteetakoa (Jaume Carot), Nafarroako Unibertsitate Publikokoa (Ramón Gonzalo), Zaragozakoa (José Antonio Mayoral) eta Euskal Herriko Unibertsitatekoa (Eva Ferreira). Halaber, G-9ko proiektuen eta jardueren kudeatzaile Cristina Leuza eta G-9ko Campus Digital Partekatuaren zuzendari David Benito ere bertaratu dira biltzarrera. Benitok modu birtualean egin zuen bere hitzaldia, baita Oviedo Unibertsitateko errektoreak ere (Ignacio Villaverde).

Toledon egindako bilera aprobetxatuz, Unibertsitateen 9. Taldeko Errektoreen Batzarra bat dator Espainiako gizarte eragileekin eta Gobernuarekin eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortu behar dela deritzo. «Ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia funtsezkoak dira helburu hori lortzeko, baita unibertsitateak eta ikerketa erakunde publikoak enpresekin lankidetzan aritzea ere», azaldu dute errektoreek.

Ildo horretan, Batzarra kezkatuta dago Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuak ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentziarako sisteman izango duen eraginagatik, halako jarduerak oso espezializazio handikoak baitira. Gure ustez, espezifikotasun hori behar bezala jaso eta arautu daiteke Zientziaren Legearen esparruan, lege hori aldatzen ari baita gaur egun. Aldaketa hori onartzen ez den bitartean, unibertsitate, ikerketarako erakunde publikoetan eta horiek enpresa sektorearekin elkarlanean egiten dituzten lanetan ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia normaltasunez gauzatzea bermatuko duten neurri iragankorrak hartzea defendatuko dugu guk.

Gai zerrendan beste gai batzuk ere bildu dira, hala nola parte hartzaileek erabaki dute datorren ekainaren 24an Unibertsitateen G-9aren XXV. urteurrena ospatzea Extremaduran. Ospakizun horren programak hainbat ekintza bilduko ditu, besteak beste, G-9ko errektoreen eta errektore ohien, Unibertsitateetako ministroaren, Zientzia eta Teknologiako ministroaren, eskualdeetako kontseilari eta sailburuen, irakasleen, ikertzaileen, administrazio eta zerbitzuetako langileen eta taldea osatzen duten bederatzi unibertsitateetako ikasleen topaketa bat. Gainera, unibertsitate guztietan mahai inguruak egingo dira, non unibertsitate lorreko interesa izango duten gaietan adituak diren pertsonek parte hartuko baitute.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen 9. Taldea (G-9) dagokien autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

Elkartearen xedea taldeko unibertsitate erakundeen arteko harremanak bultzatzea da, unibertsitate erkidego bakoitzeko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan parte hartzea sustatzeko, besteak beste.

G-9ko unibertsitateetan 170.000 ikasle, 19.340 irakasle eta ikertzaile eta Administrazio eta Zerbitzuetako 8.160 langile daude.