euskaraespañol

Katixa Etxebarria Estankona

Genero-indarkeriaren aurkako erantzun judizialaren erronka: formazio espezializatua

Zuzenbide Prozesaleko irakasle agregatua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/19

Irudia
Katixa Etxebarria Estankona. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

“Madrilen, 2017ko urtarrilaren 1ean, Estefania-ren erailketa baieztatzen da, bere bikotekide ohia zen Carlos Javier-rek laugarren pisu bateko lehiotik egotzia izandako 24 urteko emakumea”. “Sestaon, 2017ko irailaren 25ean: Noemí Godoy Benítez, bere senarrak lepoa moztuta hilda”... Espainiar estatuan genero-indarkeriaren ondorioz hildako emakumeei buruzko datuak ikaragarriak dira: 2012. urtean 52 emakume hil ziren, 54 2013an, 55 2014an, 60 2015ean, 44 2016an eta 49 amaitu berri dugun 2017an[1]. Errealitate latz honi, heriotz gabeko tratu txarreko milaka kasu ere gehitu behar zaizkio, haietariko batzuk salatuak, beste asko, aitzitik, isiltasunetara kondenatuak.

Genero-indarkeria dugu emakume izate hutsagatik emakumeen aurka burutzen den bortizkeria eta, zalantzarik gabe, mundu osoan zehar emakumeek pairatzen duten berdintasun ezaren eta mendekotasunaren adierazpen basatiena, mingarriena, eta bidegabeena da. Nazio Batuen Elkarteak, 1995eko IV. Mundu-Konferentzian, emakumeen aurkako indarkeriak giza-eskubideak eta oinarrizko askatasunak urratu eta kaltetu egiten dituela aitortu zuenetik, nazioarte, Europa eta estatu mailako araudiek genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko izaera desberdinetako neurriak garatu dituzte. Hala eta guztiz ere, genero-indarkeria eremu pribatutik ateratzea eta gizartearen arazoa dela aitortzeak ez du ekarri bortizkeri matxista sorrarazten duten kultura-faktoreen deuseztapena. Oso inozentea izango litzateke pentsatzea hamarkada batzuek mendeetan zehar mantendu den kultura androginaren amaiera ekarriko zutela. Zoritxarrez, patriarkatuak, –gizonak emakumea menpean izateko botere-harremanen sistemak– presente jarraitzen du gure gizartean.

Espainiar estatuan, abenduaren 28ko 1/2004 genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko Lege Organikoak inflexio-puntua markatu zuen genero-indarkeriaren aurkako borrokan. Lege honen xedea emakumeen aurka gauzatzen den indarkeriari erantzun osoa ematea izan zen, alde prebentiboak, hezkuntzakoak, gizarte-izaerakoak, laguntza-izaerakoak eta arretakoak, besteak beste, bere baitan hartuz. Genero-indarkeriaren kontrako sistema juridiko-penala espezializatua sortzeko eta erantzun judizial eraginkorra emateko helburuz, ezaugarri prozesaleko lau aldaketa aurreikusi zituen: 1) Emakumearen aurkako arloko Epaitegien sorrera, gai honetan eskumen espezializatua dutenak; 2) jurisdikzio-organo bakarraren aurrean emakumearen aurkako indarkeriarekin zerikusia duten gai penal eta zibilen bateratzea; 3) babes eta segurtasun-neurrien arautze berezia; eta 4) emakumearen aurkako indarkeriaren arloko Fiskaltza berezia.

Erantzun judizialari dagokionez, legeak ekarritako aldaketak indarkeri matxistaren borrokan oinarrizkoak izanda ere, emaitzak aztertuta, argi geratu da estrategia berriak beharrezkoak direla. Ez da ezer aurreratzen organo espezializatuak sortuta ere, genero-indarkeriari buruzko prozesuetan parte hartzen duten eragile juridikoek formazio berezirik ez badute. Egia esan, borrokaren bidean aurrera joan ahal izateko, egin beharko genukeen galdera zera da: genero-indarkeriaren biktima babesteko sortutako justiziak modu eraginkorrean konpondu ahal du arazoa? Justizia-sistema prestatuta dago biktimari erantzun egokia emateko? Erreparatu behar diogu indarkeri matxistaren biktimari. Biktima honi ez dio ezezagun batek diru-zorroa lapurtu edo maula egin, ezaugarri bereziak dituen delituaren objektua izan da. Erasotzailea ezaguna da, bere bikotekidea edo bere seme-alaben aita da, eta askotan, prozesua amaitu ostean behin baino gehiagotan ikusi beharko du. Biktimak, gizonak sortutako min, beldurra, irainak eta mota guztietako abusuak jasan behar izan ditu menpekotasun testuinguru batean. Argi dago epailearen zeregina delituaren aurrean legea aplikatzea dela, baina eremu honetan ez zaio balio beste zigor-prozesu batzuetan aplikatutako eskema edo logika.

Urtero argitaratzen diren genero-indarkeriaren estatistika-datuek jakinarazten digute, sarritan, emakumeek ez dutela salatzen edo, hasiera batean salatuta ere, geroago salaketa kentzen dutela edo delitua jazartzeari uko egiten diotela. Era berean, badaude kasuak zeintzuetan beren seme-alaben aitari kalterik ez egiteko deklaratu beharraren dispentsari heltzen dioten, edo, urruntze-aginduaren aurrean, haiek beraiek erasotzailearen gerturatzea ahalbidetzen duten. Honen aurrean, fiskal, epaile eta eragile juridiko askok emakumearen deskalifikazio, aipu-galtze eta enpatia ezarekin erantzuten dute, batzuetan ezjakintasunaren ondorioz, beste batzuetan, aurreiritzietan oinarrituta. Praktikan, Zuzenbidearen logikatik kanpo egoteagatik, emakumearen jokaera hauek ez dira ulertzen eta honek  bigarren  mailako biktimizazioa eragiten du.

Genero-indarkeria arretaz eta formakuntza espezializatuaz ekin behar zaion oso konplexua den fenomenoa da. Prestakuntza tekniko-juridiko, lege substantibo eta prozesalen ezagutze hutsa ez da nahikoa; genero-indarkeriagatiko prozesuan parte hartzen duten epaileek, fiskalek, poliziek eta eragile juridiko guztiek prestakuntza espezializatua behar dute, genero-indarkeria jasan duen emakumeari ulertu eta erantzun egokia eman ahal izateko. Ezagutza juridikoak baliabide urriak dira patriarkatuak sustatzen duen indarkeriaren aurka egiteko, emakumea objektu duen indarkeri estrukturalari aurre egiteko. Formakuntza espezializatua ahalbidetzen du eragile juridikoek dituzten estereotipoak eta aurreiritziak desagerraraztea[2]. Egia da araudiak –1/2004 Lege Organikoak berak, besteak beste– aurreikusten duela agente juridikoek genero-indarkeriaren inguruko formakuntza espezializatua jaso behar dutela eta, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jakinarazi duenez, 2001. urtetik geroztik gai honetan jarduten dute kurtsoak emanez. Baina, formazio honen emaitzak jasotzen duen inolako txostenik ez dagoen arren, praktikak argi egiaztatzen du formakuntza hori ez dela nahikoa edo, gutxienez, egokia. Izan ere, pasa den irailaren 28an, diputatuen kongresuak onartutako Genero-indarkeriaren aurkako Estatuko Itunean aurreikusitako neurrien artean, formazio espezializatua zehazten da. Hauxe izango da, beraz, datozen urteetan indarkeri matxistaren aurkako borrokan justiziak aurre egin beharko dien erronketariko bat, beste asko batzuen artean…

 

[1] Osasun, gizarte zerbitzu eta berdintasunaren Ministerioaren datuak. Eskuragarri: http://www.violenciagenero.msssi.gob.es

[2] Ikus. 1/2004ko Lege Organikoari buruzko 2016ko Gida Praktiko berria. Eskuragarri: http://www.poderjudicial.es/cgpj