euskaraespañol

Gaurko irudia

Gorka Martín Etxebarria

Gerra karlisten arkeologiak kontatzen diguna

Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko doktoratu aurreko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/20

Irudia
Archivo Histórico Foral de Bizkaia. Fotografía. Álbum de Charles Monney. AL0011-0021.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gerra Zibila deitzen duguna gertatu baino 64 urte lehenago, anaien arteko beste borroka bat izan zen, gaur egun ia ahaztua: bigarren gerra karlista.

Espainiako historiako funtsezko pasarte bat da, baina ahaztua eta mitifikatua. Horrek errealitate historikoarekin bat ez datorren irudi desitxuratu bat sortu du.

Duela gutxi, arkeologiak hainbat alderdi argitu ditu. Nortzuk borrokatu ziren? Nola bizi ziren frontean? Nola eragin zion biztanleria zibilari? Zer aldaketa eragin zituen garai hartan? Zer geratzen da gaur egun horretatik guztitik?

Karlismoa vs. liberalismoa, bi eredu antagoniko

Lehenik eta behin, borrokalariak definitu eta karakterizatu behar ditugu.

Alde batetik, “liberalak” izeneko talde oso heterogeneo bat dugu. 1789ko Frantziako Iraultzatik sortu zen eta botere banaketa, estatuaren zentralitate administratibo eta legegilea eta herritar guztien berdintasuna ezarri nahi zituen.

Beste aldetik, Antzinako Erregimenaren defendatzaileak zeuden. Horiek ere talde heterogeneo bat osatzen zuten eta horren barruan karlistak izan ziren garrantzitsuenak. 1833an Karlos Maria Isidro Borboikoaren –Fernando VII.aren anaia– oinordetza eskubideak babestu eta Isabel II.a izango zenaren eskubideak ukatu zituztelako jarri zitzaien izen hori. Izena errotu egin zen eta gaur egun berdin deitzen zaie. Haien programa politikoaren oinarriak honako hauek ziren: erregearen botere absolutua defendatzea, eliza katolikoa bizitza sozialaren ardatza izatea eta antzinako ordenamendu juridikoa. Azken horren arabera, Espainiako Estatuko zenbait lurraldek legedi espezifikoak zituzten: foruak.

Karlisten eta liberalen arteko tentsioak XIX. mende osoan iraun zuen. Batzuetan, modu baketsuan bideratu zen, baina, gehienetan, indarkeria ekarri zuen. Karlismoak altxamenduaren aldeko alderdi militarista bat izan zuen hasieratik eta ez zuen inoiz baztertu.

XIX. mendean, hiru gerra zibil sortu zituzten (lehen gerra karlista 1833-1840an, Matinerren gerra 1846-1849an eta bigarren gerra karlista 1872-1876an), baita porrot egin zuten hainbat altxamendu ere. Halaber, agertoki nagusiak hiru izan ziren: iparraldea (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa), erdialdea (Behe Aragoi eta Castelló iparraldea) eta Katalunia.

Gatazka karlistaren arkeologia: zergatik eta zertarako?

Operazio militarrek ondare arkeologiko aberatsa eta askotarikoa sortu zuen. Gudu zelaiak, gotorlekuak, dorreak, lubakiak, bateriak… Elementu horiek guztiak gertakari historiko garrantzitsu horien isla dira. Hala ere, oraintsu arte arkeologiak ez du horien azterketa sistematikorik egin. Hain zuzen ere, aztarnategi horietako asko etengabe hondartzen ari dira, ahanzturaren eraginez.

Egoera horren aurrean, 2016an, UPV/EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko kideok (GPAC) gerra karlisten ondarea eta arkeologia ardatz dituen ikerketa programa bat abiatu genuen. Helburuak hiru ziren:

  1. Narriadura gelditu eta elementu horien balioa azpimarratzea.
  2. Iturri arkeologikoak eta dokumentalak kontrajartzea.
  3. Gizarteari ezagutza hori helaraztea, gatazkari buruzko gure memoria birpentsatzeko.

Zer esaten digute gauzek?

Lan horri ekin genionean, dagoeneko aztertu gabeko testuinguru arkeologiko garrantzitsu bat zegoela ikusteak harritu gintuen gehien.

Orube batzuetan egindako indusketa prebentiboek garai hartako materialak azaleratuak zituzten. Halaber, komentu, monasterio eta eliza batzuetan gerraren aztarnak berreskuratuta zituzten. Azkenik, zenbait gotorleku ere induskatuta zeuden. Informazio horrek guztiak, ezezaguna izateaz gain, ordura arte gutxi landu ziren alderdi batzuei buruzko datuak ematen zituen.

Lehenik eta behin, Portugaleteko (Bizkaia) eta Guardiako (Araba) setioek bi herrien hirigintza aldatu zutela egiaztatu genuen. Indusketa batzuen bidez dokumentatu zenez, bonbardaketaren ondorioz herri haietako eraikinak erori egin ziren eta berreraikitzean eraikinak handitu eta barne antolaketa aldatu zituzten. Etxebizitza berriak handitu egin ziren, lehen publikoak ziren espazio batzuk okupatuz (harresia eta atzealdea), baita bizilagunen lurzatiak ere. Fatxada batzuetan oraindik setioetako inpaktu markak zeudela dokumentatzea izan zen beste alderdi interesgarrietako bat.

Bigarrenik, gotorlekuetan egindako indusketek haien soldadu taldeen bizitzari buruzko datu interesgarriak azaleratu zituzten. Soldaduak ondo elikatuta zeuden eta arrantxoa destakamenduan bertan prestatzen eta jaten zen. Hezur arrastoek erakusten dutenez, haragi fresko asko jaten zuten, eta, horrekin batera, latetan sartutako elikagaiak. Alkohola nonahi zegoen. Aztarnategietan ardo botilak –soldaduentzat, segur aski– eta likore botilak –ofizialentzat– aurkitzea ohikoa izan da.

Hirugarrenik, arkeologiak adierazten digunez, mundua aldaketa sakon batean murgilduta zegoen, baina antzinakoa atzean utzi gabe. Lehen eta azken karlistaldiak alderatuta oso garbi ikusten da hori.

Armagintzaren teknologiak jauzi kualitatiboa egin zuen, atzekarga, metalezko kartutxoak, jaurtigai zorrotzak eta kanoi marratuak ezarri zirenean.

Telegrafian eta trengintzan egindako aurrerapenek distantziak murriztu zituzten eta tropak urrutiko lurraldeen artean azkar mugitzea ahalbidetu zuten. Armadak gero eta gehiago estandarizatu ziren, Industria Iraultzaren berrikuntzek bultzatuta.

Hala ere, oraindik tokian toki egindako zeramikazko ontziak, antzinako mendi bideak (soldadu karlistak mugitzeko) eta ia gremioenen moduko tailerretan manufakturatutako fusilak erabiltzen ziren.

Ondare hezkuntza helburu

Gaur egun karlistadekin dagoen arazo handienetako bat da gizarteak gerra horien irudi desitxuratua duela. Normalean, gerra erromantikotzat jotzen dira, epikaz eta heroismoz betetako gerratzat. Baina gatazka zibilak izan ziren eta drama handiak eragin zituzten: fusilamenduak, hondamendia, hildakoak, elbarriak…

Horregatik, gure lanaren helburuetako bat zen arkeologiaren bidez errealitate historiko zehatzago bat erakustea, gerra karlistei buruz dugun oroimena hausnartu eta birpentsatu genezan. Gure indusketen eta sare sozialen bitartez, mezu hori gero eta jende gehiagorengana helarazten ari gara.

George Orwellen 1984 laneko pertsonaietako batek kristalezko papergaineko bat aurkitzean zioen bezala:

“Ez dut uste inoiz ezer zehatzetarako balio izan duenik. Objektu honetatik ezaugarri horixe gustatzen zait, hain zuzen ere. Aldatzea ahaztu den historiako zati bat da; irakurtzen jakingo bagenu gauza asko esango lizkigukeen duela mende bateko mezu bat”.

Guk induskatzen jarraituko dugu, duela mende bat baino gehiagoko mezuak irakurtzen jarraituko dugu.