Annick Laruelle

Gerrymandering: politikariek beren boto emaileak aukeratzen dituztenean

Analisi Ekonomikoaren Oinarriak I irakasgaiko Ikerbasque irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/15

Annick Laruelle
Annick Laruelle. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Estatu askotan, geografikoa eta berdintasunezkoa izan behar du kongresuko ordezkaritzak. Helburu geografikoa lortzeko, hauteskunde barrutietan zatitu behar da herrialdea. Tradizionalki, bi modu daude berdintasunaren helburua lortzeko. Sistema proportzionaletan, barruti bakoitzak ordezkari kopuru bat du, biztanleriaren araberakoa. Gehiengoko sistemetan, barrutiek antzeko populazioak dituzte, eta bakoitzak ordezkari bakarra du.

Hamar urtean behin, AEBetako biztanleriaren errolda egiten da. Azkena 2020an egin zen. Hain zuzen, horrek zehaztuko du estatu bakoitzak Ordezkarien Ganberan 2030era arte izango duen eserleku kopurua. Lehen kalkuluen arabera, aldaketak egon daitezke hamazazpi estaturen eserleku kopuruan, eta horrek estatuen arteko botere banaketa aldatuko du.

Era berean, erroldako datuek estatu bateko hauteskunde barruti guztiek antzeko populazioak izatea bermatzeko ere balio dute. 2021ean barrutien mugak aldatu egingo dira helburu hori betetze aldera. Diseinua ez da neutrala, hauteskundeetako emaitza erabaki dezake. Nolanahi ere, muga horiek zehaztea botere legegilearen esku dago oro har.

Gerrymandering’ delakoak populazioaren zati bati edo alderdi bati laguntzeko marrazten ditu mugak. Izenak 1812an du jatorria; izan ere, urte hartan, E. Gerry gobernadoreak diseinatu zuen barruti bati arrabio (‘salamander’) baten karikatura egin zitzaion.

‘Gerrymandering’ kontzeptuaren bi leloak «dispertsioa eta kontzentrazioa» (CRACK and PACK) dira. Teknika horren funtsa da oposizioaren botoak sakabanatzea, hura ahalik eta barruti gehienetan gutxiengoan uzteko. Beste teknika bat da oposizioaren botoak barruti gutxi batzuetan biltzea, non oposizioak gehiengo zabal batekin irabazten duen. Teknika horiek oso zaharrak dira, baina metodo informatikoak gero eta sofistikatuagoak dira, eta hautesleei buruzko informazioa, gero eta zabalagoa.

2010. urtean, batzorde errepublikano batek REDMAP proiektua sortu zuen, 2010eko erroldaren ondoren barrutiak berriro marrazten laguntzeko. Thomas Hofellerrek, proiektuaren estrategetako batek, hitzaldi batean adierazi zuen prozesu hori alderantzizko hautu bat zela, alegia, politikariei boto emaileak aukeratzeko aukera ematen ziela.

Proiektuaren eraginkortasuna Ipar Carolina estatuan ikus daiteke.

2010eko erroldaren ondoren marraztutako hamahiru barrutiak ez dira oso trinkoak, bereziki lehena, laugarrena eta hamabigarrena. Hiru barruti horietan demokratek irabazi zituzten 2012ko eta 2014ko hauteskundeak, botoen % 70 baino gehiago eskuratuta. Errepublikanoek irabazi zituzten hauteskundeak gainerako barruti guztietan (batean izan ezik, 2012an), baina tarte txikiekin.

Estatu osoa kontuan hartuta, Alderdi Demokratak eserlekuen % 31 baino gutxiago lortu zituen 2012an (hamahirutik lau), nahiz eta botoen ia % 51 jaso. 2014an, botoen % 44 lortu zituen, eta eserlekuen % 23 (hamahirutik hiru). 2016an, AEBetako Auzitegi Goren Federalak Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen mapa, arrazarekin lotutako ‘gerrymandering’ kasua zelakoan. Botere legegileak aldatu egin behar izan zuen.

2016an eta 2018an, Alderdi Demokratak eserlekuen % 23 eskuratu zituen berriro ere, nahiz eta bi hauteskundeetan botoen % 46 baino gehiago lortu. 2019an, estatu auzitegi batek hauteskunde mapa aldatuaren izaera alderdikoia aitortu zuen. Beste behin ere, botere legegileak hamahiru barrutiak birmarraztu behar izan zituen.

2020an, txikitu egin zen botoen ehunekoen eta eserlekuen ehunekoen arteko aldea: demokratek botoen ia % 50 eta eserlekuen % 38 lortu zituzten (hamahirutik bost). 2020an egindako erroldak mapa aldatuko du berriro, eta, printzipioz, barruti bat gehituko da.

Errepublikanoak ez dira ‘gerrymandering’ teknika praktikatzen duten bakarrak. 2019an, Maryland estatuko hauteskunde mapa (demokratek marraztua) Konstituzioaren kontrakotzat aitor zezatela lortzen saiatu ziren. Orain arte, auzitegi federalek uko egin diote ‘gerrymandering’ alderdikoia arbuiatzeari.

Ez da beti lan erraza ‘gerrymandering’ kasu bat dela frogatzea. Ez da nahikoa botoen ehunekoa eserlekuen ehunekoarekin bat ez datorrela erakustea. Zenbaitetan, geografia da boto eta eserlekuen arteko aldeak sortzen dituena.

Orain gutxi argitaratutako artikulu batean, Duke Unibertsitateko ikertzaile batzuek Ipar Carolinako hauteskunde mapak aztertu zituzten. Orotara, 66.000 mapa alternatibo baino gehiago marraztu zituzten. Mapa horiekin lortu zitezkeen eserlekuen banaketak kalkulatu zituzten. 2012ko eta 2014ko hauteskundeetan lortutako eserlekuen banaketak % 1etik beherako maiztasunarekin gertatzen dira mapa alternatiboekin, hau da, ez dira oso probableak.

Horrez gain, erakutsi zuten barruti demokratetan aldaketa txiki batzuk eginez gero, nabarmen aldatuko ziratekeela emaitzak. Ondorioztatu zuten ‘gerrymandering’ kasu bat zela. Hala ere, onartu zuten estatuaren geografia mesedegarriagoa dela errepublikanoentzat demokratentzat baino.

Ordezkaritza geografikoaren eta berdintasunezko ordezkaritzaren helburuak nekez dira bateragarriak. Agian, orain da unea birplanteatzeko ordezkaritza geografikoak duen garrantzia boto emaile guztiak berdintasunez tratatzeko helburuarekin alderatuta.

The Conversation