euskaraespañol

Maria Puy Portillo, Jenifer Trepiana, Alfredo Fernández-Quintela, Iker Gómez García

Gidaliburu laburra zahartzean elikadura osasungarria izateko

Farmazia eta Elikagaien Zientziak Departamentuko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/30

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

“Gazteek jakin behar dute egun batean zaharrak izango direla”, esan zuen Gregorio Marañónek. Zahartzea bizitzaren parte da eta denok jasango dugu. Bizitzaren etapa horretan osasunak garrantzi handia hartuko du eta interesen eta kezken erdigunean jartzen hasiko gara.

Bizimodu aktiboa eta elikadura osasungarria eta orekatua izateak bizi-kalitatea handitzen du zahartu bitartean. Dena den, adineko gehienek ez dute kalitatezko elikadura izaten. Hala, hirutik batek dietan nutrizio-gabeziak izaten ditu, eta, ondorioz, zahartzaroan ohikoa den masa muskular eta hezurren dentsitate gutxiagotze sakonagoa izaten dute, baita funtzio immune ez hain eraginkorra ere.

Baina zeren ondorio da malnutrizio egoera hori?

Alde batetik, urteekin, prozesu zelularren narriadura oso agerikoa da. Hala ere, pertsona guztiek ez dute zahartzeko prozesua intentsitate berarekin jasaten, banakoen bizi-ohiturak askotarikoak baitira. Era berean, zahartzean askotariko patologia kronikoak agertu ohi dira, eta zaila izaten da bereiztea zein eragiten dituen zahartzeak eta zein gaixotasunek.

Bestalde, faktore fisiko eta fisiologiko askok eragina izan dezakete adinekoaren egoera nutrizionalean eta gaixotasunen garapenean.

Jatearekin zerikusia duten zentzumenen narriadura (dastamena, ikusmena eta usaimena) horren adibideetako bat izan daiteke. Horrek aldaketak ekar ditzake elikadura ohituretan, gerta daitekeelako hain ikusgarriak eta desiragarriak ez izatea.

Arazoak murtxikatzeko, digestioa egiteko eta... erosteko

Gainera, adinekoen artean oso ohikoak dira murtxikatzeko eta digeritzeko prozesuetako alterazioak. Horregatik, zenbait elikagaietako mantenugaiak ez dira egoki xurgatzen eta, beraz, aprobetxatzen. Gainera, mantenugaien erabilera egokia galarazten dute sistema kardiobaskularreko aldaketek eta gibelaren eta giltzurrunen narriadurak.

Aldaketa horiek eragina daukate behar nutrizionaletan. Hala, behar energetikoak gutxitzen dira eta D bitaminarenak eta kaltzioarenak gehitu.

Aldaketa horiek guztiak aurretiko patologiarik gabeko adinekoei dagozkie. Hala ere, adinekoen artean zenbait gaixotasunen prebalentzia handia denez, askok elikagai edo ongailu jakinak atera behar izaten dituzte beren dietatik.

Bestalde, adineko askok egunero sendagai bat baino gehiago hartzen dute. Horregatik, zenbait mantenugaien erabilerari negatiboki eragiten dioten interakzioak askoz ere ohikoagoak dira.

Zaharren bizitza ez da soilik fisiologikoki aldatzen. Oro har, adinekoek orekako asalduak, mugimendu mugak eta minusbaliotasunak ere izaten dituzte. Horrek askotan erosketa egitea eta kozinatzea galarazten die.

Azkenik, egoera psikologikoa aintzat hartu beharreko faktorea da adinekoen elikadurari dagokionez. Izan ere, dieta monotonoak izaten dituzte, mantenugai ugaririk gabeak, apetituan eragina dutelako autonomia galerak, bakardadeak eta gogo aldartearen okertzeak.

Hobeto jateko gomendioak

Adineko askok zailtasunak dituzte elikagaiak digeritzeko. Zein dira irtenbiderik gomendagarrienak?

Ahoko eta hortzetako arazoek, hala nola listu jario txikiagoak eta hortzen galerak, murtxikatzea zailtzen dute. Ondorioz, murtxikatzeko errazak diren elikagaiak hautatu behar dira, adibidez, esnekiak, eta beste batzuk baztertu, haragia eta zenbait barazki eta fruta, esaterako. Aitzitik, horrek eragin negatiboa izan dezake dietaren mantenugaiei dagokienez.

Hau da, jaten denak bezainbeste axola du jaten ez denak.

Adinekoei jaten lagun diezaieketen beste estrategia batzuk honako hauek dira:

  1. Irristatzen ez duten mahai tresna egokituak erabiltzea eta platerarekiko distantzia txikitzea, elikagaiak ahoratu aurretik erori ez daitezen.
  2. Errazago murtxikatzeko, janari kantitate txikiak ahoratu behar dira, eta irentsi, berriz ezer ahoratu aurretik. Barazkiak pure moduan prestatzea; fruta erreta, egosita edo konpotan; eta haragia xehatuta (etxean prestatutako bolak edo hanburgesak).
  3. Eztula eta kontrako eztarrira joatea saihesteko, gomendatzen da elikagaien loditasuna moldatzea, testura nahasketak saihestea, burua aurrerantz eramatea irenstean eta janariari mihiarekin bultzatzea. Askotan gertatzen bada janaria kontrako eztarrira joatea, likidoak loditu daitezke hauts lodigarriekin.

Horrenbestez, posible al da zahartzaroan elikadura osasungarri izatea?

Erantzuna baiezkoa da, argi eta garbi. Egoki jatea osasunerako onuragarria izateaz gain, plazera izan behar da.

Hori dela eta, hasteko erosketa ongi eginbehar da, mantenugai gehien dituzten elikagai osasungarrien aukera zabal batekin. Dieta mediterraneoa dieta orekatu eta askotariko baten adibide bat da. Izan ere, frogatuta dago zuzeneko lotura duela  nutrizio jatorriko gaixotasun kronikoak izateko arrisku txikiagoarekin.

Jan dezagun ondo eta zaindu dezagun gure burua. Hirugarren adinean egotea ez da aitzakia bat beste urte askoan behar bezala bizitzea ahalbidetuko digun makina zaintzeari uzteko. Zahartu gaitezen ondo!