euskaraespañol

Gidor Bilbaok Oihenarten 'Kobla berriak' aurkitu eta aztertu ditu

Idazlearen argitaratzeko jokamoldeari, metrikei eta orduko herri-tradizioari buruz informazio oparoa eskaintzen dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/11

Gidor Bilbao UPV/EHUko Letren Fakultatean | Argazkia: Zaldi Ero

<p>UPV/EHUko <a href="https://www.ehu.eus/eu/web/estudiosclasicos/home">Ikasketa Klasikoen Saileko</a> irakasle eta <a href="https://www.ehu.eus/eu/web/mlv/home">Monumenta Linguae Vasconum</a> taldeko ikertzaile <a href="https://www.ehu.eus/eu/web/graduak/filologiako-gradua/irakasleak?p_redirect=fichaPDI&p_idp=5577">Gidor Bilbao</a>k Arnaut Oihenarten (1592-1668) poema berriak aurkitu eta aztertu ditu: '<a href="https://ojs.ehu.eus/index.php/ASJU/article/view/24095">Kobla berriak</a>'. Informazio oparoa eskuratu du haietan, Oihenarten argitaratzeko jokamoldeari, erabiltzen zituen metrikei eta orduko herri-tradizioari buruz. Gaur egun erabil daitezkeen baliabideei esker, Bilbao ziur dago agertuko direla oraindik ere garai haietako beste lan batzuk. Eta ohartarazi du lan handia dagoela egiteko oraindik.</p>

Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterrean antzinako testuak eta literatura zaharra aztertzen dira, eta Oihenart gutxi aipatzen zen orain arte. Euskal Ikasketetako ikasleek asko ezagutzen dute, baina batez ere bere atsotitz-bildumen ikuspegitik. Gidor Bilbaori, ordea, beti iruditu zaio erakargarri eta polita Oihenarten poesia. Hartara, pentsatu zuen Oihenart ere landu beharko zuketela eskoletan, eta horrelaxe gerturatu zen Oihenartengana.

 

Noiztik zabiltza Oihenarten arrastoaren atzetik?

80ko hamarkadan Oihenarten atzetik luzaroan ibilita geunden ikerketa-taldekoak, batez ere Joseba Lakarrarekin batera. Tematuta ibili ginen, Oihenarten eskuizkribu ezezagunak egon zitezkeelakoan, bibliotekaz biblioteka haien bila, alferrik. Ez genuen ezer aurkitu. Duela pare bat urte, ordea, Oihenarten eskuizkribuak ez baizik eta lan inprimatuak bilatzeari ekin nion. Hala, Frantziako biblioteka zaharren katalogo kolektiboa arakatzen ari nintzela, Grenoblekora heldu nintzen.

Bilbaok “perbertsio” txiki bat duela aitortzen du maiz. Aldian-aldian, lan zaharrak gordetzen dituzten biblioteken katalogoetan sartzen da begiratzera ea zerbait berririk badagoen; izan ere, bai biblioteketako edo artxiboetako katalogoak eta bai digitalizatutako argazkiak ere egunetik egunera ari dira aldatzen eta hobetzen. Bilaketak, gainera, izenen eta hitzen aldaera, grafia eta akats posibleen konbinazioak probatuz egiten ditu. Hala, 'O-ten gastaroa neurtitzetan' aurkitu zuelarik abiatu zen Grenobleko bibliotekara, jakina baitzen O-t hori Oihenart bera zela. Han, 'Cobla berriae' izeneko beste obra bat aurkitu zuen, eta Baionako bibliotekako alearekin alderatuta, lau orrialde gehiago zituela konturatu zen Bilbao.

Grenobleko aleko lehenengo orrialdearen irudia. Argazkia: Gidor Bilbao

Zer sentitu zenuen Oihenarten lanaren inguruan ikertzeko beste lau orri zenituela ikusitakoan?

Hasierako pozarekin batera, galderak sortu zitzaizkidan. Zer ziren poema horiek? Berehala ikusi nuen lehen orrialdeetakoa Oihenarten maitasun-poema klasikoetako bat zela, inoiz erabili gabeko poesien metrika dute. Nire ustez, euskarazko poesian askotariko neurriak erabili zitezkeela erakutsi nahi izan zuen. Baina azken orrialdeetako Jorraleen koplek ekarpen polita egiten zioten literaturari, gauza berriak erakutsi baitizkigu, eta, bestalde, ez baikenekien orain arte Oihenartek herri-tradizioari arreta jarri zionik. Beste galdera garrantzitsu bat ere sortu zitzaidan. Obraren izenburua lehen orrialdean agertzen da, eta azpian berehala hasten dira poemak. Liburuxka hau beste zerbaiten jarraipena zela zirudien, baina aldi berean lehen orrialdea da. Zergatik jokatzen zuen Oihenartek horrela?

 

Horrela, bada, Oihenartek inprentara eramandako beste lan batzuekin nola jokatu zuen aztertzen hasi zen. Bilbaok ikusi zuen, orduan, haren lan ia gehienak aparteko liburuxkaz osatutako bildumak zirela, eta susmoa dauka poemekin ere halako jokamoldea izan zuela; alegia, poema-bilduma bat egin zuela orain arte ezagutzen genuen 'Ot-en gaztaroa neurtitzetan' izenburukoa, eta gero beste bildumatxo bat, seguruenik horren jarraipena edo izan zitekeena, 'Kloba berriak' izenburukoa. Litekeena da Oihenartek buruan izatea noizbait horiek denak batera argitaratzea.

Gidor Bilbaok argi dauka digitalizatutako obren edukia hizkuntzaren ikuspegitik ikertzeaz gainera, oso garrantzitsua dela papereko obrak ere aztertzea, paperak ere informazio asko ematen baitu.

 

Zergatik diozu hain ziur bila segituz gero gauza gehiago bilatuko dituzuela?

80 edo 90eko hamarkadetan, ate-joka ibiltzen ginen biblioteketan ea frantsesez edo latinez idatzita ez zegoen XVII., XVIII. edota XIX. mendeko lanik ba ote zuten galdezka. Askotan, gainera, liburuzainek propietate pribatuaren kontzeptua oso garatua zeukatenez, lehenbizi, haien oniritzia jaso behar zenuen halako lanak erakusteko. Beraz, alderdi teknologikoaz gainera, asko aldatu da liburuzainek eta bibliotekek beren katalogoetan dituzten obrak erakusteko eta gizartearen esku jartzeko erakusten duten borondatea. Uste dut irakasleen lana dela erakustea gauza asko egin direla baina gauza asko daudela oraindik egiteko. Orain baditugu baliabideak, lehen ez genituenak. Baina duda gutxi daukat. Egunero ez ditugu aurkituko XVI. mendeko testu berriak edo XVII. mendekoak; baina XVIII. eta XIX. mendekoak agertuko dira. XIX. mendekoak ez ditugu ondo aztertu oraindik. Badago lana, bai.

 

Gidor Bilbaok poema berrietatik gustukoena duena, gaurko grafian.

Jorralen koblak II (O Po.Co VIII(II))

Jaukizarrea

Eihera txarrak tanka-tanka,1

gure horzarrak2 ozen zanka;3

ozenago dun hir(e) oheak

gau oroz deraman karranka.4 Perraka

Ihardespena

Eztuk hir(e) erharzun(a)5 ezabe,6

gau oroz, berze koeinta gabe,

eztuanean en(e) oheari

egoitera beha7 herabe. Xikito.

Berrizko hitza

Eztinat behatzez penarik,

zeren, behatu gabetarik,

hir(e) ohe-herots(a)8 enzuten dun

lekoa laurden bidetarik. Perraka.

Ihardespena

O, ertxozar9 buru-zoroa!
Karranka hur(a) en(e) ohekoa
ezin dukek –luharras10 niatzak!–,11
bana duk hir(e) amets erhoa. Xikito.

Urhentza.


1 tanka-tanka: ‘danga-danga’. Kolpe-hotsaren onomatopeiaren aldaera hau Harrietek bildua zuen hiztegian.

2 horzarrak: ‘zakurtzarrak’, jatorrizkoan hor-sarrac (txistukari frikariarekin, beheragoko ertxozar bezala). Testuetan hapaxa da (ikus Larramendiren hiztegian, eta gero Harrietenean, oratzar).

3 zanka: ‘zaunka’. OEHren corpusaren arabera, aldaera hau Harrieten hiztegian bakarrik zegoen orain arte.

4 karranka: kopla honek Oihenarten 371. atsotitza gogorarazten du: «Orga txarrago eta karranka handiago».

5 erharzuna: ‘eritasuna’. Forma hau Leizarragak ere erabilia zuen (eta gero Tartasek), baina hemen bakarrik aurkitzen dugu Oihenarten testuetan.

6 ezabe: ‘ezkutuko, isilpeko’. OEHren corpusaren arabera, Belapeyrek, Maisterrek ezaba forma erabili zuten, eta Alphonsa Rodriguezek ezabia. Harrietek ezabe eta ezabia bildu zituen hiztegian.

7 ene oheari egoitera beha: ‘ene ohea entzuten egoteko’. OHEko sarrera oso argigarria da (s.v. beha): «1. (L, BN, S, Sal, R; SP, Lecl, Dv). [...] (Con dat. o alat.). (Estar, etc.) atento (mirando o escuchando). "Beha nago, je regarde. Beha nagoka, je le regarde" SP. " Behagoitea, demeurer spectateur" Lecl. "Beha egon, rester" Dv. "Haurrari beha niz (BN-arb)" [...]. Tr. Propio de la tradición septentrional; no hay ejs. alto-navarros, ni meridionales en general, hasta el s. xx (Irigaray, Orixe) y aún entonces escasean. Aunque no es fácil determinar el sdo. exacto en todos los casos, parece que la tradición labortana y bajo-navarra emplea beha sobre todo en el sentido de "mirando, atento con los ojos"; la suletina (salvo algún ej. de Eguiateguy), en el de "escuchando, atento con el oído". Leiçarraga se sirve siempre del alativo, incluso con seres animados; salvo en él, se usa más frecuentemente el dat. en cualquier caso, estando el alativo restringido a inanimados».

8 ohe-herotsa: ‘ohearen zarata’. OEHren corpusean Belapeyreren 1696koa zen herots hitzaren lehenengo agerpena. Hortaz, Oihenarten hau bihurtzen da lehenengo agerpen.

9 ertxozar: ‘ergeltzar’, jatorrizkoan erxo-sar. OEHk ertzoren agerpenak biltzen ditu XIX. mendean, eta ertxo Foixen eta Larrasqueten hiztegietan. Bestalde, errhotzar dakar Haranederrek, eta erotzar Larramendik eta Mendiburuk. Oihenarten hau dugu, hortaz, lehenengo ertzo nahiz ertxoren agerpena, betiere -zar atzizkiarekin (frikaria, goragoko horzar bezala).

10 luharras: ‘lur-arras, lurrean’, jatorrizkoan luharras. Oihenarten sistemaren arabera, luharraz eman beharko genuke gaurko grafian, baina hain zuzen Oihenartek Pouvreaurentzat idatziriko oharretako batean, arras hitzaren txistukaria hobikari apikaria dela azpimarratzen du (gaur <s> idazten duguna), eta ez hobikari bizkarkaria (gaur <z> idazten duguna): «arras doit estre aussy escrict par ∫ et non par z» (Kerexeta 1991: 898). Izan ere, Pouvreauren hiztegian (A eskuizkribuan, BNFko Celtique et Basque bildumako ms. 7 eskuizkribuan), arras hitzari legokiokeen lerroan daude lerroartean sartuta, eta ez arraz sarrerari legokiokeen tokian, hala arraz nola lu-arraz, honela: «Arraz, radicitus / Lu-arraz, a platte terre» (22v orrialdean). Eta L- letran, dagokion lekuan, honela: «Luarraztea, se prosterner en terre (O) / Luarrazturic, estant prosterné» (A eskuizkribuko 157r orrialdean eta B eskuizkribuko 139r orrialdean). Azpimarratzekoa da, jakina, luarraztea sarreran «O. » laburdurak Oihenart salatzen duela. Aipagarri iruditzen zaigu, bestalde, OEHren datuen arabera, lüharrastü erabili dutela Maisterrek (1757) eta Uskara Libriak (c. 1837). Guztiarekin, erabaki dugu testuan luharras ‘lur-arras, lurrean’ ematea, <s> grafiarekin.

11 niatzak: ‘etzanik naiz’, alokutiboa, gizonezkoarekin. Neurtitzetako egon aditzaren niagon (O Po.Ot XI, 4, 4) eta niagozu (O Po.Ot I, 6, 4) alokutiboen antzera, hau ere forma alokutibo trinkoa da, kasu honetan etzan aditzarena.